Errentaren eta ondarearen aitorpena egiteko orduan kenkariak zein alorretan dauden azaldu du Jose Ramon Arrondo Ekonomialarien Euskal Elkargoko kideak (Bilbo, 1956). Krisiari buruzko iritzia ere eman du.
Errenta aitorpena egiteko kanpaina hasi berri da. Zein bide daude horretarako?
Errenta aitorpena aurkezteko hainbat bide daude, eta zergadunek ondo dakite zeintzuk diren. Rentanet Etxean da horietako bat: etxera bidaltzen dituzte aitorpen proposamenak. Bestalde, Interneten egindako proposamenak daude. Aitorpena doan egiten duten banketxeak ere badaude. Internet bidez ere aukera dago, baita idatziz egindako aitorpenak entregatzekoa ere. Profesional bati ere eska dakioke aitorpena egiteko, zalantzarik izanez gero.
Bizkaiko Foru Aldundiak 350.000 herritarri bidali dizkie etxera errenta aitorpenaren proposamenak. Zer aztertu behar dute zergadunek proposamenotan?
Ordura arte dituen datuak hartzen ditu aldundiak oinarritzat. Baliteke, baina, ekitaldian datu horiek aldatu izana, eta, ondorioz, horrek aitorpenaren emaitza alda dezake.
Aztertu behar dugu ea gure egoera pertsonala eta familiakoa aldatu egin diren eta ea aldaketa horrek —aldaketarik izan bada— eraginik izan duen egin ditzakegun kenkarietan. Aitorpena banakoak soilik edo bikotekidearekin egiteko aukera ere garrantzitsua da; izan ere, aldundiaren proposamenak aurreko ekitaldian —2010ean— hartutako erabakia hartzen du oinarritzat. Baliteke, ordea, urtebetean egoera aldatu izana eta aurrez erabilitako aukera hori ez izatea egokiena oraingoan zergadunarentzat.
Ohiko etxebizitzaren inbertsioagatik sortutako kenkarietan, batzuetan ez dituzte sartzen erosketak eragindako gastuak; hau da, baliteke notarioaren edo zeharkako zergen kostuak ez aplikatzea, eta horiek ere sartu egin behar dira aitorpenean. Beste hainbeste gertatzen da zergadunak etxe bat alokatzen badu eta aldundiak horren berririk ez badu.
Baliteke elbarritasun gradua aldatu izana ere. Aldundiak horren berririk ez badu, ez du jasoko bere proposamenean. Beraz, datuok zorrotz begiratu behar dira.
Nortzuek aurkeztu behar dute nahitaez errenta aitorpena?
Lanean 20.000 eurotik gora jasotzen duen pertsona orok egin behar du, baita lanetik kanpoko errentak jasotzen dituzten zergadunek ere, muga kuantitatiborik gabe. Bestalde, ez daude errenta aitorpena egitera behartuta urtean lan etekinetan 12.000 euro baino gutxiago irabazten dutenak eta 1.600 eurotik beherako ondasun irabaziak dituztenak.
Horiez gain, errenta aitorpena aurkeztu beharko dute ondoko ezaugarriak dituztenek ere: lanean 12.000 eta 20.000 euro artean irabazita ordaintzaile bat baino gehiagoren errenta jasotzen badute; lan kontratu bat baino gehiago izan badute edo zeukaten kontratua luzatu baldin badiete; pentsio osagarriak jasotzen badituzte; eta Bizkaian ezartzen den araudiaz bestelako lan kenkariak badituzte.
Ba al dago kenkaririk seme-alabak izateagatik?
Lehenengo umeagatik 558 euro gutxiago ordaintzen dira; bigarrenagatik, 691; hirugarrenagatik, 1.168; laugarrenagatik, 1.380; eta bosgarrenagatik eta hurrengoengatik, 1.804. Horrez gain, umeak 6 urtetik beherakoak badira, beste 319 euroko kenkaria ezartzen da.
Gurasoetako batek soilik sar ditzake seme-alabak aitorpenean?
Ez. Ezkondutako eta izatezko bikoteen kasuetan, %50ean aplikatzen da kenkaria. Guraso bakarreko familien kasuan, umearen zaintza judizialki bere gain duenak hartuko du.
Zein laguntza publikoren zergak ez dira ordaindu behar?
Aipagarrienak ondoko hauek dira: etxebizitzaren alokairua ordaintzeko gazteei ematen zaien emantzipazio errenta, menpekotasunerako laguntzak, A-8aren erabiltzaileen laguntzak eta kultura bonuaren laguntzak.
Aurtengo errenta aitorpenerako berandu da dagoeneko, baina zer egin behar da aitorpenak kobratzeko emaitza izan dezan?
Datozen errenta aitorpenei begira, une horretan indarrean dauden kenkari eta murrizketen aplikazioak zeintzuk diren aztertu behar du zergadunak. Besteak beste, BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak, ohiko etxebizitzaren inbertsioak… Operazio horien bitartez, zergadunaren karga fiskala gutxitzea lortzen da.
Etxebizitza kontuek ere balio dute zergak arintzeko?
Bai, eta aldaketak izan dira, gainera: handitu egin dute etxebizitza kontuetan sartutako dirua erabiltzeko epea, sei urtetik zortzi urtera arte.
Ohiko etxebizitzan obrak egiteko eskatutako maileguengatik ere kenkariak daude?
Bai. Ez, ordea, edozein obra egiteagatik; egiturazkoak izan behar dute. Etxe barruan obra egiteagatik ezin daiteke desgrabatu. Aitzitik, fatxada berritzeko obretatik, terraza bat ixteko lanetatik… bai.
Elbarritasunek ere kenkaria dute. Zenbatekoa izan behar du?
Hainbat gradu daude. Urritasuna %33 eta %64 artekoa bada, kenkaria 744 euro da; %65 eta %74 artekoa bada, 1.062 euro da; %75etik gora eta menpekotasun handia dutenen kasuan, kenkaria 1.264 euro da; hori bera gertatzen bada menpekotasun kasu oso handietan: kenkaria 1.592 euro da. Beharrezkoa da, noski, agiriak aurkeztea.
Ekonomialari izanik, zure ustez noiz ikusiko da argia krisi honetan?
Nik jakingo banu… Arlo horretan, oso jantziak diren aditu askok hainbat data eman dituzte, eta orain arte inork ez du asmatu; beraz, ni ez naiz ausartzen data jakin bat ematera. Krisia globalizatuta dago, eta argi dago gu bakarrik ez garela gai izango horri aurre egiteko. Europako gainerako herrialdeen martxak ere zerikusia izango du.
Zerbitzu publikoetako murrizketak lagungarriak direla deritzozu?
Hasierako planteamendu hori da errazena: gutxiago gastatu kontuak orekatzeko. Hala ere, nire ustez, hori ez da konponbidea. Irudimen handiagoko konponbideak eskatu beharko genizkieke agintariei, benetako enplegua sortzeko eta jarduera ekonomikoa areagotzeko. Azken batean, horrek izan behar du susperraldiaren motorra. Hartutako murrizketa neurriak hasierakoak dira, errazak, eta egoera orekatzen lagun dezakete. Etorkizunera begira, ordea, jarduera ekonomikoa areagotu behar da.