Olatz Enzunza Mallona
Aro digitalean jaiotakoak dira gaur egungo gazte asko, eta, beste kontu batzuen artean, teknologia berriek aukera eman diete pornografia azkar, doan eta erraz kontsumitzeko. Egoeraz jabetuta, Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitateko Berdintasun Sailak sexu indarkeriaren eta pornografiaren kontsumoaren inguruko sentsibilizazio, prestakuntza eta prebentzio kanpaina bat abiatuko du gaur, Emargi gizarte ekimeneko kooperatibarekin elkarlanean. Momentuz, proba pilotua izango da, eta Sopelako Iberre institutuko DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako ikasleei zuzenduta egongo da. Hala ere, aurrerantzean, eskualdeko Bigarren Hezkuntzako gainerako ikastetxeetara zabaltzeko asmoa ere badute.
Josu Landaluze Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko presidentearen esanetan, “beharrizan baten ondorioz” abiatu dute kanpaina: “Internetek ez du askorik laguntzen halako gaietan, eta gazteek horren berri izatea eta kontzientzia hartzea bultzatu nahi dugu. Kanpaina aitzindaria izango da”. Laburbilduz, nerabeei ahotsa ematea izango da proiektuaren helburuetako bat, eta indarkeria matxistaren aurrean duten “sentsibilitatea, indarra eta gaitzespena” landuko dituzte, besteak beste.
Landaluzek uste du kanpainak aukera emango duela berdintasunaren aldeko hezkuntzan pauso gehiago emateko. Baina bestelako onura batzuk ere ekarriko dituela sinetsita dago: “Uribe Kostako gazteek eta nerabeek indarkeria matxistaren zantzuak identifika ditzaten laguntzeko balioko du; berdintasunarekin, hezkidetzarekin eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioarekin lotutako ezagutza sortu eta zabalduko dugu”.
Oraingoz, uda arte
Sopelako Kurtzio kultur etxean emango diote hasiera kanpainari, gaur, eguerdiko hamabi eta erdietan. Lehenengo saioan, sarrera tailer bateratu bat egingo dute, eta lotura enpatikoa eta kontzeptu teorikoak jorratuko dituzte bertan, hala nola patriarkatua, indarkeria matxista, indarkeria sexuala, bortxaketaren kultura, maitasun erromantikoa eta ziberindarkeria.
Datorren maiatzerako eta ekainerako, berriz, sei tailer dauzkate aurreikusita. Horietatik lautan, ikasleak sexuaren arabera bereizita egongo dira, eta azkenengo bietan, ikasle guztiak elkarrekin ariko dira.
Ikastaro horiek lau adituk emango dituzte. Tartean, Amelia Tiganus ekintzaile, hezitzaile eta idazle feminista izango da. Sistema prostituzionalaren lekukoa da Tiganus, eta azken bost urteotan laurehun hitzalditik gora eman ditu. Hezitzaile taldea, baina, beste hiru kidek osatuko dute: Oihane Menika gizarte hezitzaileak, Lucia Nieto soziologo eta EHUko ikertzaileak eta Urko Perez ikertzaile eta hezitzaileak.
Tailer horietako bakoitzaren bitartez, emakumeen ahalduntze prozesuak, sexu indarkeriaren historia eta inposatutako maskulinitatea hausteko gakoak izango dituzte hizpide, besteak beste. “Gizonekin, maskulinitatea ulertu eta deseraikitzeko lan egingo da, eta, emakumeekin, ahalduntze feminista jorratuko dugu”. Ikasle bakoitzaren iruditerian “eredu berri bat” eraikitzea izango da horien helburu nagusia.
Kanpaina baterako jarduera batekin emango diote amaiera Uribe Kosta eskualdeko programa pilotuari. Betiere, “data esanguratsu bati” erreferentzia eginez; esate baterako, Martxoaren 8a edo Azaroaren 25a. Ikasleek antzezlan bat, horma irudi bat, film labur bat, kartelen diseinu bat, sare sozialetako kanpaina bat, kontakizunen lehiaketa bat edota argazki erakusketa bat osatu beharko dute, “aldez aurretik eskuratutako ezagutzetan oinarrituta”. Eta, gerora, ikasleek egindako jarduera Sopelako Udalaren jardueren egutegi ofizialean txertatuko dute.