“Ezarritako” egiaren ordez “benetakoa” aldarri Gernika-Lumon

“Ezarritako” egiaren ordez “benetakoa” aldarri Gernika-Lumon

N. Salazar Orbe

Urteetan gerraren aurkako sinbolo bilakatu da Gernika-Lumo, eta han ere hainbat jarduera antolatu dituzte 1937ko bonbardaketak gogorarazteko. Hilabete osoko egitarauaren bidez, gogora ekarriko dute apirilaren 26ko astelehen hura. “Egia, aitortza, memoria, justizia eta etorkizuna” eskatu dituzte berriz ere, “85 urteren ostean, oraindik, Gernika bonbardatu zutenean ezarritako egia bakarra, ofiziala, Francok Gernikaren errautsen gainean eraiki zuena baino ez dagoelako”. Hala azaldu du Ibon Meñika Gernika Memoriaren Lekuko plataformako kideak; talde horrek antolatu ditu jarduera guztiak.

“Francok adierazi zuen Gernika gorriek, abertzaleek eta separatistek bonbardatu zutela. Azken urteetan egin da lanketa parlamentarioa horren inguruan berba egiteko. Nahiz eta kontakizunean ñabardura batzuk sumatu, egia ofizialari heltzeko borondaterik, gaitasunik, ausardiarik eta beharrik ez da nabari”, esan du Meñikak. Horregatik aldarrikatuko dute “benetako egia”.

Joan den martitzenean hasi zituzten jarduerak. Ohiko bihurtu diren ekitaldiez gain, hainbat hitzaldi, film emanaldi eta poesia errezital antolatu dituzte. Meñikak azaldu du memoria lantzeko hainbat modu planteatuko dituztela horiek guztiek: “Memoria ez da soilik iraganari begiratzen dion zerbait; aurrera begirako eta gaurkoarekin konektatzeko bitarteko bat da”.

Uste du memoria bitarteko bat dela: “Nondik gatozen jakin behar dugu, eta erantzukizun eta arduraz jokatu horrekin, baina, batez ere, gaurkoa lantzeko eta borrokatzeko eta biharkoa eraikitzeko bitarteko izanda”. Helburu horri lotuta antolatu dituzte Gernika-Lumoko jarduerak.

Sirena hotsa, lau minutuko geldialdia eta kandelen manifestazioa bezala “oso instituzionalizatuta” dauden jarduerak ez dira faltako. Gernika 2037 webgunea ere aurkeztuko dute. Lobak elkarteak eta Arkibai arkitektura taldeak ondu dute. “Egungo baliabide teknologikoen bitartez Gernikak bere historia kontatzeko modu bat da. Biltegi bat da, Gernikak bere bilakaeraren kontakizuna egin dezan”.

Ez errepikatzeko deia

Urteurreneko ekitaldiak baliatuko dituzte munduan barrena “Gernika gehiago sortu ez daitezela” eskatzeko. “Ez hemen, ez beste inon”, esan du Meñikak. “Erantzukizun horri” heldu nahi diote, munduan dauden hainbat gerra eta gatazka ikusita “aktualitate” direla uste baitu. “Jende asko erabiltzen ari da Gernika koadroa gaur egungo egoera konplexuak salatzeko”.

Haien ustez, “bistakoa da Gernika bidegabekeria eta sarraski horien guztien ikono artistiko unibertsala dela”. Haren esanetan, “koadroak zentzu guztia, konexiorik handiena lortzeko aukera bakar bat dago: koadroa sortu zuenaren iturriarekin bat egitea. Hori Gernikan bakarrik lor daiteke. Gernika Euskal Herria bezala ulertuta”. Beraz, oraindik ere “Gernika Gernikara eskaerak zentzu guztia” duela dio: “Gu gara edukia, eta koadroa, edukitzailea”.