Ibai Maruri Bilbao
Abusu ikastolakoek ia dena prest dute etzi Bilbon Bizkaiko ikastolen 44. jaia ospatzeko, Erro, harri, har! lelopean. Hirugarrenez hartu dute antolatzeko ardura, eta Bizkaiko hiriburuan egingo den seigarren Ibilaldia izango da. Esperientzia badute, beraz. Baina aurtengoa ez da edonolako jaia izango: pandemia dela eta, 2020an bertan behera utzi behar izan zuten, eta ekitaldi sinboliko batekin ospatu zuten, Elorrion; iaz, aurrez izena emanda eta parte hartze txikiarekin egin zuten, Sopelan. Etzikoa, bada, COVID-19a hasi aurretik egiten zirenen erakoa izango da berriro, eta jendetza biltzea espero dute antolatzaileek. Horretarako, egitarau “herritarra, parekidea eta parte hartzailea” landu dutela esan dute.
Izurria hasi zenetik Bilbon egingo den lehen jai handia izango da etzikoa, beraz. Ibilaldia elkarteko lehendakari Josune Bañalesek aitortu du “gogotsu” eta “pozik” daudela bueltarako: “Kaleak, parkeak eta mendiak jendez beteko ditugu berriro euskararen eta ikastolen alde”. Hala ere, jai iraunkorra egin nahi dute, Ibilaldia ikastolen balioak erakusteko eta praktikan jartzeko eguna ere badelako. Besteak beste, mugikortasun jasangarria bultzatu nahi dute: “Garraio publikoan joateko deia helarazten dugu, inoiz baino errazagoa baita”, esan du Bilboko Abusu ikastolako kudeatzaile Zaloa Aldatzek. Besteak beste, Renferen aldiri trenetako Bilbo-Urduña linea auzotik igarotzen da, eta aurten tranbia Abusuraino luzatu da. Bilbobusez ere joan daiteke. Eta metroz, Boluetaraino.
Gaua pasatzeko gunea
Ibilaldiaren ibilbidea osatzen duten lau guneetako bat da Montefuertekoa, eta han bertan espazio bat atonduko dute, hala nahi dutenek biharko gaua autokarabana edo furgonetetan igaro ahal izateko. Aukera hori erabiliko dutenei ingurumena, natura eta kultur ondareak babesteko eskatu diete antolatzaileek. Eta baita domekan Abusura joango direnei ere. Izan ere, ibilbideak izango dituen lau guneak berdeguneetan egongo dira.
Eguna 10:00etan abiatuko dute, hasiera ekitaldiarekin. Ondarroako Zubi Zahar ikastolak lekukoa hartuko du, 2023ko Ibilaldia antolatzeko. Hortik aurrera, gazteentzako ginkana, tailerrak, kontzertuak eta enparauak izango dira egun osoan. Antolatzaileek egitarau parte hartzailea osatzeko ahalegina egin dutela esna du Abusu Ikastolako zuzendari Zunbeltz Fullaondok: “Nerabeek gaur egun duten aisialdi ereduak kezkatu egiten gaitu. Horretan lan handiagoa egin behar dugu guztiok”. Jai parekidea bermatzeko, boluntario talde batek formakuntza jaso du, eraso sexistarik egonez gero jarduteko.