Asteburu honetan hasiko dira Bizkaiko eskualdeetako bertsolari txapelketetako finalak. Bihar ekingo diote bertsolariek euren dohainak erakusteari, Barakaldon: 17:30ean, Clara Campoamor kultur etxean bertan erabakiko da zein den aurtengo Enkarterriko txapelduna. Igandean, berriz, Hego-Uribeko bertsolararirik onenak arituko dira, Arrigorriagako Lonbo aretoan, ordu berean.
Ekainaren 10era bitartean jokatuko dira beste sei eskualdeetako finalak: maiatzaren 11n, Durangaldekoa, Abadiñoko probalekuan (22:00); 12an, Arratiakoa, Zeanuriko frontoian (17:30); 19an, Lea-Artibaikoa, Ondarroako kafe antzokian (17:30); ekainaren 2an, Uribe Kostakoa, Getxoko Villamonte kultur etxean (17:30); 9an, Uribe-Butroekoa, Sondikako kultur etxean (17:30); eta 10ean, Busturialdekoa, Bermeoko kafe antzokian (17:30).
Letra zopa bat aukeratu dute eskualdeko txapelketaren ikur izateko. Hor, honako hitzak nabarmendu dituzte: Bertsoeskola, herria, zabaldu eta plaza. “Lau berba nabarmendu ditugu, gure filosofia eta helburu nagusiak irudikatzen dituztelako”, azaldu du Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakari Asier Ibaibarriagak.
Bertso eskolei esker, zaletasuna herrialde osoan zabaldu da, eta Bizkaiko bertsolaritzaren mapa “eten barik aldatuz” doa. Hala adierazi du Bizkaiko Bertsozale Elkarteko sustapen arduradun Jokin Castañosek, bederen: “Eskualdeetako txapelketak horren ispilu dira”. Bilakaera horretara egokitzeko asmoz, aurreko txapelketetan Bilboaldea gisa izendatzen zen eskualdea Hego Uribe izango da honako honetan.
Zortzi eskualdeetako txapeldunek zuzenean lortuko dute Bizkaiko Txapelketan lehiatzeko aukera. Gainerako bertsolariak puntuazioaren arabera sailkatuko dira, 30eko taldea osatu arte. Hala ere, 2010 aurretik finalista izan direnek lehentasuna dute: zuzenean pasatuko lirateke, aurten parte hartu nahiko balute. Ostera, 2010eko finalistak zuzenean sailkatuko dira finalaurrekoetarako. Finala abenduaren 15ean izango da, baina Bertsozale Elkarteko kideek ez dute oraindik ezagutarazi nahi izan zein tokitan jokatuko den.
Elkarteko kideekin batera, Euskara Sustapenerako foru zuzendari Miren Dobaranek ere parte hartu du aurkezpenean. Azpimarratu du bertsolaritza “produktu erakargarria” dela hizkuntzaren erabilera sustatzeko, bai euskara ikasten dabiltzanen artean, bai gazteen artean. Horrez gain, “bizkaiera transmistitzeko tresna egokia” iruditzen zaio bertsolaritza. Komunikabide digitalek euskara normalizatu eta sustatzeko duten garrantziari ere aipamen egin dio. Haren ustez, bertsolaritzak “egina dauka plaza digitalerako jauzia”.
Bertsozaleek aukera izango dute txapelketaren berri izateko, sare sozialen bidez eta sortu berria den webgune baten bitartez. Asteon jarri da martxan www.bizkaikotxapelketa.biz ataria. Hor, txapelketen gaineko informazio eguneratua jasoko da. Horrez gain, Plaza izeneko bloga abiarazi dute, zaleek euren bideo, testu, bertso eta argazkiak jar ditzaten. Twitter, Facebook eta Berriketan.info sare sozialetan ere presentzia izango dute.