Vicente eta Fernando Roscubas anai bikiek sortutako El espectador (Ikuslea) da Meatzaldea Goikoan berriki finkatutako artelanetako bat. Eskulturak altzairuzko oinarria dauka, eta haren norabidea ikustean dudak sortu zaizkie. Vicentek azaldu du horren zergatia: “Parkearen eta beste eskulturen orientazioagatik gaude zalantzatan”. Izan ere, obraren ikuspegiari garrantzi handia ematen diote. “Herrira begira dagoena da ikuspegirik naturalena eta pribilegiatuena, eta hori da ideia nagusia. Beste batzuk ikuspegi galduagoak dira, bizkarra ematen diote zenbait elementuri; arlo formalean, eskultura herrira begira jartzean lortzen da ikuspegirik onena”. Dena den, erabakia hartu aurretik beste zenbait aspektu kontutan hartuko dituzte. “Pentsatzen ari gara, herriaren eta eskulturaren artean ikuspegia oztopatzen duten zuhaitzak daude eta”.
Berez, altzairuzko oinarriaren gainean dago eskultura bera, eta bata bestearen gainean ipinitako sei buru luzangak osatzen dute. Vicentek dioenez, poliesterrez egindako buruek “forma totemiko bat” osatzen dute. Haren izenak argi uzten duen legez, ikuspegiaren kontzeptuarekin jokatzen du artelanak: “Angelu guztiak biltzen ditu; sei begirada direla esan daiteke. Oso ikusle indartsua dela esan dezakegu, dena ikusten du”.
Elkarreraginak sortuz
Fernandoren ustez, eskulturak eta ingurunea uztartzeko leku aproposa da parkea. “Oso leku ona da eskulturaren eta naturaren arteko elkarreragin bat sortzeko. Hainbeste jende datorren parke batean eskulturak jartzea parke hori aberastea da”.
Vicentek gaineratu duenez, “eraldatzen ari den gunea” da Zugaztieta. “Meategien historia kanpoko turistentzat erakargarria da. Gainera, parkea oso ederra da, eta eskulturak hemen jartzea, oso ideia interesgarria”.