Aurrera doa kobazuloak biotopo babestu izendatzeko proposamena

PPk herrialdeko kobazuloak babestutako biotopo izendatzea proposatu du Bizkaiko Batzar Nagusietan. Leizeek baldintza bereziak dituzte argi, tenperatura eta hezetasunari dagokienez, eta, ondorioz, oso interes biologiko eta geologiko handiko eremuak osatzen dituzte. Horrenbestez, talde politiko guztiek baiezkoa eman zioten Alderdi Popularraren egitasmoari.

Batzar Nagusietako PPko eledun Arturo Aldekoaren hitzetan, Bizkaiko haitzuloak “bitxi biologikoak” dira, “bai ekosistema gisa bai bertan bizi diren espezieak”. Lurpeko faunaren garrantzia azpimarratu du popularren bozeramaileak. “Adituek egindako ikerketa zehatzen arabera, Bizkaiko kobek eta leizeek ekosistema txikiak dituzte, iluntasunean bizi diren intsektuez osatutakoak”. Karrantzan dagoen Pozalagua izeneko kobaren kasua aipatu du Aldekoak: “Bisitari asko ditu, argiztaturik dago… Eta halako batean ikusi zuten berezko ekosistema duela, bertakoak diren bi espezie daudela”. Izan ere, 2005ean endemikoak diren bi saguzar espezie deskubritu zituzten kobazulo honetan.

Batzarkideak azaldu duenez, proposamenaren ideia nagusia da “Bizkaiko koba garrantzisuenak babesa merezi duten ekosistematzat hartzea”, eta, hortaz, babestutako biotopoaren izaera ematea. Babestutakoen zerrendan sartuko liratekeen eremuei dagokionez, “sakontasunez ikertutako kobengatik hastea” proposatu du, eta azterketak egiten diren heinean, babesa beste koba batzuetara hedatzea. “Denak ezin dira biotopoak izan, baina, ziurrenik, denboraren poderioz horietako askok lortuko dute babes maila hori izatea”.

Interes antropologikoa duten harpeak “egitasmotik at” daudela argitu du Aldekoak, horiek “berezko babes mailak” dituztelako. “Ez ditugu gauza ezberdinak nahastu nahi”.

Ikuspegia aldatu

Aipatu bezala, Batzar Nagusietako talde guztiek baiezkoa eman zioten Alderdi Popularrak egindako proposamenari. Aldekoaren irudiko bat egite hori “oso positiboa da, udalerrietan joera ezberdinetako alkateak daudelako, eta koba bat udalerri bat baino gehiagotako eremuetan hedatu daitezkeelako. Horregatik, garrantzitsua da talde guztiek kobei biotopo izaera eman nahi izatea”.

Legegintzaldia bukatzeko falta diren hiru urteak ekimena martxan jartzeko “nahikoa” direla uste du Aldekoak: “Espeleologia taldeek, foru teknikariek, EHUk edo Aranzadi zientzia elkarteak egindako ikerketen datuek lanean jartzeko aukera ematen dute”.

Haren esanetan, ez dute proposamenean “kasu zehatzik” sartu nahi izan: “Utz diezaiegun adituei euren lana egiten, eta eurek erakutsi diezagutela zeintzuk diren helburuak, eta zein kobek duten babeserako premiarik handiena”.

Egitasmoa aurrera eramateko orduan, baliabideak inbertitzea baino, “oinarriak aldatzea da garrantzitsua”, batzarkidearen ustez: “Jakin behar dugu kobetan ekosistema bakana topa dezakegula; eremu hauek kudeatzeko orduan txipa aldatu behar da”.

Halaber, zenbait kobak jasaten duten masifikazioa gogor kritikatu du Aldekoak. “Kobak ez dira asteburuetan turismoa egiteko lekuak, ezin dira milaka pertsona sartu, airearen konposaketa aldatzen delako eta oso erraz hondatu daitezkeen ekosistemak direlako”. Torca del Carlistako leizera Pozalaguako kobaren ingurutik sarrera bat egiteko proiektuaren kontra agertu da: “Oso arazo konplexua sortzen dute. Koba bere osotasunean eraldatzen dute”.