N. S. O.
Andoni Esparza Gallastegi (Elorrio, 1932-Iruñea, 2021) gazte-gazte zela hasi zen herrigintza lanetan. Besteak beste, tonbola bat antolatu zuen, lagun batzuekin batera, herrian liburutegi bat eta gazteak elkartzeko lekua atontzeko dirua batzeko. Mendigoizale taldea ere sortu zuten, baita txistu eskolak ere. Mugimendu hura guztia alde batera utzi behar izan zuen soldaduska egiteko garaia iritsi zitzaionean. Afrikara bidali zuten soldadu, Rifera. 1954a zen.
Afrikatik etorri eta berehala sortu zuen Funcor kooperatiba, Elorrion. 23 urte zituen. Esparzak esana da langileak garai hartan esklaboen gisara aritzen zirela lanean, 11-12 orduz. Beste eredu bat bilatu behar zuela sinetsita egin zuen kooperatiben aldeko hautua.
Enpresarien familia batean hazi zen, eta bizitza osoan hainbat proiektu sustatzen aritu zen, betiere kooperatibismoaren balioak ardatz hartuta. Sustatu zituen enpresa egitasmo nagusiak Funcor eta Euskaldunak (Martzilla, Nafarroa) kooperatibak izan ziren. Esparzaren asmoa zen kooperatibismo herrikoia egitea. Uste zuen herriak izan behar zuela ardatza. Eta, teknologian eta ekonomian eragiteaz gain, indarrak kulturak eta hezkuntzan ere jarri behar zirela iritzi zion. Ikastetxe bat ere egin zuen.
Andoni Esparzaren proiektuak 1970era arte iraun zuen. Durangoko epaitegian kereila kriminal bat aurkeztu zuten haren kontra, dirua bidegabe erabiltzea leporatuta. Epaileak ez zuen onartu. Beste kereila bat jarri zuten, eta beste epaile batek behin-behineko espetxeratzea agindu zuen. 1979an egin zuten epaiketa, eta akusatu guztiak absolbitu egin zituzten.