Sarea josten dihardute

Sarea josten dihardute

M. Ortega Zubiate

“Sarea Festen hiru lan ildo ditugu: kultura eta zuzeneko musika, genero berdintasuna eta euskara”, azaldu du Goio Ramos Ugaoko festibaleko antolakuntzako kideak. Hiru oinarri horien gainean errotu dute ekainaren 4an ospatuko duten musika jaialdia.

Ugaoko musikazaleen sarea dago egitasmoaren atzean, eta hortik datorkio izena. Duela ia bi hamarkada batu ziren herriko “musika zale, musikari eta sasi musikariak”, eta Sarea Sound System Ugaoko Musikazaleon Elkartea sortu zuten.

Handik urte batzuetara heldu zen festibala, uda partea animatzeko asmoz. Udan, sanjoanen inguruan, jendea musikara hurbiltzea, helburu horixe zuen Ugaoko jaialdiak. Horregatik, hasieran tabernarien laguntzarekin, eta azken urteetan udalarenarekin, “peregrinazio bat” eratzea lortu dute. “Kontzertu bat jotzen dute taberna baten alboan; hori bukatu eta beste bat hasten da beste baten alboan, eta beti horrela”, esan du Ramosek. Horrek herria dinamizatzea lortuko du, baina ez soilik hori: “Herriari eta merkataritzari, biei ekarriko die onura. Ugao ingurutik jende asko etortzen da, gainera”.

Aurtengoan ere aurreko urteetan izandako datuak betetzea espero dute antolatzaileek, eta, jende gehiago erakartzeko, egitarau oparoagoa osatu nahi izan dute. Aurtengo berritasuna musika azoka izango da. “Gure asmoa da musikaren inguruko azoka izatea: bigarren eskuko diskoak, birziklatutako materialez egindako instrumentuak…; badugu harremana txistuak eta gitarra artisauak egiten dituzten batzuekin… Musika ardatz izatea nahi dugu, baina ez soilik diskoak izatea ardatz. Ahalik eta gehien zabaldu nahi dugu”. Esate baterako, elektrotuna bat egongo da, eta emakumezko DJ bik alaituko dute goiz osoan.