Natalia Salazar Orbe
Osasun zerbitzu publikoak eragindako kexak eta kezkak hedatuz doaz, herriz herri, eskualdez eskualde. Joan den astean Larrabetzuko herritar talde batek salatu zuen pandemia hasi zenez geroztik ez dutela ordezkorik jartzen herriko familia medikuaren oporraldietan. Esan dute herritarrei eta udalari ere ez dietela jakinarazten medikurik ez dela egongo. Eta kezka agertu dute egoera horrengatik. Lea-Artibain eta Arratian ere protestak egin dituzte azken hilabeteetan, antzeko egoerarengatik.
Larrabetzuko Auzokideak taldeko Eunate Guarrotxena Arzubiagak medikuarekin ordua hartzeko deitu zuen telefonoz joan den astean, belarriko infekzioa zuela eta. “Medikurik ez zegoela esan zidaten. ‘Zelan ez dagoela medikurik?’, galdetu nien, ‘baina nik infekzioa daukat’, azalduta. Galdakaoko osasun etxera joan behar nuela esan zidaten”, kontatu du. Ordua eskatu zion orduan administrariari, Galdakaorako. “Ezetz esan zidan, ordea; ezin zidala eman ordurik. Hara joan, leihatilatik pasatu eta ordua emango zidatela esan zidan”. hara joan eta noiz artatu ahalko zuten jakin gabe abiatu behar izan zuen Guarrotxenak.
“Medikurik ez dagoela”. Horixe da eman zioten azalpen bakarra. Dena den, beharrizana izan zuelako jakin zuen herrian zerbitzurik ez zutela. “Alkateari ere galdetu nion ea horren berri zuten; ezetz esan zidan. Udalari jakinarazi ere ez diote egin. Kartelik eta oharrik ez dute jarri. Nik kasualitatez jakin dut, beharrizana nuelako. Osterantzean, ezer ere ez”.
Larrabetzuko Auzokideak taldean batu dira egoerarekin kezkatuta dauden hainbat herritar, tartean, Guarrotxena bera. Azaldu du egoeraren jarraipena egingo dutela eta udalarekin aztertuko dutela zerbait egin dezaketen.
Arazoa ez da mugatzen Larrabetzura. Otsailaz geroztik, familia medikurik gabe daude Mendexa eta Amoroton ere. Ez bateko, ez besteko kontsultategian ez dute sendagilerik. Iaz ere antzera ibili ziren, maiatz eta irail artean. Herritarrek salatu zuten orduan ere erreferentziazko medikurik ez zutela izan. Hortaz, kexu ziren gaixotasun kronikoak dituzten pazienteek ez dutelako izan modurik jarraipena egiteko, eta mediku arta behar dutenean Lekeitiora joan behar dutelako. Han, agendan tarte bat libre duen medikuarengana bideratzen dituztela salatu dute oraintsu.
Lea-Artibaiko bizilagunok gutun bat ere idatziko diote arartekoari, euren egoeraren berri emateko. Mediku zerbitzua “lehenbailehen” behar dutela azpimarratu dute. EAEko Arartekoari gutuna bidaltzeaz gain, sinadura bilketa bat ere egin dute.
Lehen arreta indartzeko
Arratiako hainbat udalek ere aldarrikatu dute Osakidetzako lehen arreta indartzeko beharra. Hain zuzen, Igorreko eta Lemoako udalek joan den hilean Osakidetzari eskatu zioten baliabideak handitu ditzala. Lehen arretaren aldeko “apustu argia” aldarrikatu zuten.
Bertako egoeraren erradiografia egin zuten. Besteak beste, azaldu zuten Arteak eta Areatzak medikua partekatzen dutela, eta oporraldietan Igorrera jo behar dutela. Larrabetzun salatu duten bezala, han ere esan dute sarri aurretik abisurik eman gabe geratzen direla sendagilerik gabe.
Bestalde, gogora ekarri dute Lemoako pediatra ez dagoenean Igorrekoak artatzen dituela herri bietako haurrak. Bedian, berriz, erizainak erretiroa hartzen duenean ez dute etengabeko zerbitzu jarraitua eskainiko herrian. Osakidetzak jarriko duen ordezko erizaina Lemoan kokatuko dute, eta ordu batzuk besterik ez dizkie eskainiko Bediako erabiltzaileei. Mila biztanle pasatxoko herri horretako sendagileak ere erretiroa hartuko du hilabete batzuen buruan, eta lanpostu hori ere kentzeko asmoa dute.