Natalia Salazar Orbe
Goizean goiz hasten dute beren jarduna, eta gauera arte ibiltzen dira, etenik gabe, Bilboko itsasadarraren alde batetik bestera igaro nahi duten bidaiariak eramaten. Gasolino izenez ezagunak diren txalupa motordunon erabiltzaile kopuruak behera egin du azken urteetan, bidaiariek bestelako loturak aurkitu dituztelako —Arrondegiko zubia eta Bilboko Metroa, nagusiki—. Gasolinoen funtzionamendua berregituratzeko proposamena egin du orain Ezker Anitza-IUk. Beren ideia aurkeztuko dute datozen hilabeteetan Barakaldoko eta Erandioko udaletan, Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean.
Israel Escalante Ezker Anitza-IU Bizkaia alderdiko koordinatzaile eta batzarkideak azaldu du itsasadar osora zabaldu nahi dutela txalupon jarduera, bi ertzak lotuko dituen ibaiko garraio publikoko linea gisa. “Ahots adituak itsasadarraren nabigagarritasunari eustea eskatzen ari dira, eta, beraz, erakundeetatik lan egiteko unea dela uste dugu gure ondare historiko eta industrialaren parte den zerbitzu bati irtenbide bat bilatzeko”, esan du.
Oraingoz, itsasadarreko garraiobide berregituratu horrek izan beharko lukeen egitura aztertzeko eskatu dute. Lekuaren arabera zer behar dagoen aztertzea gura dute.
Erandio eta Barakaldokoa
Barakaldo eta Erandio lotzen dituen gasolinoa da kontuan hartu dutena. Beste batek Areeta eta Portugalete lotzen ditu. “Bestelakoan ere aztertzen ari den txartel bakarra ezartzeko proposamena da gurea”, esan du. Beraz, gasolinoan Barik txartela ezartzeaz gain, leku batetik bestera garraio publikoan egin beharreko bidaiek prezio itxia izatea aldarrikatzen dute: “Proposatzen duguna da Portugaletetik Erandiora doanak berdin ordaindu behar izatea trenez eta botez egiten badu edo ibilbidea metroz egiten badu”.
Txalupen garraio sistema berregituratu egin beharko litzateke. Hain zuzen, Ezker Anitza-IUk ontzi kopurua handitzea proposatu du, “egungo gasolinoaren iraupena defendatzeko”. Horretarako, garraio zerbitzu erregularra eskatu dute. Eguzki energiaz elikatutako ontzi berriekin flota handitzea da haien asmoa, eta beste garraio linea batzuekin koordinatzea: hala nola Renfeko aldirikoekin eta Bilboko Metroarekin batera. “Horrela, Deustuko erriberako biztanleak minutu gutxi batzuen buruan iritsiko lirateke Zorrotzako tren geltokira, edo Lutxanako bidaiari batek Getxorako metroa hartu ahalko luke San Ignaziora joan behar izanik gabe”.
Berregituraketa hori guztia egiteko, “Bizkaibusen gertatu zenaren kontrako prozesua” proposatu dute: “Bizkaibus publikoa zen hasieratik, eta gero azpikontratatutako enpresak daude. Gure kasuan kontrakoa da: zerbitzu pribatu bat dago, eta erakunde publikoek, hortik abiatuta, handitu egiten dute zerbitzua beste itsasontzi batzuen bidez”, azaldu du Escalantek.
Garraio sistema berri hori turismoa erakartzeko ere baliagarria izango dela deritzote. Ezker Anitza-IU sinetsita dago gasolinoari beste funtziorik eman ezean txalupa horiek ez dutela etorkizunik izango. Gainera, uste du Bizkaiko Foru Aldundiak Barakaldo eta Erandio lotzeko iragarri duen oinezkoentzako zubiak kalte egin diezaiokeela gasolinoaren zerbitzuari: “Gasolinoarekin Erandiotik Barakaldora eta alderantziz pasatu zaitezke. Zubia eraikitzen dutenean, ordea, ez du izango zentzurik. Ez duzu zain egon beharko, ez duzu ordaindu beharko, doan izango da, txirringaz pasatu ahalko zara. Horregatik proposatzen dugu ontziari beste zentzu bat eman diezaioten”.
Uste du Bordelekoa (Okzitania) izan daitekeela har daitekeen eredua: “Garraio publikoen sarean txertatuta dituzte ontziok. Bordeleko garraio publikoen mapari begiratuta, ikus dezakezu zer-nola konektatu dezakezun ibaiertz batetik bestera. Txalupak eramaten zaituen beste aldean metro geraleku bat edota bizikletak alokatzeko postu bat aurkituko duzu, aurrerago dagoen zubiraino joan eta gurutzatu behar izanik gabe”.
Horregatik, azpimarratu du garrantzitsua dela sistema berregituratzen dutenean txalupen geralekuak non jarri ondo hausnartzea. “Kontuan hartu beharko da non dauden tren edo metro geralekuak eta bestelakoak, eta baita oraindik zutik dirauten ontziralekuak ere. Asko geratzen dira. Denak ez dira luxuzko kafetegi bihurtu behar”, esan du ironiaz, Olabeagan 1894an eraiki zuten mea zamatzeko eremuan jarri duten jatetxe baten terrazari aipamen eginez. “Batzuk erabilgarriak dira”, bukatu du.