Javi West Larrañaga
Kuki, Maider, Mustafa, Serpil, Nihal, Seda, Fatimetu, Emir, El Batoul, Illyes, Hafida, Walah, Karim, Zacarias, Rkia, Mohamed, Adam eta Amine. Hemezortzi dira etxe barik gera daitezkeen arrigorriagarrak eta basauriarrak, Batu Elkarlaguntza Sareak salatu duenez. Sareko kideek horien izenak erabili nahi izan dituzte “aurpegia” jartzeko egoerari. “Ez dira zenbaki bat”, adierazi du Eder Bengoetxea sareko kideak. “Hau ez da ez dakit non gertatzen den gauza bat; gure kaleetan gertatzen da, eta gure auzokoak dira, gure kideak” .
Askotan “urrun” ikusten den errealitate hori bistaratzeko hasi zuten kanpaina orain dela pare bat aste. Arrigoarriagako eta Basauriko udalei eskatzen ari dira irtenbide bat eman diezaietela etxe barik geratzeko arriskuan daudenei. Hemezortzi kasu horietako asko jabe pribatuenak izan arren, Etxebideri ere bideratu diote eskaera, etxebizitza bermatzea erakunde publikoen ardura dela argudiatuta: “Pertsona hauek etxebizitza eskubidea daukate jaioterria edozein izanda ere”, esan du Bengoetxeak.
Duela urte bi sortu zuten Batu Elkarlaguntza Sarea, eta, behar dutenei elikagaiak bermatzeaz gain, hainbat kudeaketarekin laguntzen diete hurbiltzen direnei. Bengoetxeak azaldu duenez, jendeari laguntzen diote errolda egiten, laguntzak eskatzen eta etxeak alokatzen, askotan azentuagatik arazoak dituzte eta. Gainera, kasu bakoitza banan-banan jorratzen dute asanbladan, baina azken hilabeteetan “jende mordoa” joan zaie. “Gure baliabideak eta gaitasunak oso mugatuak dira, eta erabaki genuen arazoa ez genuela guk konpondu behar, ez baita gure ardura”, esan du Bengoetxeak. “Horregatik interpelatu ditugu erakunde publikoak, gizarte laguntzaileak, udalak eta Etxebide”.
Haren arabera, ez da bakarrik gizarteak “urruntasunez” ikusten duela arazoa, baizik eta “arduragabekeria” dagoela erakundeen aldetik, eta “gutxiespena”. Horrez gain, Bengoetxeak adierazi du askotan gizarte laguntzaileen ezagutza faltari egin behar diotela aurre. Antzeko kexa dauka Mari Jose Lopez sareko kideak. Indarkeria matxista jasan zuen bikotekidearengandik, eta, esan duenez, senar ohia kondenatuta egon arren, gizarte laguntzaileak “eskuak garbitzen ditu”. Oraintxe, ezagun baten etxean bizitzen ari dira hura eta 18 urteko alaba. “Gizarte laguntzaileak esaten dit ez naizela egokitzen indarkeria jasan duen emakume baten profilera, baina ez dit esaten zein den profil hori”.
Bide gaitza
Lopezen arabera, orain dela urte askotatik daukate berak senar ohiari ipinitako salaketen berri, baina ez diote alternatibarik eskaini. Txarto egindako ebakuntza baten ondorioz, ezin du lanik egin Lopezek, eta dagokion pentsioak ez dio etxe bat alokatzeko adina diru ematen. Hainbat bide ofizialetatik saiatu da etxea lortzen, eta bide guztiak agortu ditu. “Bilboko Udal Etxebizitzak erakundera bidali nuen idatzi bat, baina erantzun zidaten ni legez beste 10.000 pertsona daudela, eta ezin dutela ezer egin. Dena egiten saiatu arren, ez dizute laguntzen”, adierazi du.
Hemezortzi auzokideetako bakoitzak testuinguru eta epe jakin bat daukan arren, erantzun bateratu bat ematea erabaki zuten Batu Elkarlaguntza Sareko kideek, indarrak batzeko. Bengoetxeak azpimarratu du bizilagun batzuk indarkeria matxistaren eta arrazakeriaren biktimak direla. Badaude seme-alaba adingabeak dauzkatenak ere. Sareko kide biek ohartarazi dutenez, ez dago mekanismorik horrelako kasuetan babes handiagoa emateko familia horiei.
Joan den astean salatu zuen sareak hemezortzi auzokideetako bat bortxatzen saiatu zela etxearen ugazaba Basaurin. Etxebizitza lortzeko arazoak dauzkaten askori beste arazo batzuk gehitzen zaizkie, Bengoetxearen arabera: “Emakumea edo migratzailea izateak askotan bortizkeria egoera larriagoetan ipini zaitzake”.