Ibai Maruri Bilbao
Valle de Losa udalerria (Burgos, Gaztela eta Leon, Espainia) osatzen duten herrietako bat da Villaño. Han bada Villañoko Esparrua izeneko leku bat. Urduñatik 25 bat kilometrora dago, baina, mende luzez, Urduñako Udaleko ordezkariak hara joan izan dira, Villañoko ordezkariekin esparruko mugarriak ondo daudela ziurtatzera, eta hango herritarrei justizia administratzera. Modu horretan enklabe txiki horren jabegoa berretsi izan du Urduñak, eta baita hango bizilagunak bizkaitarrak direla ere. Azken bisita 1951n egin zuten. Harrezkero, Valle de Losako Udalak bere HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean txertatu du enklabea. Urduña bere plana berritzen hasiko da: Villañoko Esparrua eurena dela aldarrikatu du, eta HAPOan jabetza hori islatzeko asmoa duela iragarri du; oraindik indarrean dagoenean ez du aipatzen. Iaz gaurkotutako toponimia mapan, ordea, badu enklabearen izena jasoa.
Urduñako Hirigintza zinegotzi Juanjo Sanzek esan du bere udala Valle de Losakoarekin negoziatzeko eta akordioren bat lortzeko prest dagoela. Hala ere, kezka agertu du ea Urduñak, hainbeste urtez enklabe horren erabilerarik eta aldarrikapenik egin ez, eta haren gaineko eskubidea galdu ote duen. Dena den, jabegoa borrokatuko dutela iragarri du.
Uste du esparru horrek ez diola ez onurarik ez kalterik eragiten Urduñari: “Ez du aparteko baliorik, ez bada historikoa eta kulturala”. Horregatik, Sanz bera enklabeari uko egiteko prest egongo litzateke, baldin eta Burgosekin dituzten beste gatazka batzuetan akordioa lortuko balitz. Haren iritzia da hori, ez udal gobernuarena. “Beti gaude gatazkan haiekin. Beraz, arazoak konpondu nahi ez dituzten bitartean, guk ere ez diogu uko egingo historikoki gurea denari”. Izan ere, Gorobel mendilerroan Burgosko aldean dauden lursail batzuen erabilera eskubidea izan dute urduñarrek XI. mendetik, baina XX. mende erdialdetik ukatu egin diete Villalba de Losakoek. Txarlazo gainean dago Urduñako zaindari den Antiguako Amaren irudi ikusgarria ere. “Lurrak haienak dira, baina orain konponketa lanak guk ordaindu behar ditugu”.
Muga lausotuta
Ez da erraza Villañoko Esparruaren mugak zein diren esatea. “Ez da hektarea batera ere iristen”, esan du Sanzek: “Agiri batzuetan 5.000 metro koadro agertzen dira, beste batzuetan 7.000…”. Garai batean, hamazazpi mugarrik zehazten zuten, baina gaur egun hiru baino ez daude agerian; gainontzekoak desagertu egin dira edo “kendu” egin dituzte. Esparrua garai batean harrizko hesi batek inguratzen zuen. Barruan zeuden etxeetatik bakarra geratzen da zutik, eta beste biren aztarnak daude. Zutik dagoen etxe hori Carlos Oriberena da.
1934an, Villañon —enklabea dagoen Valle de Losako herrixka— jaiotako Pedro Oribe San Martinek eta Belandiako (Urduña) Emilia San Martin Agirrek esparruaren zati handi bat eskuratu zuten: 3.600 metro koadroko orubea. Jabetza eskrituretan Urduña hiriaren jurisdikziopean zegoela jartzen zuen; baita 1986an Carlos Oribe semeak egindako jabetza eskrituretan ere.
Esparruko dozena erdi bat etxeetako biztanleek ere Urduñan bozkatu zuten 1917an eta 1918an, hauteskunde erroldek adierazten dutenez. Gaur egun, ordea, Oribetarren etxean ez dago inor erroldatuta, bigarren bizilekua dute eta. 1950ean, Villaño inguruko bizilagun guztiak Valle de Losako Biztanleriaren eta Etxebizitzaren Erroldan sartu ziren, esparrukoak barne, eta zergak Burgosen ordaintzen hasi ziren.
“1876an, Bizkaiko foruak indargabetu zirenean, ingurukoentzat interes osoa galdu zuen esparruak”, azaldu du Sanzek. Izan ere, sei etxeen artean bat berezia zen: sukaldea Burgosen zuen, eta logelak, Bizkaian. Emaginaren etxea zen. Bizkaiko foruen arabera, bizkaitarrek ez zuten Espainiako armadan soldaduskarik egin behar. Hala, inguruko emakumeak Villañoko Esparruko emagin horrengana joaten ziren erditzera. Seme-alaba bizkaitarrak gura zituzten. “Alaba jaiotzen bazen, ez zegoen arazorik, baina, semea jaioz gero, bizkaitarra izango zen, eta ez zuen soldaduskarik egin beharko”.
XV. mendetik, gutxienez
Enklabearen jatorria ere ez dago argi. Urduñak aiaratarrena zen gaztelu bat erosi zuen Villañon, 1523ko jabetza argiri batean jasotzen den legez. Juana I.a Gaztelako erreginak eta haren seme Karlos V.ena enperadoreak gaztelua eraisteko agindua eman zuten. Uste da galera horren ordainetan Villañoko Esparruaren jabetza eman ziotela Urduñari, hango biztanleena barne. Hangoek urtean ehun marabediren zerga ordaintzen zioten Urduñari.
Hala ere, 1452ko epai batek baieztatzen du lehenagokoa ere bazela esparrukoen bizkaitartasuna. Auzia Urduñaren eta Aiarako jaunaren artekoa izan zen. Batetik, Urduñak zioen salgaiak bere aduanatik igaro behar zirela. Bestetik, Gorobel mendilerroko Iturrigorriako lursailen erabilera eskubidea zegoen auzitan.
Epaiak dio Villañoko Esparrukoek ere Iturrigorriako lursailak erabiltzeko eskubidea zutela, urduñar guztiek legez: “Agintzen dugu Villañoko Esparruko herritarrek, Urduñako herritar direnak, ganadua Iturrigorrian larratu dezaketela, eta hango ura edan, eguzkia irteten denetik sartzen den arte”. Beraz, esparruko herritarrak ordurako urduñarrak ziren, eta epaiak Villañoko gainontzeko herritarretatik bereizten zituen. Gaur egun, esparruak ez du biztanlerik erroldan, baina lurrak beretzat ditu Urduñak.