Zabortegietara, gutxi eta kutsatu gabe

Gipuzkoako Foru Aldundiak Bizkaikoarekin zuen hitzarmena eztabaidagai bihurtu da azken asteetan Bizkaiko Batzar Nagusietan; hondakinak Igorreko zabortegira ekartzeko ituna, alegia. Baina zer gertatzen da bizkaitarrok sortzen ditugun hondakinekin? Nork biltzen ditu, eta nola kudeatzen dira?

Bizkaian, udalek edo mankomunitateek dute zaborra biltzeko eskumena, gure hiri eta herrietako kaleetan dauden edukiontzien bidez. Kamioietan eramaten dituzte hondakin guztiak, Bizkaiko Foru Aldundiak Gernika-Lumon, Zallan, Durangon eta Berriatuan dituen plantetara. Gero, Ingurumen Saila arduratzen da bildutako hori kudeatzeaz. Herri guztietan, lau koloretako edukiontziak daude: urdina, papera eta kartoia botatzeko erabiltzen dena: berde argia, beirarentzat; horia, plastikozko ontzientzat; eta berde iluna, gainerako zaborra botatzeko. Iaztik, Bilboko Deustua auzoan beste bat dute: marroia, materia organikoa biltzekoa. Biodegradagarriak diren hondakin horiekin konposta egitea da asmoa.

Urtebeteko proba sasoia igarota, Bilboko Udalak eta Ingurumen Sailak balorazio positiboa egin dute. Hala, foru aldundiak 650.000 euroren diru saila onartu du herrialdeko udalek bosgarren edukiontzi hori haien herrietan ere jar dezaten: edukiontziak, konposterako poltsak, etxeko ontziak eta bestelako baliabideak finantzatzeko izango dira 500.000 euro; gainerako 150.000 euroak, berriz, sentsibilizazio planetarako. “Hondakinak biltzeko ardura udalena da; beraz, bakoitzak ikusiko du bosgarren edukiontziaren alde egiten duen edo ez. Gure apustua, behintzat, hori da”, azaldu du Iñigo Ansolak, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Azpiegituren zuzendariak. Azkenean Bizkaian sortzen diren hondakinen %4 konposta egitera bideratzea da asmoa; alegia, 24.000 tona urtean.

Deustua, eredua

Hainbat herritarrek eman zuen izena proba egiteko. Edukiontziek giltza bat dute, eta boluntario direnek baino ezin dute materia organikoa hor utzi. “Gure helburua da oso kalitate oneko konposta egitea. Gaikako bilketan, organiko asko biltzen genuen, baina arazoa zen gero zer egin haregaz. Organikoa ondo bilduz gero, kalitate oneko konposta egin genezakeela ikusi genuen”. Horretarako sortu zuten bosgarren edukiontzia.

Marroian, bada, ezin da utzi edozein materia organiko. Janek frijitu gabe egon behar dute. “Prestatuta egon daitezke, ordea. Adibidez, ogiak balio du, eta labean egina dago. Kontua ez da gordinik egotea, oliotik pasatu barik egotea baizik”. Boluntario horiek ikastaro bat egin zuten, eta, giltzari esker, aldundiak badaki edukiontzia erabiliko duenak ez duela edozein materia organiko botako. Edukiontzi marroietan bildutakoa ez ezik, inausketa eta lorezaintza bidez lortutako hondakinak eta merkataritza gune handiek zein MercaBilbaok sortzen duten materia organikoa ere erabiltzen da konposta egiteko.

Materia organiko hori Artigasera eramaten dute —Bilbo eta Alonsotegi artean—, Ekoparke deitutakora. Zabortegia, Zabalgarbi errauste planta eta iaz inauguratutako konpostatze planta daude han. Gainera, datorren urtean, tratamentu mekaniko-biologikorako zentroa zabalduko dute. Hiri hondakinen kudeaketarako bigarren plan integralean, honako helburu hau finkatzen da 2016rako: zabortegira ezingo da bota aurrez tratatu gabeko zaborrik. Hori izango da, bada, tratamentu mekaniko-biologikorako zentro horren egitekoa. Ansolaren esanetan, datorren urtean bertan, 2013an, helburua betetzeko moduan egongo da aldundia.

Bizkaian, urtean sortzen diren 600.000 tona hondakinen herenak gaika jasotzen dira —birziklatzeko edukiontzien bidez edo Garbiguneetan—, eta beste erabilera bat ematen zaie, edo birziklatu egiten dira. Beste herenak Igorre eta Jatako zabortegietara eramaten dira. Eta gainerakoak Zabalgarbin erretzen dira.

Gaur-gaurkoz, betiko edukiontzi berdeko zaborrak hondakinen bi heren hartzen ditu. Zabalgarbin erretzeko balio ez duena zabortegira eramaten da. Datorren urtetik aurrera, egun zabortegietara eramaten diren 170.000 tona hondakin Artigasen inauguratuko den tratamentu mekaniko-biologikorako plantara eramango dira. Planta horretan, besteak beste, biohondakinak sortuko dira eta BES egingo da, berreskuratutako erregai solidoa. Biohondakin horiek, hain zuzen, zabortegian ahalik eta kalte gutxiena egingo dutenak dira; alegia, airera ez dute biogasik isuriko, ezta lurrera lixibiaturik ere.

Ansolaren esanetan, zabortegiak ez erabiltzea ametsa da, baina ez da inoiz lortuko. “Helburua da ahalik eta gutxiena erabiltzea. Horretarako, hondakin gutxiago sortu behar da, eta sortzen denari bestelako erabilera bat eman”. Bizkaian, azken urteetan, hondakin kopuruak behera egin du. Horregatik ez da, besteak beste, Zabalgarbiko beste errauste planta eraikiko. Hala erabaki dute Batzar Nagusiek oraintsu. Ansolak dio krisiak eragina izan duela horretan, baina baita kontzientziazio politikek ere: “Jendea arazoaren jakitun da, eta saiatzen da ahalik eta hondakin gutxien sortzen”. Dena den, onartzen du zaborra sortzeko orduan kontsumitzaileak beste erantzukizun duela ekoizleak ere.

Oposizioa, zatituta

Batzar Nagusietako beste taldeen artean, denetariko erantzunak aurkitu ditu aldundiak. PSE-EEk eta PPk ontzat jotzen dute Bizkaian dagoen hondakinen kudeaketa eredua, eta begi onez ikusi dute bosgarren edukiontzia zabaltzeko asmoa. Bilduk, ordea, gogor gaitzetsi du. Koalizioaren iritziz, orain arteko kudeaketaren “porrota” estaltzeko egin dute bosgarren edukiontziaren aldeko apustua. Gainera, ez dute uste horrela zaborra gutxituko denik. Asier Vega batzarkidea hala mintzatu da: “Zero zaborraren aldeko apustua ez da bateragarria Zabalgarbiri emandako bultzadarekin. Hondakinen kudeaketak sortzen duen arazoa ez da konponduko, areagotu baizik”. Izan ere, Bilduko batzarkideen iritziz, errausketaren bidez “atmosferara isurtzen diren substantzia arriskutsuak sortzen dira, baita zabortegietan bukatzen duten eskoria tonak ere”.

Hondakinen %40 inguru izaten dira organikoak. Hala, Bilduk egindako kalkuluen arabera, Deustuan 3.673 tona sortuko lirateke urteko. “Baina diputazioak eta Bilboko Udalak sukaldean prestatu gabeko materia organikoa bakarrik biltzea erabaki dutenez, urtean 63 tona baino ez lirateke bilduko. Atez atekoa martxan dagoen Gipuzkoako udalerrietan, berriz, etxebizitzetan sortutako organikoaren ia %100 biltzen da”, adierazi du Vegak, konparazioa eginez.

Gainera, kosta egiten zaie sinestea bosgarren edukiontziaren aldeko apustua “benetakoa” denik. “Hala balitz ere, ez dirudi edukiontzia zabaltzeko onartu dituzten 600.000 euroak nahikoa izango direnik. Zabalgarbi kostatu den eta kostatzen ari den milioi mordoarekin alderatuta, kopuru barregarria da”, salatu du Bilduk.