Natalia Salazar Orbe
Emakundek Jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak sustatzeko gida aurkeztu zuen maiatzaren bukaeran, aurreikusita aurtengo uda, bi urteren ostean osasun murrizketarik gabekoa izanik, “berezia” izango dela. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gidaren aurkezpenean esan zuen lan horrek erasoak identifikatzeko eta prebenitzeko jarraibideak ematen dituela; baita eraso egin dieten andreak artatzeko edo eraso baten harira erantzun publikoa emateko aholkuak ere. Gida egin aurretik, mugimendu feminista hasia zen herriz herri emakumeen kontrako erasoak eragozteko eta gertatzen direnei erantzuteko protokoloak ontzen.
Zamudion aspaldi hasi ziren herriko hainbat emakumeren artean protokoloa sortzen. Zapata Gorriak talde feministako kide Amaia Rementeriak azaldu duenez, taldean “jaietan seguruago sentitzeko eta ezer gertatu aurretik erantzun bateratu bat edukitzeko” beharrizana sentitu zutelako hasi zuten lan hura, 2019an, sanmartinei begira. Brigada feminista eratzeko prozesua ere abiatu zuten orduan. Pandemiak harrapatu zituen, ordea, eta ospakizunak bertan behera geratu ziren. Aurten berreskuratu dute, eta, Emagin elkarteak lagunduta, martxan jarri dute joan den asteburuan ospatu zituzten jaietan eraso sexistak prebenitzeko.
Hiru lan ildo bereizi dituzte protokoloan: “Prebentzioa, esku hartzea —intentsitate apaleko eta handiko erasoak zehaztuta daude, eta jasota daukagu zer-nola erreakzionatu beharko genukeen erasorik gertatuz gero—, eta eginbeharrak, alegia, protokoloa sortzeko eta zabaltzeko orduan prozesuak zer-nolakoa izan behar duen”.
Prebentzio neurrien barruan, “autodefentsa feminista, ahalduntzea eta maskulinitate berriak aldarrikatzeko beharra” jaso dituzte, besteak beste. Bestelako alorrak ere jorratu dituzte: argi zuten jaien aurretik kanpaina bat landu behar zutela eta erasoen aurkako kanpaina jendaurrean zabaldu behar zutela. Puntu more bat eta brigada feminista ere ezinbestekotzat jo zituzten. Eta txosnagunean eraso sexisten aurkako mezuak zabaldu behar zirela erabaki zuten. “Komunak jartzeko lekua eta argiztapena oso garrantzitsuak zirela ikusi genuen”, gehitu du.
Taldea pozik azaldu da emaitzarekin. Jaietan ez da erasorik izan, baina, barikuan, esku hartu behar izan zuten txosnagunean. “Gizon bat oso mozkortuta zebilen, eta neska gazteak oso deseroso sentitu ziren. Brigada feministako kide batzuengana joan ziren egoeraren berri ematera, eta txosnagunean bertan konpondu zuten arazoa. Gizon haren lagunekin hitz egin, eta handik joatea lortu zuten. Dena oso modu onean egin zen: ez zen sortu liskarrik ez antzekorik”.
Rementeriak brigada feministaren garrantzia nabarmendu du: “Festetan dauden emakumeek brigada feministarengana jo eta hau edo beste gertatu zaiela esateak erakusten du barneratu dela brigadaren lana”. 16 urtetik gorako nesketatik hasi eta jubilatuta dauden andreak ere aritu dira brigadan. “53 emakume batu gara. Asko da, eta adin guztietako emakumeak batu gara, gainera”. Zapi morez identifikatuta atera ziren.
Neska gazteen artetik ere jaso dute esker ona. “Esan digute inoizko seguruen sentitu direla jaiotan, ikusi baitute babes handia zegoela”. Familiek ere eskertu dute. “Lehenengoz ateratzen diren 14-15 urteko nesken amek eta aita batzuek adierazi digute lasaitasun handia izan dutela. Etxean eman dieten mezua izan da edozer gertatuz gero zapi morea dutenengana joateko. Oso harro gaude horregatik”.
Leku arriskutsuak
Erasoen aurkako protokoloaren barruan, herriko leku arriskutsuak ere identifikatu dituzte. “Pila bat dira”, aitortu du Rementeriak, baina denek dituzte ezaugarri berdintsuak: “Argiztapen eskasa. Zuhaixka handiak dituzten eta ezkutatuta dauden guneak dira. Zamudioko herrigunea oso txikia da, baina ingurua oso handia da, eta poligonoz inguratuta dago. Herrigunetik atera orduko, dena dira puntu beltzak. Ez dago zer egiterik”, aitortu du.
Haien ustez, udalak gehiago inplikatu beharko zukeen lanketa guztia egiteko garaian. “Udalean agintea duen taldeak feministok etsaiak bagina bezala hartzen gaitu”, salatu du. Ohartarazi du Beasaingo (Gipuzkoa) jaietan joan den zapatuan gertatu zen sexu erasoa Zamudion ere gerta zitekeela.
Igorren ere, Zamudion egin duten bidea urratzen ari dira. Han ere aspaldi hasiak ziren era horretako protokolo bat lantzen, baina COVID-19ak bertan behera utzi zuen dena. Arratiako neska gazteen Orratzak taldeak aurten berreskuratu du, eta gaur abiaraziko dute, herriko jaietan.
Orratzak taldeko kide Leire Etxebarriak azaldu duenez, bost lagunez osatutako brigadak antolatu dituzte. “Eraso bat gertatuz gero zer-nola erantzun adostu dugu”, adierazi du.
Prebentziorako baliagarria
Sinetsita daude lanketa hori prebentziorako ere lagungarria izango dela: “Kartelak egin ditugu; horrez gain, eskuorriak banatuko ditugu, eta pankartak egingo ditugu. Sare sozialetan zabaldu dugu jada”, esan du. “Txosnagunean ere jakingo dute egun bakoitzean nor den brigadako arduraduna”.
Erasoren bat gertatuz gero eraso egin diotena une oro babestea da haien asmoa: “Leku seguru batera eraman, berba egin, lasaitu. Eta, gero, salaketa jarri gura badu, zer-nolako prozesua den azalduko diogu, zer baliabide dauden. Beragaz berba egingo dugu, eta haren nahia errespetatu. Dioenaren arabera kudeatuko dugu dena”.
Leioan ere lanean ari dira denentzako festa giro segurua lortzeko. San Joan jaietarako, eraso sexisten prebentzioa lantzeko eta erasoen harira biktimei eskaintzen zaien arreta hobetzeko neurriak garatzen ari da hango udala. Besteak beste, Eragile Morearen figura sortu dute. Haren helburua da herritarrak agente aktibo bihurtzea eta gerta daitekeen edozein eraso prebenitzen saia daitezen kontzientziatzea.
Kontzientziazio hori indartzeko asmoz, udalak trebakuntza saio bat antolatu zuen joan den eguaztenean. Tabernariei, lagun taldeei, talde feministei, jaietako elkarteei eta txosnetako kideei egin zieten bertaratzeko deia. Egitasmoaren berri ematea ez ezik, kolektibo guztiek sexu erasoen eta eraso matxisten kontrako erantzuna hobetzea ere bada haien helburua.