Eskolara joatea amesgaizto bihurtzen da haur eta gazte zenbaitentzat. Ikasteko garaian, ikaskideen bortizkeria jasotzen dute ume eta nerabe ugarik. Indarkeria horri buelta emateko asmoz, Gordexolako Alara izeneko enpresak egitasmo bat aurkeztu du, ikastetxeentzat egokia izan daitekeena.
Gazteen aisialdiaz arduratzen da. Enpresa horretako kide da Maite Ortega, proiektuaren bultzatzaileetako bat. Urteetako esperientziak erakutsi dio ikasleen arteko indarkeria egoerak “ohikoak” direla eskoletan. Are gehiago: gazteek dituzten hainbat jarrerak erabat kezkatzen dute. “Azaroaren 25ean [Emakumeen Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna], lanean nenbilela, konturatu nintzen hainbat gaztek normaltzat jotzen zutela aitak amari erasotzea eta haientzat ez zela harritzekoa bikotekidea hiltzea maitasun kontuak tarteko”, mintzatu da Ortega.
Horiek entzutean, pentsatu zuen eskolek zerbait egin behar zutela: “Etxean baino errazagoa da ikastetxeetan lan egitea; zenbait gurasok ez du borondaterik indarkeriari aurre egiteko”. Horregatik, buru-belarri hasi zen lanean bortizkeriari aurre egiteko proiektu batean, beste lau lankiderekin. “Gure asmoa da indarkeria kasuak umorearekin azaleratzea; gazteek sentipena dute jolasten ari direla, eta giro horretan errazago kontatzen dituzte gelako arazoak. Horrela, guretzat erosoagoa izaten da lan egitea indarkeria sortu, onartu eta pairatzen duenarekin”, esan du Ortegak.
Ikasleekin harremana izaten duen aurreneko lankidea Elsa Pamparacuatro aktorea da. Indarkeria tartean dagoen hainbat egoera antzezten dizkie Pamparacuatrok. Gero, Iratxe Alkiza psikologoak galderak egiten dizkie antzezpenei buruz. Horren ondoren, Carmen Hernandez eta Jose Luis Arranz biltzen dira gazteekin. Hernandezek bullying egoerak sortu eta pairatzen dituztenekin lan egiten du. Arranzek, berriz, bi lan izaten ditu. Defentsa pertsonalari buruzko gomendioak ematen dizkie ikasle guztiei. Horrez gain, neskei aholkuak ematen dizkie sexu erasoak eragozteko eta horiei aurre egiteko.
Alarako lankideek DBHko gazteekin lan egiten dute gehienbat; izan ere, adin horretan antzeman daitezke bortizkeria kasurik nabarmenenak. Hala ere, gazteagoekin ere ibiltzen dira. “Gure egitasmoa 13 urtetik 16 urte arteko nerabeentzat egina dago, baina biltzen gara Lehen Hezkuntzako azken urtean daudenekin ere, berebiziko garrantzia duelako egoerari aurre hartzeak”. Oraingoz, Alara enpresako langileek Gordexolako Eduardo Eskartzaga herri ikastetxean izan dute lehenengo saioa. Martxoaren 23an, LHko 6. mailako ikasleek parte hartu zuten. Ortega pozik dago emaitzarekin. “Umeek parte hartu dutenez, arazo txiki batzuk azaleratu dira”. Krisi ekonomikoa oztopo bada ere, lortutako emaitzak indarra eman die lanean segitzeko: “Zaila izango da ikasturteko azken hiruhilekoan proiektua hedatzea; kurtsoa bukatzear dago, eta murrizketek ez dute laguntzen”.
Askotariko indarkeria
Ortegak adierazi du mota askotako bortizkeria ikusten dela ikastetxeetan. Hala ere, gaineratu du urriak izaten direla indarkeria fisiko kasuak. Haren iritziz, neskek eta mutilek ez dute era berean erasotzen. “Mutilek indarra erakusteko joera dute; indarkeria fisikoa erabiltzekoa, alegia. Neskek, berriz, modu sotilagoan egiten dute, irainen bidez”. Erantsi du eraso guztiak direla larriak eta eragotzi beharrekoak. Horretarako, borondatea behar da esparru ugaritan lan egiteko: “Eskolan eta, batez ere, etxean”.