“Udaleko ateak herritarrei zabaldu nahi dizkiegu”

Herriko jendea joan-etorrian ikusten du Juan Jose Txurruka Markina-Xemeingo alkateak bere bulegoko balkoitik begiratzen duen aldiro. Txurrukarentzat, Markina-Xemein herritarrek osatzen dute, eta, beraz, horiek daude bera buru den gobernu taldearentzat lehen lerroan.

Txurrukarekin eskuz esku lanean diharduen taldeak “parte hartzean sinesten du”, eta legegintzaldiari herritarren parte hartzea sustatzeko ahaleginean ekin diote. “Gure politika jendeari begira egindakoa izango da”. Eta aldi berean herritarrak eurak bihurtu gura ditu erabakien parte Markina-Xemeingo alkateak.

Frankismoa bukatu zenetik 2011ko udal hauteskundeak bitartean, Markina-Xemeingo udala Eusko Alderdi Jeltzaleak gobernatu du. Bildu osatzen duten alderdiek lehenengoz eskuratu dute aginte makila, eta haien lana “herritarren mesedetarako izan dadin behar gogor” egingo du Txurrukak.

Agintea hartu zuten momentuan zegoen egoera aztertu eta aurkitu zituzten korapiloak askatzeko lan egin dutela dio. “Aldaketak egitea ez da hain erraza. Urte askotako dinamika batean sartuta dago udala, eta egun batetik bestera hori aldatzea ezinezkoa da”. Txurrukari aldaketa horiek bat-batean ezin egin izana gogorra egin zaio. “Udalean sartu ginenean gauzak egin nahi genituen, baina instituzioen funtzionamendua mantsoa da”.

Txurrukak kargua hartutakoan, herriko plan orokorra eta aurrekontuak aztertu zituzten, onartzeke zeuden eta. Azterketa sakon baten ostean, duela gutxi onartu dituzte plan orokorra eta aurrekontua. Aurrekontuei dagokienez, Txurrukak esan du osatzeko herritarren iritziak bildu dituztela. Hala ere, hurrengo urteetarako zer hobetu badagoenez, auzo batzarrak antolatuta zuzenean auzoko beharrizanak biltzeko asmoa agertu du alkateak. Hori horrela izan dadin, hurrengo aurrekontuen onarpen prozesua diseinatzen hasi dira eta herriko auzoetan ere batzarrak egiteko asmoa dute. “Garrantzitsua da jendeak bai herriko jaietan eta baita hirigintza alorreko erabakietan ere parte hartzea”.

Ekonomia krisiak jota dagoela, “ez da gauza handiak egiteko momentua” aurtengoa Markina-Xemeinen, Txurrukaren aburuz. Hala ere, aurretik zehaztutako futbol zelaiaren proiektua jarriko dute martxan. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin garatuko dute, eta futbol zelaitik auzoguneetara joateko bideen hobekuntza ekarriko du. “Horrez gain, obra txiki batzuk egitea ere adostu dugu. Oinezkoen kalitatea hobetuko da herrian falta diren ezpaloi zati batzuk eraikita. Autoen aurrean bizikleta erabiltzaileak lehenesteko bidegorri bat ere egingo dugu”. Gauza txikiak izan arren herrian behar-beharrezkoak direla azaldu du alkateak.

Diru eskasiaren ondorioz, Uhagon kulturguneko proiektua aurrerago egiteko laga behar izan dute. “Aurretik ezagutzen genuen proiektu bat da”. Une honetan, lehenengo fasea baino ez da martxan jarri, eta bere horretan geratu da geldi, ez atzera ez aurrera”. Markina-Xemeingo kultur talde guztiak bildu eta antzoki bat izango dituen eraikin bat eratzea momentu honetan ez du bideragarri ikusten Txurrukak. Hala ere, herri mugimenduek sustatutako iniziatiba horren espirituarekin bat egiten duela dio. “Herrian dauzkagun hainbat leku gisa honetako ekitaldietarako erabiltzeko asmoa daukagu. Horrela, kultur ekintza eta tailerrak herriko hainbat txokotara zabalduko genituzke”.

Udal berriaren aldaketak

Txurrukak aitortu du udalean sartu direnetik aldaketak sumatzen direla. Lehengo batzordeak “burokratikoagoak edo teknikoagoak” ziren, eta orain koordinazio zereginetik urrunago diren batzordeak osatzen saiatu direla dio Txurrukak. “Zabalak izatea nahi dugu, ideiak biltzeko guneak”. Orain arte Kirol Batzordea, Ongizatekoa, Kulturakoa, Parekidetasunekoa eta Euskara Batzordea martxan daude eta aurrera begira Immigrazio Batzordea eratzeko lanean ari dira Markina-Xemeinen. “Ongizate Batzordeak herrira etorritakoei eman diezaizkiekeen laguntzetatik aparte, gure helburua kanpotik datorren jendea gurean integratzea da”. Izan ere, asko eta asko dira azken urteetan herrira lan bila etorri diren etorkinak.

“Udaletxeko ateak herritarrei zabaldu nahi dizkiegu, herritarrengandik hurbil dagoen etxea izan dadin”, iragarri du. Horretarako, batzordeetako bilkurak udaletxean egiten dituzte Markina-Xemeinen, eta osoko bilkuren ordutegi aldaketari esker herriko jendeak parte hartzeko aukera gehiago dauka. “Hilean behin osoko bilkura bat egiten saiatzen gara”. Lan egiteko modua ahal denik eta gardenena izatea nahi du Txurrukak. Herritarrengandik gertu egon nahi dugu. Lortzen ari garen ala ez herritarrek esan beharko dute”.