Babesik gabeko umeak hartzeko, 25 sendi behar dira

Bizkaiko Foru Aldundia “babesik gabe” dauden zenbait haur etxean hartuko dituzten 25 familiaren bila dabil. Hain zuzen, 3 urtetik beherako ume batzuk lehenbailehen hartuko dituzten hamar pertsona edo sendi eskatu ditu, batetik, Pilar Ardanzak, Gizarte Ekintzako diputatuak. Bestetik, 3 eta 13 urte arteko zenbait haur hartuko dituzten beste hamabost familiaren laguntza eskatu du.

“Sendiek zein banakoek har ditzazkete umeak harreran, seme-alabak izan zein ez; horretarako, balorazio eta prestakuntza prozesu bat pasatu behar dute interesa dutenek, bermatzeko esperientzia hori egokia izango dela alde guztientzat”, azaldu du Ardanzak.

Gizarte Ekintzako diputatuak esan du batzuetan harrera horiek “betiko” izaten direla, adingabea adinez nagusi egiten den arte, behintzat. Hala ere, jakinarazi du ume horiek euren senideekin egotea dela aldundiaren lehentasuna.

Adingabe batek arazoak dituela antzemandakoan, haren familiarekin lanean hasten da aldundia. Arazoa konpontzen ez bada, inguruko senide edo lagunekin jartzen dira harremanetan, eta horien bitartez ere konponbiderik aurkitu ezean jotzen dute harrera familietara. Batzuetan, senideek ez dituzte “behar bezala” babesten adingabe horiek; beste batzuetan, alkoholismo kasuak izaten dira familian, edota ez dituzte umeak eskolara eramaten.

Foru aldundiak laguntza ematen die harrera familiei, adingabearen mantenu eta osasun gastuei aurre egin ahal izan diezaieten. Gaur egun, 346 harrera familia eta banako daude Bizkaian.