Sarraskien muineraino

Sarraskien muineraino

Natalia Salazar Orbe

Durango, Bilbo, Galdakao, Dima, Elorrio, Gernika. Sirena eta kanpai hotsen abisuen ostean eroritako bonbek astindutako udalerriak dira denak. Beldurra, suntsiketa, zaurituak eta hildakoak eragin zituzten eraso haiek guztiek. Sarraskion 85. urteurrena bete da, eta herriz herri gertatutakoa oroitzeko jarduerak antolatu dituzte. Elorrion eta Durangon martxoaren 31n egin zituzten ekitaldi nagusiak: Elorrion, frankismoaren errepresioaren biktima guztien omenez lore eskaintza egin zuten; Durangon, urte osorako programazio ondu dute.

Gero eta informazio gehiago dago Durangoko bonbardaketari eta haren ondorioei buruz. Hala ere, xehetasun asko ikertzeke daude oraindik. Lan horretan dihardu Durangaldeko Gerediaga elkarteak. 85. urteurrenaren harira, Jon Irazabal elkarteko bazkideak Durango, 1937ko martxoak 31, bonbardaketa liburua argitaratu berri du. “Memoriaren garrantzia” azpimarratu du egileak, “baina ez errebantxa asmoz, baizik eta Historiatik ikasteko zer gertatu zen, berriro gerta ez dadin”.

Liburuak orain arte jendaurrean zabaldu gabe zeuden zenbait datu eta bitxikeria eman ditu argitara. Irazabalen ustez, “ekarpen nagusia izan da jakitea zein unitate militarrek egin zuen bonbardaketa: 214. eskuadrillak”.

Eskuadrilla horretako kideak eta buruak nortzuk izan ziren ere argitu dute. “Durangoko harakina esaten diodan pertsonaia xelebrea aurkitu dugu”, esan du. “Ferdinando Rafaelli teniente koronela zen. Hark zuzendu zituen Durangoko hiru bonbardaketak eta Dimakoa, Galdakaokoa eta Bizkaiko eta handik kanpoko beste hainbat ere bai”. Haren jardunean arreta eman dion praktika bat azaldu du Irazabalek: “Bitxiena zen bere hegazkinean, kanpoko alderdian, zerrenda bat egina zuela. Hartan idatzita zeuzkan bonbardatu zituen herrien izenak eta datak. Harro zegoen ehunka pertsona hiltzeagatik”.

Irazabalek aipamen berezia egin dio militar horrek Durango eta beste herri batzuk bonbardatu aurretik eta ostean egin zuen ibilbideari ere. “Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuen, Mussoliniren tropekin. Gerraostean ere, Italiako armadan jarraitu zuen”. Nabarmendu duenez, “Rafaelli aireko armadaren buru zela egin zituzten Durangoko hilketak. Eta, gero, 1950eko hamarkadan, NATOko jeneraletako bat izan zen. Hamarkada horretan bertan aireko armadan egin zuen lanagatik, Alemaniak, Italiak eta Espainiak domina eman zioten”. Durango bonbardatzeko prozesua zer-nola garatu zen ere gogora ekarri du: “Durangokoa alemaniarrek planifikatu zuten, eta italiarrek gauzatu, espainiarren aginduz edo eskariz”.

Proba militarra

Argi dute erasoa “proba militar gisa” planifikatu zutela. “Argazkilari bat zihoan eurekin hegazkinean. Bonbardaketaren argazkiak atera zituen, gero aztertzeko zer emaitza izan zuten erasoek”. Analisi haietako bat Alemanian aurkitu dute. “Eibar, Durango eta Gernikako bonbardaketak ere aztertu zituzten. Interesgarritzat jo zituzten, euren inguruetako nazioetako herrien antza dutelako. Hona etorri ziren ikastera zer-nola egin ahalik eta kalte handiena bonbardaketekin”, esan du Jon Irazabalek.

Azpimarragarria deritzo Durangoko bonbardaketak nazioartean izan zuen oihartzunari ere. “Durangoko bonbardaketa Europan eta munduan salatzen ari zirela gertatu zen Gernikakoa. Horrek ordezkatu zuen Durangokoa nazioarteko salaketetan”.

Sinetsita dago, gainera, Durangokoa izan zela Gernika koadroaren inspirazio iturri. “1937ko Maiatzaren Lehenean Parisen egin zen manifestazioan, Durango izan zen protagonista nagusia. L’Humanite egunkariko langileak greban zeuden, baina manifestazioan Durangoko bonbardaketaren argazkiak jasotzen zituen liburuxka bat banatu zuten. Gernikakoa apirilaren 26an izan zen, baina ordurako L’Humanite-k prestatua zuen liburuxka”. Handik egun batzuetara liburuxka egunkariarekin berriro banatu zutela azaldu du Irazabalek. Orduan bai, Gernikako erasoaren berri ere eman omen zuten. “Historialari batzuk diote, garai hartako teknologia aztertuta, Gernikako bonbardaketa salatuko zutela, baina irudirik gabe, argazkiak Euskal Herritik Parisera eraman eta han inprimatzeko denbora gehiago behar zutelako”, esan du. “Beraz, historiagile batzuek esaten dute Picasso maiatzaren 2an hasi bazen Gernika pintatzen, benetan Durangoko bonbardaketaren irudiak ikusita inspiratu zela”. Bitxikeria moduan besterik ez du aipatu. “Gernika izena du koadroak, baina berdin islatzen ditu Gernika, Kiev eta Durango”. Hain justu, lehengo asteartean Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, Espainiako Kongresuan egindako hitzaldi telematikoan, Gernikako bonbardaketarekin konparatu du Ukrainako gerra.

Gerediaga elkarteak hamarkadak daramatza memoria lantzen. 1987an erakusketa bat egin zuten, bonbardaketari buruz. Gaiarekin lotuta herrian egin zuten lehen jarduera izan zen. Hamar ekitaldi zeuzkaten pentsatuta, baina bakarra egin zuten. “Euskal Herriko hainbat erakundetara jo genuen, eta argi esan ziguten eurentzako Gernika baino ez zegoela. Kultur erakunde batean harrituta galdetu ziguten: ‘Baina Durango bonbardatu egin zuten, ala?’. Ezjakintasuna nabaria zen”.

ITALIAKO HEGAZKINA (BONBARDAKETA)

Memoria historikoa

Elkarteak memoria historikoa berreskuratzeko egin duen “lana” goraipatu du Irazabalek. “Orain boladan dago, baina, garai hartan, ez zen ulertzen memoria historikoaren gaia. Mezu anonimoak ere jaso genituen gauzak geldi uzteko eskatuz: ‘Ez ukitu hildakoak’ edo ‘ez zabaldu Pandoraren kutxa'”.

Hasieran zaila egin zitzaien lekukotzak lortzea. “Berba egiteko beldur ziren”. Haren ustez, hori gertatzen zen “Gernikak ez zuen bekatu bat” zuelako Durangok: 1936ko irailaren 25ean, bonbardatu egin zuten, eta pertsona batzuk hil zituzten. Batzuek diotenez, Durangoko kartzelan zeuden eskuineko presoak atera zituzten, hilerrira eraman eta fusilatu, mendeku gisa. Francoren tropak sartu zirenean, ELA, EAJ, UGT eta PSOEko hainbat kide fusilatu zituzten, berriro mendeku moduan”. Gertaera haien ondorioz, “isiltasuna” izan da nagusi herrian. “Askok ez zuten berbarik egin nahi. 40 urtean hori lortu dugu: gaia plazaratzea eta askok barruan izandako korapiloa kaleratzea”.