Kaiolan harrapatutakoak: doinu persiarrak, elektroniko lasaia…

Kaiolan harrapatutakoak: doinu persiarrak, elektroniko lasaia…

A. Igartua Aristondo

Esperimentazioa mila modutara egin daiteke, eta Galdakaoko Kaiola musika jaialdiak bide horietako zenbait eskainiko ditu gaur eta bihar. Aurtengo musikarien ezaugarriak xehatu ditu Aritza Landaluze antolatzaileak, eta bitxikeria bat nabarmendu: artistetatik zazpik beren diskoetxe propioa dute. Musika tresnak izango dira nagusi, baina ahotsa ere entzungo da; Jessika Kenneyk persiarrez abestuko du, adibidez.

OREN AMBARCHI ETA CRYS COLE

Oren Ambarchi Australiako perkusio jotzaile eta musikari esperimentala da, eta Crys Cole Kanadako soinu artista bat da. “Musika elektroniko oso lasaia egiten dute, batere zaratatsua ez dena, xehetasun askokoa, eta oso zaindua”, esan du Landaluzek. Giro intimo eta hunkigarria sortzen dute.

LEILA BORDREUIL, CHRIS CORSANO ETA LUKE STEWART

Frantziakoa da Leila Bordreuil txelo jotzailea, eta AEBetakoak Chris Corsano perkusio jotzailea eta Luke Stewart baxu eta kontrabaxu jotzailea. Lehen aldiz ariko dira batera. “Corsano da dagoen bateriarik onena. Bjorken Volta diskoan jo zuen, eta albumaren bira osoan parte hartu zuen”.

MARCIA BASSETT ETA SAMARA LUBELSKI

Marcia Bassett eta Samara Lubelski estatubatuarrek 1990eko hamarkadaz geroztik jotzen dute batera. “Bassettek gitarra soinean bermatuta jotzen du, eta efektu eta pedal pila bat erabiltzen ditu soinu testurak bilatzeko”. Lubelskik biolina jotzen du.

MAZEN KERBAJ

Libanoko komikiegilea, artista bisuala eta musikaria da Mazen Kerbaj. “Tronpeta jotzailea da, baina ezohikoa. Sonoritate sinestezinak bilatzen ditu”.

WILLIAM PARKER ETA HAMID DRAKE

AEBetakoak dira William Parker eta Hamid Drake. “Jazz munduko prentsaren arabera, jazzaren munduan eragin handiena izan duen kontrabaxu jotzailea da Parker; John Coltranen eta Miles Davisen maila berean jartzen dute”. Drakek bateria jotzen du.

FRANÇOIS J. BONNETT ETA STEPHEN O’MALLEY

François Bonnett frantziarra soinu teknikaria da. “Oso zehatza da; laborategi lana egiten du”. Berreskuratzen ari da 1950eko eta 1960ko urteetan musika analogikoa egin zuten emakumeen grabaketak, binilo formatuan argitaratzeko. Kontzertuetan, monjeak bezala doaz jantzita Stephen O’Malley estatubatuarra eta biak, eta dezibel altuetan jotzen dute, baina Kaiolara oso proiektu lasai batekin etorriko dira.

DENNIS TYFUS

Diziplina askotako artista da Dennis Tyfus belgikarra. Kaiolan, Chris Corsanorekin batera joko du, Ghedalia Tazartes musikaria omentzeko. “Zinta magnetikoak eta kaseteak erabiliko ditu, bere ahotsarekin manipulatuta”.

EYVIND KANG ETA JESSIKA KENNEY

AEBetakoak dira Eyvind Kang eta Jessika Kenney. Haien konposizioek ispilu baten gisa funtzionatzen dute. Kenneyk Persiako eta Indonesiako ahots melodiak interpretatzen ditu, eta Kangek biola jotzen du.