Euskaldun askok dute begiko Mendebaldeko Sahara. Eta horren adibide da Elorrioko Lajwad elkartea. Sahararren berba horrek dioen bezala, Durangaldeko herria jende eskuzabalen lurraldea da. Izan ere, Amgala herrixkan (Mendebaldeko Sahara) hainbat egitasmo ditu elkarteak; nagusia, kirol gunea eraikitzea. Elkartasun horrek bi herrien arteko lotura sendotzeko balio izan du. Urtero joaten dira taldeko kideak; azkenekoz, Aste Santuarekin batera bidaiatu dute: martxoaren 30etik apirilaren 8ra bitartean egon dira Saharan. Hala, 23 gazte eta sei helduk hamar egun egin dituzte herrixka hartan. Elorrioko 29 kideek zortzi familiaren etxeetan lo egin dute.
Hangoen bizimodua eta han dituzten proiektuak nola doazen ikusteko egiten dute bisita hori. Afrikan egon diren bitartean, Amgalatik gertu dauden hainbat toki esanguratsu ezagutu dituzte. “Gu geunden lekutik Rabuni hiriburu administratibora joan ginen parlamentua ikustera. Museoan ere izan ginen”, gogorarazi du Maku Florentino Lajwadeko ordezkariak. Horrez gain, emakumeen nekazaritza eskola bat eta beste bi ikastetxe bisitatzeko aukera izan dute gazteek.
Florentinok uste du Saharara egindako bidaia oso esperientzia aberasgarria dela nerabeentzat. “Hamar egunean, beste herrialde bateko errealitatean bizi izan dira, euretako askok imajinatu ere egiten ez zutena”. Erantsi du bikain baliatu dutela beste lurralde bateko jendearekin zein “familia berriarekin” eguneroko gorabeherak partekatzeko aukera. Izan ere, Amgalara bisita egindako gehienek etorkizunean berriro itzultzeko gogoa dute. Lajwad elkarteak bi lurralde batu dituela esan daiteke: “Elkartasuna oinarrian duten bi herri dira Elorrio eta Amgala”.
Lajwad elkartea Elorrioko Udalaren ekimenez sortu zen. Udal gobernuak eskua luzatu zuen Mendebaldeko Saharako kanpalekuetan bizi ziren haurrek uda herriko familietan igaro zezaten. Hala, 2009an hainbat umek igaro zuten opor sasoia Elorrion. Bizkaiko udalerrira bisita egin zutenean, baina, elorriarrak ohartu ziren Saharako bizilagunek beste premia batzuk zituztela. “Gazteak etorri eta gero, sokatik tiraka, beste eginbehar batzuk ikusi genituen. Orduan erabaki genuen jendea batu eta udaletik kanpo zegoen egitura ematea, elkarte egitura, alegia”. Elkarteak udalaren eta herriko eskolaren eta institutuaren babesa du laguntza hobeto bideratzeko.
Mendebaldeko Sahara historia luzeko lurraldea da. Herrialdea askatzeko erakundeak, Fronte Polisarioak, Marokotik libre den herrialde batean bizi nahi du. Helburu hori lortzeko urteetan eta urteetan izerdia bota arren, oraindik gauzatu gabe dago, Marokoren menpe jarraitzen baitute. Lajwad bat dator Fronte Polisarioaren xedearekin: “Aurrena, bat egiten dugu sahararren eskaera historikoarekin. Eta hori lortzeko bidean gure esku dagoen guztian babestea da gure asmoa”.
Laguntza hori bi esparrutan ematen da: elkartasun eremuan, eta, neurri txikiago batean, giza laguntzan. “Batetik, Marokoren okupazioaren eta saharar herriaren berri ematen dugu”. Florentinoren ustez, garrantzitsua da kanpalekuetan bizi direnen informazioa hedatzea, hedabideek sarritan ez dutelako horretarako aukera izaten. Bestetik, janaria eta gainerako materiala eramaten diete. “Herritarrek futbolean jokatzeko botak eta elastikoak oparitzen dizkiete”.
Borondatea eta esker ona
Arropa eta janaria neguan egiten den elkartasun karabanan eramaten dituzte. Horrez gain, herriko gazteek elastiko eta jertseak saltzen dituzte dirua lortzeko asmoz. “Aurten, bigarren urtez ibili dira institutuko nerabeak arropa saltzen. Hainbat tokitan jarritako itsulapikoetan ere ekarpena egin du jendeak”. Florencioren iritziz, horrelako ekintzen bidez elkartasun eta borondate handia erakusten dute Elorrioko bizilagunek. Gainera, egunerokoan aurrera egiteko behar dituzte. “Atzerritik bidalitako janari eta bestelako elementuetatik bizi dira. Gure egoerak nabarmen eragiten die. Adibidez, krisiak”.
Herritarrek bakoitzaren ahalmenaren arabera lagundu arren, alderdi politikoekin ez da gauza bera gertatzen. “Nire ustez, batzuek gehiago parte hartzen dute beste batzuek baino. Askotan, erakundearen jarrera baino gehiago norberaren gogoa da”, dio elkarteko kideak. Elorrioko Udalari dagokionez, elkartasuna aipatu behar da. “Aurreko udal gobernuak oso argi zeukan Mendebaldeko Sahararen arazoa bere gain hartuko zuela, eta laguntza emateko prest azaldu zen”. Dena dela, oraingo berriak ere dirua ematen diela erantsi du.
Sahararrek pozik eskertzen dute Elorrioko herriaren babesa, Florentinok dioenez. Euskal herritarrak hara joaten direnean, esku zabalik eta irribarrearekin hartzen dituzte. Alaitasun hori, baina, ez da “ondo bizitzearen” sinonimo. “37 urtean, kanpalekuetan egin dute bizimodua. Hainbat belaunaldi bertan jaio eta hil dira. Leku hori infernua da”. Zailtasunak zailtasun, baikor mintzatu da elkarteko kidea. “Urrats guztiak onerako izatea espero dut, halako batean eurek nahi dutena erabakitzeko aukera izatea”. Horretarako, ezinbesteko bi tresna dituzte, aaldu duenez: “Pazientzia handia eta denbora”.
Mendebaldeko Saharari nola lagundu jakiteko, Fronte Polisarioarekin jarri ziren harremanetan orain bizpahiru urte. “Guk bakarrik ez dugu ezer erabaki. Elkartekook buruan genituen proposamenak haiei esan eta haien erantzunaren arabera jardun dugu”, jakinarazi du Florenciok. Hainbat azpiegitura aztertu ondoren, Amgalan kirol gune bat eraikitzea iruditu zitzaien egokiena: “Hango futbol zelaia egina dago. Duela gutxi hesitu genuen, eta ateak jarrita daude”.
Futbol zelaiaren ondoren egin beharreko lana aldagelak eta komunak atontzea da. Aurrera begira, berriz, saskibaloi eta boleibol jokalekuak egiteko itxaropena dute. “Kirolerako azpiegitura bat eraiki nahi dugu”. Presarik eza diruari egozten dio. “Gauzak motel doaz ez dakigulako zenbat diru izango dugun”. Proiektu hau bukatzean beste batekin hasteko asmoa dute. “Udala, eskola eta institutua erabat inplikatuta daudenez, aurrera begira denok elkarlanean jarraituko dugula suposatzen dut”.