Javi West Larrañaga
Sarraski bat egon zen hemen, eta gutxik dakite herrian”. Bittor Ruedarenak dira berbak, eta oraintsu Busturian sortu berri den Akordaten taldeko kidea da. 1937ko maiatz hasieran, altxatutakoen tropek EAE-ANVren batailoi bat suntsitu zuten Busturiko Añetumendin, eta bertan hildako 80 gudari omenduko dituzte taldekoen ekimenez bihar, zapatuz, ibilbide baten amaieran.
Añetumendikoa Sollubeko batailako gertakari bat da, beste batzuekin alderatuta protagonismo txikia izan duena. Gudu horretan, aurreraka eta atzeraka egin zuten bi armadek, eta galdutako posizioak berreskuratu zituzten errepublikanoek hainbatetan, baina azkenean galdu, eta faxistek aurrera egin ahal izan zuten Bilborantz. Mila pertsona inguru hil ziren, bando bien kopuruak kontuan hartuta.
Bi zentzutako izena eman nahi izan diote taldeari, herrian eta inguruan akordatu gogoratzeari eta iratzartzeari esaten diotelako. Izan ere, memoria historiko “kritikoa” esnatu nahi dute haienean. “Ez dakit memoria historikoaren berrinterpretazio bat den ala memoria bere onera ekartzea den”, azaldu du taldeko Ruedak. Haren arabera, askotan biktima gisa aurkezten dira faxistek hildakoak. Bestelako azalpen bat ematen dio taldeak: faxismoaren aurka borrokatu ziren “erresistenteak” zirela, eta ez biktimak.
Luzera desberdineko hiru ibilbide diseinatu dituzte, eta horietako bi egingo dituzte bihar Busturian. Nahi dutenek 09:00etan jo ahalko dute Altamirara, edo 10:00etan Goierriko eskolara. Bisita gidatua izango da, eta antropologia eta arkeologia lotuko dituen ibilbidea dela azaldu du Ruedak: lubakien hondarrak, arkeologia aztarnategi bat, trikuharri bat eta beste ikusiko dituzte. Gainera, Laura Kaltzadaren EAE-ANVren jatorrizko bandera aurkeztuko dute. Ruedak adierazi duenez, Kaltzada izan zen alderdi horren karneta zeukan busturiar bakarra, eta hark zeukan bandera hori topatu du orain taldeak. Ibilbide amaieran, lubaki sinboliko bat eraikiko dute gatazkaren lekuan. Ohikoak dira loreak biktimak omentzeko, baina, Akordatenekoen ekimenez, harriak pilatuko dituzte eremu batean “erresistentzia irudikatzeko”.
Ruedak azaldu du 80 gorpu horiek mendian daudela oraindik, eta taldekoak saiatu egingo direla berreskuratzen. Errealista da hura, hala ere, eta badaki lan zaila dela. “50 zentimetroko sakonera bakarrik aztertzen duen metal detektagailu batekin ezin da askorik egin, eta, gainera, hildakoaren txapa aurkitu behar duzu”. Adierazi du saiatuko direla “erakundeek egin beharko luketen” lan hori egiten. Garrantzitsuagoa da taldearentzat, ordea, bertan hildakoak zergatik borrokatu ziren azaltzea “oraingo eta hurrengo” belaunaldiei. Ruedaren esanetan, “gogoratu egin behar da” EAE-ANVko horiek zeren alde ari ziren: “Demokraziak eta errepublikak ematen zizkieten askatasunak gura zituzten, eta faxismoa gelditu. Ez zen ideologia gabeko zeozer izan”. Hala ere, ez da Akordaten taldearen asmoa “diskurtso militarista huts” bat egitea. “Erakutsi nahi dugu zelan bizi zen errepublika garaian, eta zer ekarri zuen faxismoak”.
Kritikoa eta kolektiboa
Bizkaiko Hari Gorria ekimenarekin bat egin du Akordaten taldeak, eta memoria modu “kolektiboan” eta “parte hartzailean” egin nahi dutela esan du Ruedak. Gainera, Sollubeko batailak hainbat herritan izan zuenez eragina, horietako taldeekin harremana egitea dute helburu. Ruedaren aburuz, memoria historikoa “kapitalizatzeko” saiakera bat dago erakundeen aldetik, eta herri mugimenduaren lanaren garrantzia azpimarratu du: “Gernikako Lobak taldearekin gertatu dena lotsagarria da. Hildakoen ondorengoak baztertu, soldatapean dauden lau ordezkari jartzeko pantomima bat egiten”. Lobak taldeak salatu zuen apirilaren 26an ez zietela utzi Astrako sirena zaharra babeslekutik aktibatzen azken hamar urteetan moduan 4 minutu geldialdiaren barruan, eta urteotan memoria historikoa lantzeko egindako lana nabarmendu zuen.