Natalia Salazar Orbe
Gernika-Lumoko Merkatarien, Ostalarien eta Zerbitzuen Enpresen Elkarteak (GME) akordioa egin du paketeria enpresa batekin bazkideei etxez etxeko banaketa zerbitzua eskaintzeko. Akordioari esker, establezimendu horietako erosleei erosketak etxera eramateko zerbitzua eskainiko diete. “Lortu nahi duguna da ez dadin egon oztoporik jendeak etxetik egiteko eskariak eta euren etxera jarraian eramateko”. Hala azaldu du Naira Iturbe GMEko kudeatzaileak zerbitzuaren helburua. “Beste balio bat, plus bat eman nahi diogu Gernikan erosketak egiteari merkataritza zentroek eta kate handiek ematen duten zerbitzu hori emanda. Jendeak ez dezala izan oztoporik euria delako edo pisu handia duelako edo dena delakoagatik erosketak Gernikan egiteko. Aurrerantzean ez da egongo aitzakiarik”.
Joan den astelehenaz geroztik eskaintzen dute zerbitzua egitasmo horrekin bat egin dutenek. Egitasmora batuta dauden establezimenduak pegatina batekin identifikatuta daude. Zerbitzua astelehenetik barikura ematen dute, goizez eta arratsaldez. Gernika-Lumotik Foru eta Ajangizera arteko ibilbidean 24 orduko epea aurreikusi dute produktuak entregatzeko. Gernika-Lumotik Bermeora, Lekeitiora, Bakiora, Mundakara, Busturira, Morgara, Errigoitira eta Mungiara ere egingo dituzte banaketak. Horretarako, 24 eta 48 ordu artean aurreikusi dituzte.
130 establezimenduk egin dute bat egitasmoarekin. “Arropak, zerbitzuak, elikadura, burdindegiak, umeen dendak, altzarienak… Denetarik daude”.
Iturbek azaldu du jabetu direla erosleen ohituren aldaketez, eta ohitura berri horietara egokitzeko pauso bat dela hau: “Ikusi dugu jende askok erosketak online egiten dituela. Egoera honetan, gainera, jendea gero eta gutxiago ateratzen da etxetik. Nahi izan duguna da erosleoi helarazi lasai egoteko, gu joango garela haien etxera”.
Hori, batetik. Bestetik, kontuan hartu behar da elkartean elikadura dendak ere badituztela. “Supermerkatuek eta antzeko kate guztiek dute erosketak etxera eramateko aukera. Beraz, merkatari, autonomo eta enpresa txikientzat oso zaila da etxera eramateko kostu handiei aurre egitea. Era honetan aukera hori ematen dugu; harategiko produktuak etxera eramateko, esaterako”.
Zerbitzuaren ordainketa
Establezimendu bakoitzak erabakiko du garraio zerbitzu horrengatik bezeroak ordaindu beharko duen ala ez. “Hala ere, darabiltzagun prezioak oso-oso merkeak dira: euro bat Gernikatik Ajangiz eta Foru artera eramateko. Bermeo, Lekeitio, Mundaka eta bestelakoei dagokienez, bi eurokoa da kostua. Bezeroek egin beharko balute ordainketa hori ere. Ez da dirua”, esan du Iturbek.
Hainbat lekutan —Bilbon, kasurako—, beti-betiko hainbat denda itxi dituzte, eta hainbat lokal itxita eta hutsik daude. Gernika-Lumon, “zorionez”, egoera bestelakoa dela adierazi du Iturbek: “Arazoak gainditzen ari gara. Egia da baten batek denda itxi duela, baina egia da askok ireki ere egin dituztela denda berriak. Itxi dituzten baino denda eta taberna gehiago zabaldu dituzte”.
Herriko denden garrantziaz
Gernikakoa inguruetako herritarrentzako ere “beti plaza berezia” izan dela esan du GMEko kudeatzaileak. “Pandemian ere herritarrek Gernikaren aldeko apustua egin dute”. Garrantzitsu deritzo herrietako merkataritza mantentzeari. “Herriko dendetan erostea inportantea da. Haiek ematen dizute kaleko segurtasuna. Beste herrietan, pertsianak itxita ikusten dituzunean, segurtasun falta handia sentitzen da. Merkatariek bizitza ematen diote herriari. Herriko jendea batzen den tokiak dira; elkarrekiko harremanak ere merkataritzan, ostalaritzan eta horrelakoetan egiten ditugu. Horiek galduz gero, dena galduko dugu. Pandemiarekin harreman asko galdu ditugu. Merkataritza galduz gero, dena galduko genuke”.
Saltoki txikietan edo bestelako saltokietan dauden produktuek ere “zerikusirik ez” dutela uste du. “Gernika-Lumon daukagun kalitatea ez duzu aurkituko Bershka, Zara eta antzeko frankizietan”, ondorioztatu du.