Ez gara berdinak

Nerea Ibarzabal

Mundu osoko 30 ipuin dakartzan liburuxka autoeditatu bat neureganatu berri dut. Hilabeterako ipuinak, proposatzen du izenburuak —berez, gaztelaniaz-, baina gau bakarrean 11 egun irentsi dizkiot liburuari, eta orain errudun eta zikin sentitzen naiz, zatitxo bat hartzera joan eta pastel osoa jaten duenaren gisara. Hainbeste ipuinondo, irakaspen eta zer pentsaturen indigestiotik, istorio hindu bat geratu zait itsatsita, lo hartu aurreko zazpi segundo horietan hausnarketa txiki-txiki bat eskaintzeko adina eman didana.

Buda izan zen bere garaiko gizonik argiena eta bihozberena. Hain zen zintzoa, non bere ingurukoen jelosia pizten baitzuen, tartean bere lehengusu Devadattarena; edozer egiteko prest zegoen Devadatta Budaren izen ona zikintzeko, edozer, baita hura hiltzeko prest ere. Horrela, goiz batean, Buda oinez zihoala, lehengusuak muino baten gainetik harri handi bat jaurti zion gainera. Budaren aldamenean erori zen harria, eta ez zitzaion ezer gertatu; egoeraz jabetu eta irribarre baino ez zuen egin.

Egun batzuen buruan, Buda bere lehengusuarekin gurutzatu zen kalean, eta beti bezain jator agurtu zuen. Devadattak harriturik galdetu zion ea nolatan ez zegoen berarekin haserre. Budak, orduan, honela erantzun: “Zu ez zarelako jada harria jaurti zuen hura, eta ni ez naizelako jada handik oinez pasatu zena. Ez zu, ez ni, ez gara lehengo berdinak”.

Une batez mundua konponduta dagoela sentitu baina berriro nire onera etorri, eta, maleziaz, aspaldiko tunikadun pertsonaia lasai horiek gaur egungo munduan irudikatu eta kondenatu ditut. Egunkarien orrietan ikus ditzaket elkarri harrika. Devadatta mordoa harriak jaurtitzen, eta gero muino atzean ezkutatzen, gertatutakoa ukatzen, errua inori botatzen, erasoak ez ikertzen. Budak harrien azpian harrapatuta, jendea aspaldi hildako Budak harripetik atera nahian, Buda ez hain zintzoak, Budak goitik behera datozen harriei begira baina ihes egin ezinda, Budak mendeku hartzen. Devadatta euskaldunak, Buda erdaldunak, Devadatta dirudunak, Buda txiroak. Kalean elkar agurtzen ez duten Buda eta Devadattak, eta elkar agurtzen ez duten Budak eta elkar agurtzen ez duten Devadattak, eta elkar agurtu arren elkar gorroto dutenak. Eta harriak izan daitezke, edo izan daitezke gomazko pilotak, balak, hesi erraldoiak, torturak, erraustegiak, eraso sexistak eta dena egun bakarreko egunkaria litzateke, hala ere. Imajinatzen dut Buda nekatu eta energetikoki guztiz desorekatu bat, iraganeko ekintza guztien zama soinean hartuta, muinora igo eta behean doan horri harria botatzen, esanez: “Zu eta ni ez gara berdinak”.