“Irakurle bakoitzak beste interpretazio bat egitea nahiko nuke”

Jon Ander Urkiagak (Zornotza, 1987) Atea itxi aurretik olerki liburua argitaratu berri du. Nahi duenak Erroteta argitaletxearen bitartez eskura dezake, erroteta.com-era mezu bat bidalita. Gernika-Lumoko gaztetxean eta Zornotzako Urtza tabernan ere, besteak beste, badago salgai. Gainera, sarean ateaitxiaurretik.blogspot.com helbidetik har daiteke, doan.

Zer da atea itxi aurretik egin beharrekoa?

Egin beharreko guztia egin behar da atea itxi aurretik, atea itxi ostean zaila izaten delako egin gabekoak egitea. Izena Mikel Urdangarinen abesti batetik dator, Edari goxoa kantatik: “Egin dezagun azken tragoa atea itxi aurretik”, dio abestiak. Ideia polita iruditu zitzaidan liburuaren izenbururako. Hor atzean egon daitekeen ideia, gainera, bat etor liteke liburuko pasarte batzuekin, agian.

Oso gaztea zara eta dagoeneko liburu bat argitaratu duzu. Erraza da liburu bat argitaratzea, batez ere, gaztea izanik?

Dirua izanez gero, bai. Hau da, liburu guztiak norberak ordainduz gero, argitara dezakezu. Ona zein txarra izan sortutakoa, norberak ordaintzen baditu papera, inprenta, maketazioaren lana… argitara daiteke.

Eta zuk hala egin duzu.

Bai, liburua argitaratzeko gogoa neukan eta nik ordaindutako diru hori berreskuratu ahal izateko beste kopia atera nituen.

Eta berreskuratuko al duzu?

Bai, bai. Liburua hamar eurotan dago salgai. Lagunek, ikaskideek, lankideek eta bestek erosi dute. Ingurukoak ondo portatu dira; ez dakit liburuagatik beragatik edo konpromisoagatik erosi duten, baina ondo portatu dira.

Poesia liburua da zurea. Zein irakurle motarentzat idatzi dituzu olerkiak?

Esango nuke, irakurle mota jakin batentzat baino gehiago, gura izan dudalako edo beharra sentitu dudalako idatzi dudala. Irakurle jakinik ez dut izan buruan.

Gustatuko litzaidake nire liburuaren irakurle irakurri nahi duen edonor izatea. Lehenagotik poesiara gerturatutakoa izan edo ez, irakurri gura duen edonork irakurtzea nahiko nuke. Edonorentzat da.

Jaso duzu iritziren bat liburua irakurri dutenen aldetik?

Bai. Gehienak ingurukoak izanik, erraza izan da iritziak jasotzea, eta gustatu zaiela esan didate. Batek baino gehiagok esan dit ez duela ulertu, ulertzeko zaila egin zaiolako poesiaren bat edo beste, hitzen batzuk arraroak izan direla… Oro har, hala ere, gustatu zaiela esan didate.

Dena den, zure olerkiek interpretazio itxia daukate edo irakurleen interpretazioei zabalik daude?

Esango nuke nahikoa zabalik geratzen direla irakurleen interpretaziorako. Liburuak atal bi ditu. Bigarren atalean lan sozialagoak, politikoagoak eta linguistikoagoak landu ditut. Horietan, mugatuago egon daiteke interpretazio bat baino gehiago egitea. Hala ere, niri benetan gustatuko litzaidakeena da irakurle bakoitzak gauza bat ateratzea olerkietatik, beste interpretazio bat egitea.

Teknologia berrien aroan murgilduta dago mundua eta telebistak indar handia dauka; literatura gain behera doala esango zenuke?

Egia da denbora pasatzeko irakurtzeak baino esfortzu gutxiago eskatzen duten beste hainbat modu badaudela. Hala ere, liburuak argitaratzen dira eta, atereaz gero, norbaitek irakurtzen dituen seinale da. Ez da aberastuko zaituen merkatu bat, baina hor dago.

Eta gazteek irakurtzen al dute?

Seguruenik, futbolean gehiago jokatuko dute. Hala ere, badago irakurtzen duen jendea. Ez beste gauza batzuk egiten diren kopuru berdinean, baina egon badaudela esango nuke.

Denetariko gaiak landu dituzu olerkietan: sozialak, politikoak, kulturalak… Zerk kezkatzen du gehien Jon Ander Urkiaga?

Nire kezkak egunaren arabera batzuk edo besteak direla esango nuke. Zeure buruarekin nahikoa daukazun egun batzuk izaten dira; beste egun batzuetan, ordea, bestelako ardurak eta kezkak sortzen zaizkizu.

Esaterako, inkesta bat argitaratu dutela esanez euskararen jakintza goraka doala baina erabilera ez dela horrenbestekoa. Egun horretan, beharbada, horrek kezkatzen nau. Beste batean, baliteke beldur sentsazio bat nagusitzea niregan… Egunen edo boladen araberako kezkak izaten ditut.

Zure kezka horiek dira zure inspirazio iturri nagusi?

Bai, zelanbait, bai. Horretaz idazten dut gero. Izan daiteke alde batetik edo bestetik hartuta, beste zerbait irakurrita edo entzunda. Azken batean, irakurritako edo entzundako horrek kezkatzen nau edo pozten nau ni, kasuan kasu.

Noiztik daukazu idazteko zaletasun hori?

Aspalditik. Ume-umea nintzela hasi nintzen idazten. Lehiaketa batzuetara aurkezten ere hasi nintzen. Durangon egiten den lehiaketa batean sari bat jaso nuen. Liburu honetan dauden olerki zaharrenak 2007 ingurukoak izango dira, baina, idatzi, aspalditik idazten dut; ez nuke jakingo urte zehatzik ematen.

Ba al daukazu beste proiekturik buruan?

Ez, egia esan, oraingoz ez. Nire ilusioa liburu bat ateratzea zen eta bete dut.

Sarean ere eskuragarri jarri duzu liburua.

Hala da, ateaitxiaurretik.blogspot.com-etik har daiteke.

Kultura doan zabaltzearen aldekoa zara?

Bai. Ez da erraz erantzuteko galdera bat, eta kontraesanak ere sor ditzake. Baina, printzipioz, bai. Nik sortu dudan hori irakurri gura izanik ordaindu nahi ez duen bati zergatik kendu lan hori irakurtzeko aukera? Kultura doan izan beharko litzatekeela uste dut; nire pentsaeragaz bat datorrelako jarri nuen sarean.

Idazle edo musikari baten lana doan jarrita profesional horrek egindako esfortzua aintzatesten al da?

Kontraesanak hor hasten dira. Gaur egun ez dakit liburu edo disko bat egiten duenak zenbat eskura dezakeen horietatik; kontzertu edo errezitaldi batetik, bai, baina liburu edo disko bat salduta?

Lan hori ez ordaintzeak, gainera, ez du esan nahi aintzatesten ez denik. Errekonozimendu ekonomiko bat ez da egongo lan bat saretik hartzen den unean. Hala ere, zergatik ez da errekonozimendu bat hartzaileak liburua edo diskoa gustatu zaiola aitortzea? Batak ez du bestea ken-tzen.

Gaztea izan arren, hainbat gauza egin dituzu dagoeneko: kazetaria zara, Euskal Filologia ikasten ari zara Gasteizen eta AEK-ko irakaslea zara. Geldi egon ezin daitezkeen pertsona horietako bat al zara?

Ez nuke esango horrelakorik. Hala ere, zerbait egin behar da; gora begira egoteak ez du balio. Kazetaritza bukatu nuenean argi neukan artean ez nuela nahi zortzi orduko lan batean hastea. Euskal Filologia ikasteko gogoa neukan, eta Gasteizera etorri nintzen.

Zornotzara joan-etorrian ibiltzeak ez ninduen konbentzitzen. Banekien hara joanez gero bertan lana bilatu behar nuela. Beraz, iraupen kontu bat da beste ezer baino gehiago. Gora begira egotea ez zait gustatzen, baina lasai egoteko arazorik ere ez dut izaten normalean.

Etorkizunean non ikusten duzu zeure burua?

Ideiarik ere ez. Ez dakit. Aterik ezeri ez diot ixten. Etorkizun hurbil batean, berton, Gasteizen jarraituko dut, ikasketak bukatu bitartean. Gero? Auskalo. Esan bezala, orain arteko ametsa liburua argitaratzea zen eta lortu dut; orain, beste amets bat noiz sortzen zaidan zain egon beharko dut.