Ibai Maruri Bilbao
Hego Uribeko udalerri guztietako ur zikinak Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak Sestaon duen Galindoko araztegira joaten dira, Arrankudiaga-Zollokoak eta Arakaldokoak izan ezik. “Ur partzuergoak estolda nagusi bat eraiki zuen, baina soilik Ugaoraino. Han gelditu zen obra, gurera noiz etorriko zain”, gogoratu du Arrankudiaga-Zolloko alkate Txutxi Ariznabarretak. Proiektua aspaldi diseinatuta dago, estolda hori nondik nora joango litzatekeen zehaztuta, eta aurrekontua ere kalkulatuta. Baina geldi dago, eta inork ez die esaten noiz ekingo dioten obra horri.
Aldi berean, orain, Laudion (Araba), Arrankudiaga-Zollorekin duen mugan, Basaurbeko araztegia eraikitzen ari dira, Nerbioiren arroaren goiko aldeko herrietako ur zikinak arazteko; baita beste bat ere, Aiarako Markijana auzoan. Arabako Aiaraldeko herrietako ur zikinak arazteko eraikiko diren arren, Orozkoko urak ere garbituko dituzte Markijanakoan. “Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldo bien artean gelditu gara; puntu beltz bat gara. XXI. mendean gure ur zikinak ibaira botatzen ditugu oraindik ere, eta hori onartezina da”, ohartarazi du Ariznabarretak.
Arakaldoko alkate Jabi Asurmendik ere eskandalagarria deritzo egoerari. Nerbioiren arro osoa kontuan hartuko duen estrategia bat falta dela uste dute. EH Bilduko hautetsiak dira alkate biak, eta koalizioak Batzar Nagusietan, Eusko Legebiltzarrean eta Espainiako Gorteetan dituen ordezkariak hiru gobernuei presio egiten dabiltza, konponbide bat aurkitu dezaten.
Hein handi batean, udalen ardura da ur zikinen kudeaketa. Baina normalean tokiko erakundeek ez dute izaten gaitasun ekonomikorik araztegi bat eraikitzeko behar den inbertsioa egiteko. Udalerri bietan handiena Arrankudiaga-Zollo da —989 eta 160 biztanle dituzte erroldan—, eta haren aurrekontua ez da bi milioi eurora iristen. Putzu septikoetan garbitzen dituzte ur zikinak, baina horiek, gehienbat, hondakin solidoak kentzeko baino ez dute balio.
Diru laguntzak falta direlako ere kexatu dira. Izan ere, Bizkaian uraren kudeaketari dagozkionak jasotzeko, ia ezinbestekoa da Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko kide izatea. Alkate biek salatu dute hori, eta aurretik ur partzuergotik kanpo dauden Bizkaiko beste zenbait udalek ere agertu dute antzeko kexua. “Administrazioaren berdintasun printzipioa apurtzen da, eta ur partzuergoan ez gauden herriak desabantailan gaude”, esan du Asurmendik. Ez zaio zuzena iruditzen ur partzuergoak esatea ez duela kide ez diren herrietako ur zikinen erantzukizunik, jakinda diputazioaren ia diru laguntza guztiak jasotzen dituela. Hain zuzen ere, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko zuzendari nagusi Pedro Barreirok arrazoi hori eman du estolda soilik Ugaoraino egin izana justifikatzeko. Azaldu du obra geldi dagoela, hura egiteko kostua “oso handia” delako oraindik —hogei milioi euro 2019ko aurrekontuan—.
Arrankudiaga-Zollok “hanka bat partzuergoaren barruan eta bestea kanpoan” duela esan du Ariznabarretak: “2018an, partzuergora sartzeko eskatu genuen. Azterketa tekniko zabala egin zen, eta, 2020ko udaberrian, soilik falta genuen ur partzuergoaren batzar orokorrak onartu eta sarrera modu ofizialean sinatzea; udalak udalbatzan onartua zuen jada. Pandemia etorri zen, zerga bilketak behera egin zuen nabarmen, eta diputazioak erabaki zuen ez zela azpiegitura handien garaia. Ordutik, etenda dago guztia”. Ur partzuergoan sartzeko garaia noiz iritsiko dauden honetan, akordio bat egin dute oraintsu Arrankudiaga-Zolloko Udalaren eta Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren artean. “Ur biltegi berri handi bat behar da, hainbat ponpatze sistema jarri behar dira… Horretan hasiko gara, eta apirileko fakturazioa ere, adibidez, ur partzuergoak berak egingo du”, dio Ariznabarretak.
Arakaldon bestelakoak dira gauzak: ez daude ur partzuergoan, eta sartzeko asmorik ere ez dute; ez, behintzat, orain agintean dagoen udal gobernuak, Asurmendik dioenez. “Energia burujabetzan denok argi daukagu oinarrizko zerbitzua dela, baliabideak eta energia iturriak demokratizatu behar direla. Ura ere ezinbesteko zerbitzua da, eta guk uste dugu, tokian tokiko burujabetzaren ikuspuntutik, herriaren esku egon behar dutela baliabide horiek, eta herriak berak kudeatu behar dituela, bere beharren arabera”. Partzuergoaren bidea beste bat dela uste du.
Haienetik Bilboraino
Uraren Euskal Agentziakoak sarri joan zaizkie kontu eske, ur zikinen arazoa konpondu barik dutelako. Industrialdeak daude herri bietan, eta haietako ur zikinak ere soilik putzu septikotik igarota isurtzen dira Nerbioi ibaira. “Ez da gure arazoa bakarrik. Ibaian behera, itsasoraino joaten dira gure ur zikinak. Bilbon ere gure ur zikinak daude”, esan du Ariznabarretak.
Asmoa da Arakaldoko ur zikin guztiak eta Arrankudiaga-Zolloko Atxeta auzokoak Laudiora igotzea ponpatze sistema baten bidez, eta Arrankudiaga-Zolloko gainerako auzoetako urak, berriz, Galindora eroatea Ugaorainoko estolda luzatuta. Asurmendik ez du argi ikusten konponbide hori. “Esango nuke askoz jasangarriagoa dela urek euren bidea egitea eta arroan behera joatea Galindoraino”. Hala ere, bata edo bestea izan, konponbide bat nahi dute. Aldi berean, herrian araztegi ekologiko bat egiteko proiektua garatzeko asmotan daude Arakaldon, arazoa euren kasa konpontzeko. “Oraindik zero fasean gaude”. Ur zikinak tratatzeko bide biologikoak erabiliko lituzkete.