Lokal ahaztuak, artez beteak

Lokal ahaztuak, artez beteak

Pello A. Zuazo

Zer ematen dion arteak kaleari? Bizitza, argi eta garbi”. Irune Jimenez eta Eider Aldape Basauriko Udalak antolatzen duen Kaleartean topaketaren ordezkariak dira, eta, diotenez, artea kalera eramateak artearekiko dugun ikuspegia zabaltzen laguntzen du. “Kultura kontsumitzeko museoetara joan behar dugu, baina, kasu honetan, herrira, plazara, auzora, kalera ekarri dugu. Eta, horrela, kulturaren sozializazio bat gertatzen da”.

Aurten, bigarrenez egingo dute Kaleartean, Basauriko jarduerarik gabeko lokaletan egindako aldi baterako esku hartzeen topaketa. Gaur hasi eta igandera arte, nazioarteko hamar sortzailek Basauriko hamar lokal huts erabiliko dituzte beren proiektu artistikoak jendaurrean sortu, garatu eta erakusteko. Hau da: proiektu horiek sortzen eta garatzen dituzten bitartean, edonor sar daiteke lokal horietara. Jimenezek eman du azalpena: “Gauza berritzailea da hori. Izan ere, normalean, publikoak sortze prozesuaren emaitza baino ez du ikusten, baina, kasu honetan, prozesua bera zuzenean ikus dezake, eta baita prozesu horretan parte hartu ere, iritzia eman… eta obra aldakorra izan daiteke”.

Duela hiru urte Jimenezek eta Aldapek egunkarian irakurritako albiste bat da ideiaren iturria. Basauriko Udalak herriko lokal guztiak erroldatu zituela zioen albisteak, eta lokal horietako askok ez zutela inolako jarduerarik. Horrela, bada, udalera joan, eta lokal hutsen arazoari aurre egingo zion proiektu bat aurkeztu zuten. Udala oso interesatuta agertu zen, eta, elkarrekin, Kaleartean topagunearen lehenengo edizioa antolatu zuten. “Munduan egitasmo asko daude non espazio hutsak praktika artistiko eta kulturalekin birmoldatzen diren. Gure hirietan ere espazio huts ugari daude, ez direnak erabiltzen. Espazio horiei bizitza ematen saia gaitezke”.

Aldaperen esanetan, berriz pentsatu behar da espazio pribatuen erabilera: “Aldaketa bat behar da espazioen kudeaketan. Lokal bat ez da zertan alokairura edo salmentara bideratu; ez da bakarrik denda bat edo frutategi bat zabaltzeko baliatu behar. Zergatik ez kultura edo sormenarekin, edo industria sortzaileekin zerikusia duten ekintzak egiteko erabili?”. Adierazi duenez, espazioaren erabileraren inguruko hausnarketa ere bada Kaleartean. Hain zuzen, hiru dira finkatu dituzten xedeak: espazioen erabilera birpentsatzea; kulturari, arteari eta sorkuntzari balioa eman eta espazio publikora hurbiltzea; eta sortzaileei euren lanak aurkezteko eskaintza egitea.

Elkartrukea

Topaketa antolatzeko bidean, hiriaren zein eremu —edo kale— landuko dituzten erabakitzea da lehen pausoa. Izan ere, Kaleartean proiektu txikia da, eta ezin dezake hiri guztia barne hartu. “Ezin duzu lokal bakoitza hiriaren punta batean jarri; bestela, topaketa desbirtuatu egingo litzateke. Esparru kontzentratua izan behar du, indarra eta ikusgarritasuna lortzeko”, azpimarratu du Aldapek. Iaz bezala, Menendez Pelayo, Antonio Trueba eta Soloarte kaleen arteko lokalak aukeratu dituzte aurten, hiriaren erdigunean.

Higiezinen enpresek bitartekari lana egiten dute lokal horien jabeen eta antolatzaileen artean. Halere, aurten, lokal horiek aukeratzeko eta jabeekin zuzenean harremanetan jartzeko kanpaina eta deialdi irekia egin dute. “Higiezinen enpresen lana garrantzitsua da, baina horietan ez dagoen jendearengana ere heldu nahi genuen, eta Kaleartean zer den azaldu”. Iaz, zazpi lokalek parte hartu zuten, eta horietako hirutan negozio berriak zabaldu dira jadanik.

Publikoa eta pribatua

Arlo publikoa eta pribatua uztartuz, zerbitzu publiko bat ematen du topaketak. Eta, era berean, ematen duen zerbitzu publiko horrek arlo pribatuari ere mesede egiten dio. Hartu-eman zirkulu bat sortzen da, Jimenezen aburuz. “Kaleartean instituzio publiko batek bultzatzen du, baliabide pribatuak baliatzen ditu, eta hiritarrentzako doako eskaintza kulturala ematen du. Beraz, errekurtso pribatu bat onura publiko baterako erabiltzen da. Esango nuke hiruren artean elkartruke bat gertatzen dela. Gainera, artista gehienek Basauriko bertako komertzioetan erosten dituzte egunotako lana egiteko behar dituzten materialak”.

Artistak lehiaketa publiko bidez aukeratzen dira. Udalaren webgunean dagoen inprimaki bat bete, eta, han, zer egin nahi duten, aurrekontua, euren ibilbidea, zer-nolako lokal mota nahi duten eta abar azaldu behar dute. Aurten, 30 proposamenetik gora aurkeztu dira, eta epaimahaiaren zeregina izan da horietatik hamar aukeratzea. Malus Arbide artistak, Nerea Diaz sortzaileak, Alex Filiatreu diseinatzaileak eta Iker Serrano margolariak osatzen dute epaimahaia. “Gaiaren eta moduen aldetik, askatasuna erabatekoa da. Sormena eta sortzailea bere testuinguru guztietan ikusi nahi ditugu: diseinua, teknologia, ikus-entzunezkoa, artea, pintura, argazkigintza, performanceak, antzerkiak… Hori bai, sortzaileek herritarren parte hartzea eta interakzioa bilatzen dute beti”. Iaz, Basauriko ondarearekin eta historiarekin lotu zuten artista batzuek euren obra, edo garai batean lokal horretan gertatutakoarekin.

Sormena kalean barrena

Aurten, hainbat berrikuntza izango ditu topaketak. Iazko moduan, hamar sortzailek parte hartuko dute, baina, oraingo honetan, kategoria desberdinetan sailkatu dituzte. Horietako bik bi asteko estantziak sortuko dituzte; hau da, euren proiektu artistikoa bi astez garatuko da Basauriko lokal huts batean. Eta, horretarako, 1.000 euroko diru laguntza izango dute. Beste zortziek, berriz, hiru egun izango dituzte euren proiektua garatzeko. Eta zortzi horien artean ere bi kategoria egin dituzte: lau hasiberriak izango dira, eta 400 euroko diru laguntza izango dute, eta beste laurak senior mailakoak izango dira, eta 600 euroko laguntza izango dute.

Horrez gain, “programazio osoago bat” eskaini nahian, sortzaile gonbidatu bat ere egongo da aurten: VIC Vivero de Iniciativas Ciudadanas. “Madrileko talde bat da. Esan daiteke hirigintza eta arkitektura direla aurtengo diziplina gonbidatuak; gai horiek landuko dituzte”. Sortzaile gonbidatu horrek ere lokal huts batean egingo du lan. “Dakigunez, baso antzeko bat sortuko dute lokal barruan. Iturria izena jarri diote esku hartzeari”.

Era berean, umeen parte hartzea sustatzeko helburuz, Bizkotxalde parkean tailer eta jokoak egingo dituzte. Kaleartean topaketak iraungo duen hiru egunetan Basaurin mugimendua sor dadin nahi dute Jimenezek eta Aldapek, eta mugimendu horrek inguruko dendetan eta tabernetan ere eragina izan dezala. “Ea, honek, zentzu batean, bizitasuna suspertzeko balio duen”.