Roberto Hernandez: “Portugaletetar gisa, ohore bat da mendeurren hau bizitzea”

Roberto Hernandez: “Portugaletetar gisa, ohore bat da mendeurren hau bizitzea”

O. Enzunza Mallona

Arrantzaleen herrixka bat zen Portugalete, Maria Diaz Harokoa Bizkaiko X. andreak hiribildu gutuna eman aurretik. Portugalete sortu eta berehala galdu egin zen agiri hori, baina handik urte batzuetara, 1432an, Gaztelako Joan II.ak Maria Diaz Harokoak emandako hiri gutuna berretsi zuen. Bihar beteko dira zazpi mende Portugalete sortu zenetik, eta Roberto Hernandez (Portugalete, 1958) historialari eta Portugaleteko Udaleko artxibozainak hiribilduaren historia ezagutzeko hainbat gako eman ditu.

Bihar beteko dira zazpiehun urte Portugalete sortu zutenetik. Nolakoa izan zen sorrera?

Lehenago ere jendea bizi zen Portugaleten; itsas langileen herrixka bat zen. Kontua da Maria Diaz Harokoak hiriaren kokaleku estrategikoaren berri izan zuela, eta, hala, hiribildu bilakatzeko erabakia hartu zuen. Leku interesgarria zen haren ustez.

Nor izan zen Maria Diaz Harokoa?

Bizkaiko hamargarren andrea izan zen, baina aurreneko emakumea. Eta, horren ondorioz, behin baino gehiagotan utzi behar izan zuen Bizkaiko jaurerriaren agintea. Izan ere, familiako gizonen interesek lehentasuna zuten. Bizkaiko interesak defendatu zituen, eta, Portugaletez gainera, Lekeitio eta Ondarroa ere sortu zituen.

Mende horren amaieran, belaskotarren eta salazartarren arteko borrokak hasi ziren hirian. Zer gertatu zen?

Beste herri batzuetan bezala, Erdi Aroan, bandokideen arteko gerrak izan ziren hiribilduan ere. Borroka horiek Euskal Herria suntsitu zuten XIV. eta XV. mendeen artean, eta, Portugaleteri dagokionez, belaskotarrak eta salazartarrak aritu ziren lehian. Bizkaiko jauntxoek ahalik eta botere gehien lortu nahi zutelako sortu ziren guda horiek, eta horrek biztanleria osoarengan zuen eragina. Bi familiak urte luzez aritu ziren borrokan, eta, azkenean, Salazartarrak gailendu ziren.

Nola bukatu ziren guda horiek?

Bandokideen arteko gerrak bi mende inguru iraun zuen, eta Errege-Erregina Katolikoen iritsierarekin amaitu ziren. Isabel Katolikoak, kasurako, 1483an bakerako gonbita egin zien bi bandoei, eta, hala, giroa baretuz joan ziren pixkanaka.

Garai batean, Portugaleteko itsasadarrak ere indar handia izan zuen.

Hiribilduak betidanik izan du harreman historikoa itsasadarrarekin eta itsasoarekin. Urte luzez, Bilboren aurre portua zen, baina, XVI. mendetik aurrera, merkataritzaren eta arrantzaren monopolioa galdu zuen, eta Bilboko portua nagusitu zen. XX. menderako Portugalete industrializazioak erakarritako biztanleriaren jomuga bihurtu zen, eta milaka etxebizitza eraiki zituzten.

Urteurrenak belaunaldi berriek Portugaleteren historia ezagutzeko balioko duela uste duzu?

Zalantzarik gabe. Gaur egun, Bizkaiko beste hiri bat da Portugalete, baina, historian arakatuz gero, nabaria da berezitasun asko dituela. Esate baterako, Getxo eta Portugalete batzen dituen Bizkaiko Zubia edota hiriko alde zaharra. Herritarron nortasuna eraikitzeko, funtsezkoa da hiriaren historia ezagutzea, eta iruditzen zait mendeurren honek horretarako aukera emango duela. Portugaletetar gisa, ohore bat da mendeurren hau bizitzea.