Ibai Maruri Bilbao
Luzea da trenak Zallan eragindako istripuen zerrenda. Azkena duela bi aste gertatu zen: Anaia Maristen etorbideko trenbide pasagunea gurutzatzen ari zen adingabe bat harrapatu zuen trenak, eta hantxe hil zen. Herritarren artean haserrea sortu zuen berriro. Izan ere, egunero arriskuan daudela salatzen dute, herrian 38 trenbide pasagune dituzte eta. Egoera horri konponbidea ematen hasiko direla iragarri du Zallako Udalak: asteotan lankidetza protokolo bat sinatuko dute Ura Uraren Euskal Agentziarekin, Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendarako Ministerioarekin eta Adif trenbideak kudeatzeko Espainiako enpresa publikoarekin, trenbide sarea berrantolatzeko edota uholdeez babesteko, zortzi trenbide pasabide kenduko dituzte, Aranguren auzoan.
“Akordio honi esker, Zallan, Arangurengo herriguneko trenbide kilometro bat eta trenbide pasaguneak kentzeko behar diren obrak egin ahal izango dira, eta Uraren Agentziak Cadagua ibaiaren inguruan sortzen diren uholdeez babesteko obrak ere egin ahal izango ditu”, azaldu du Juanra Urkijo Zallako alkateak. Zortzi pasabide horietatik seik oinezkoei eta ibilgailuei eragiten diete, eta beste biek, soilik oinezkoei. Alkateak esan du gainontzekoak ere kentzeko lanean jarraituko dutela. Ez du zehaztu beste 30 pasabideak kentzeko zer egingo duten.
Edozelan ere, berri “bikaina” iruditu zaio. “Erakundeen arteko lankidetzari esker, gure herriko eskaera historiko bati irtenbidea eman ahal izango diogu. Arangurengo eta Zalla osoko bizilagunen bizi kalitatea nabarmen hobetuko dugu”, nabarmendu du.
Bilbotik Balmasedara doan Renferen aldiriko trenaren trenbidea kendu egingo dute Urgoiti ibaia gurutzatzen duen tokitik herriguneko gasolindegira artekoan, eta inguru horretan zabalera estuko Santander-Bilbo linearen trenbidetik igaroko lirateke trenak. Era berean, Arangurengo geralekua tokiz aldatu beharko dute. Gainera, Santander-Bilbo trenbidearen paraleloan errepide berri bat eraikiko dute, Maestra Consuelo Robredo kalearekin lotuko duena, trenbide pasabideak kendu ondoren ibilgailuen joan-etorria bideratzeko.
Uholdeez babesteko
Uraren Agentzia, aldi berean, Cadaguako uholdeez babesteko proiektuarekin dabil aspalditik. Akordio honi esker, Arangurenen egin beharreko lanak egin ahal izango ditu. Arangurengo tren geltoki parean dagoen meandrotik hasi eta Baular auzoko merkataritza gunera arte zenbait lan egingo dituzte, besteak beste, ibaia zeharkatzen duten bi trenbide zubietan. Adifek eta Uraren Agentziak iragarri dute beren proiektuak oso bideratuak dituztela, baina ez dute zehaztu noiz hasiko diren lanekin.