Lauaxeta sariak aurten berritasunak izango ditu. Ohorezko Lauaxeta sariaz gain, poesiako eta ikus-entzunezko sariak ere emango dituzte. Hala iragarri dute Josune Ariztondo Kultura diputatuak eta Miren Dobaran euskara sustatzeko zuzendariak.
Lauaxeta Ohorezko Sariak Bizkaian euskararen sustapen, zabalkunde eta normalizazioan pertsona edo erakunde batek egindako lana aitortzen du. Lauaxeta Poesia Sariaren bitartez, euskaraz bertsoan edo poesia-prosetan sortutako literatura lan bat sarituko dute. Ikus-entzunezkoari dagokionez, oroimen historikoari buruz euskaraz sortutako dokumentalen zuzendaritza lana sarituko dute. 2011ko urtarrilaren 1etik 2012ko ekainaren 30era bitartean argitaratutako lanak hartuko dituzte kontuan.
Hiru sariak Euskararen Nazioarteko Egunean emango dituzte, abenduaren 3an. Aurten 75 urte beteko dira Esteban Urkiaga Basaraz Lauaxeta olerkari bizkaitarra fusilatu zutela.