Auzokideok elkarteak salatu duenez, Ura Eusko Jaurlaritzaren ur agentzia obrak egiten ari da Getxon, Gobela ibaian, uholdeak berriro gertatzea eragozteko, eta lan horiek lixibiatuak azaleratu dituzte. Neguri Langile inguruko ibaiertzean agertu dira hondakin horiek; bereziki, Neguriko futbol zelaia izandakoan.
Elkarteak laborategi batera bidaliko ditu aurkitutako hondakin horien laginak, han azter ditzaten. Hala ere, dagoeneko aurreratu dute metal astunak daudela lixibiatu horietan —besteak beste, beruna, kadmioa eta artsenikoa—. Nitratoak ere aurkitu dituzte. Hondakin horiek legeak ezarritako mugak gainditzen dituztela ohartarazi nahi dute.
Aurkikuntza hori eginda, elkarteak kontrola exijitu die administrazio publikoei, argi dezaten ea hondakin horiek kaltegarriak diren osasunerako. Jolaseta zubiaren inguruan agertu dira lixibiatuen hondakinak, baita Lexarreta pasagunearen eta Errota-Zaharra errekaren artean ere.
Auzokideok elkarteko kideek azaldu dute hondakin toxiko horiek lehenago ere hor zeudela. Orain, berriz, agerian utzi dituzte Ur Agentziaren lanek. Haien ustez, inguruan egon diren zabortegien egoeraren ondorio dira hondakinok. Bereziki, Artea merkataritza zentroa eraiki zuten lekuan zegoena gogorarazi dute; salatu dute etxebizitzetatik gertu lixibiatu toxikoak ateratzen direla oraindik ere, nahiz eta zabortegi hura aspaldi itxi zuten. Bizilagunek argitu egin gura dute zein ondorio izan ditzaketen hondakinek, eta, behar izanez gero, neurriak hartzea nahi dute .