Ezker abertzaleak, Alternatibak, Eusko Alkartasunak eta Aralarrek ez dute begiko Bizkaiko Foru Aldundiak krisi ekonomikoa gainditzeko darabilen politika. “EAJk zorigaiztoko apustuak proposatu ditu Bizkaiarentzat, iparrik gabeko apustuak, zentzurik ez dutenak”, salatu dute lau alderdiok. Haien irudiko, sektore guztietan egin beharko lirateke inbertsioak, “garatu eta aberastasuna sortu eta banatzeko”.
Ezker abertzaleko Mikel Etxaburuk, Alternatibako Asier Vegak, EAko Arri Zulaikak eta Aralarreko Dani Maeztuk egin dute herrialde historikoko egoeraren interpretazioa. Etxaburuk egin ditu bozeramaile lanak: “Jasaten ari garen krisialdi sistematikoa klaserik behartsuenak jotzen ari da, eta erabateko txirotasunera kondenatzen ditu. Baina, bien bitartean, egoera jasanezin hau luze gabe —eta are gutxiago luzera begira— konpontzen lagunduko ez duten erreformak ezartzen dizkigute erakundeek”. Haren esanetan, foru aldundiaren inbertsio politikek “egoera hori larritu baino ez dute egiten”.
Lau alderdiok uste dute ekonomia alorreko foru politikak “titulu handikoak baina eduki gutxikoak” direla; alegia, “erakusleihoko politikak baina ibilbide laburrekoak”. Gainera, salatu dute politikok sortutako “prekarietatea gero eta gehiago areagotzen” ari dela, gizarte politiketan egiten ari diren “murrizketekin batera”.
Proiektu handien apustua
Etxaburuk gogorarazi duenez, “industria ehunaren desegite progresiboari aurre egiteko, ekonomiaren tertziarizazioaren alde egin zen. Alde bakarraren alde egin zen: Guggenheim efektuaren eta turismoaren alde”. Hala, esan dute egun “apustu horren ondorioak” agerikoak direla. “Milaka lanpostu zuzen ematen zituzten enpresak zeuden lekuetan, enpresa handiak zeuden eremuetan, egunero milaka langilek soldata irabazi eta familia aurrera ateratzen zuten horietan, egun merkataritza gune handiak daude; lan prekarietatea jaun eta jabe den eta inork soldata duin bat atera ezin duen eremuak, hain zuzen ere”, salatu du.
Esan dute lurraldea proiektu erraldoiz bete dutela; aireportua, Iberdrola dorrea eta Bilbao Exhibition Centre aipatu dituzte. “Bilbao Exhibition Centre estrategikotzat jo zuten, baina egun hondorik gabeko zulo bat baino ez da bizkaitarron poltsikorako, etorkizuna auzitan duena, Supersurrekin eta Artxandako tunelekin gertatzen den bezala”. Azpiegitura horiek “bizkaitarren zergekin” ordaindu zirela diote, baina “gutxi batzuk” aberastu zirela.
Horrekin batera, diputazioaren “gezurrak” salatu dituzte. “Ohitu egin gara gezur biribil bihurtu diren prentsa titulu handietara. Bestela, nola deskribratu enpresak etengabe ixten ari zirela-eta Enkarterrin Habidite enpresa abian jarri eta ehunka lanpostu sortzeko promesa? Eta arduradun jeltzaleek Urdabaiko Guggenheim horren alde egindako apustua? Nola interpreta dezakegu Guggenheim hori, ez bada ez dagoela dirurik Urdaibaiko garapen sozioekonomikorako?”.
Alderdi horiek alternatiba bat aurkeztu nahi diote horri guztiari, gizarte eragileekin adostuta. Horretarako, asmoa iragarri dute harreman dinamika bat sortzeko. Konpromisoak sektoreka hartu dituzte, eta hitzaldi sorta bat antolatu dute horiek azaltzeko: maiatzaren 7an, Zornotzan; 8an, Bilbon; eta 10ean, Gernika-Lumon. 19an, aurkezpen nagusia egingo dute, Casillan, 18:00etan.