Egia jakin nahi dute

Egia jakin nahi dute

Natalia Salazar Orbe

Berrogeita hamar urte bete dira Jon Ugutz Goikoetxea derioztarra Guardia Zibilarengandik ihesi zihoala hil zela. Elizondo (Nafarroa) inguruan hil zen; bertsio ofizialaren arabera, inguratuta zegoela ikusi eta bere buruaz beste eginda. Gorpua besarkatu ahal izan zuen amak, eta garondoan atzetik eginda zuen bala zauria ukitu zion eskuarekin. Familiak berehala jarri zuen zalantzan bertsio ofiziala. Mende erdiaren ostean, beste egiarik ezin izan dute bilatu, Espainiako Sekretu Ofizialen Legearen ondorioz ezin baitute jakin gertatutakoaren xehetasunik. Gertaera hura eta “estatuaren bortxa” pairatu duten bestelako herritarren egia ezagutu eta erreparatu ahal izateko Sekretu Ofizialen Legea indargabetzeko eskatu zuen domekan Egiari Zor fundazioak.

Derion egin zuten ekitaldia, Goikoetxea zenaren herrian. Haren senideak izan ziren bertan, eta baita AAAk hil zuen Pablo Garaialderen alaba Pilar Garaialde ere. Ainara Esteran Egiari Zor fundazioko kideak azaldu du ez dela sinesgarria bertsio ofiziala Goikoetxearen kasuan: “Argi dago bala zauri bat gorputzaren atzealdean badago tiroa atzetik eginda dagoela, bizkarretik. Beraz, ez dator bat bertsio ofizialarekin. Atzetik tirokatu zutela adierazten du; bizitzeko eskubidea urratu zioten”.

Gertatutakoa argitzeko Elizondoko inguru haietan duela 50 urte jazotakoa jakitea beharrezkotzat jo du: “Familiak eta inguruak argi daukate hil egin zutela, atzetik hil zutela. Baina, kasu honetan, beste askotan bezala, heriotza honen inguruko dokumentazioa Sekretu Ofizialean Legearen mende dago. Heriotzaren inguruabarrak blindatuta dauden heinean, ezinezkoa dugu jakitea, besteak beste, zenbat tiro egin zituen Guardia Zibilak, mendian gora zenbat guardia zibil zihoazen, ezta gorpuari egin behar izan zioten mediku azterketaren agiriaren ondorioak ere. Azterketa horrek jaso behar du tiroa urrunetik egin zioten edo kontrakoa, eta zehazki bala zauria non zeukan”.

Esteranek garrantzitsu iritzi dio dokumentazio hori guztia jasotzeari, “behingoz, egia oinarri hartuta memoria eraikitzeko”. Haren esanetan, “1968ko lege hau oraindik ere egia jakiteko eskubidea murrizten digun legezko mekanismo bat da. Estatuaren indarkeria jasan genuen pertsonen aitortzarako bidean kasu askotan gertatutakoaren egia osoa frogatzea erabat oztopatzen du”.

JON UGUTZ GOIKOETXEA

Nor zen Goikoetxea

Jon Ugutz Goikoetxea Zamudion jaio zen, 1950ean. Sortu eta gutxira, haren familia Derioko Aldekone etxera joan zen. Esteranek azaldu duenez, “jaio zenetik, bere familiak jasandako errepresio frankistak markatu zuen bere bizitza”. Bestalde, gazte-gaztetatik euskararen, euskal dantzen eta bestelako ohitura zaharren aldeko dinamikak sustatzen aritu zen, beste lagun batzuekin batera. “Oso lotura handia zuen euskal kulturarekin”, esan du Egiari Zorreko kideak. “[Francoren] Erregimenak Euskal Herrian zegoen nazio kontzientziaren aurka gogor jotzen zuen; euskara bera ere debekatuta zegoen”.

1971n erbestera jo zuen Goikoetxeak. ETAn militatzen hasia zen. “1972an, beste bi kiderekin batera Ziga eta Elizondo arteko errepide batetik autoan zihoazela, Guardia Zibilak tirokatu egin zituen”. Jon Ugutzen bi lagunak zauritu egin zituzten. “Kotxetik irtetea lortu zuten, eta korrika hasi ziren mendian gora, mugara heldu nahian, Guardia Zibil frankista atzetik zutela. Jon Ugutz beste bi kideen atzetik zihoan, beste biak zaurituta zeudenez, atzean geratu ez zitezen saihesteko. Eta hantxe, malda horretako punturen batean, mugatik gertu, hil zuten”. Hamabi urtera, GALek haren anaia Mikel ere hil zuela gogoratu du Esteranek.

Kasu gehiago, sekretupean

Bizkaian ugariak dira Goikoetxearena bezala, sekretupean jarraitzen duten hainbat gertakari. Esteranek biktima horietako batzuk ekarri ditu gogora: “Barakaldon hil zuten Iñaki Ojeda portugaletetarra; Pasaian [Gipuzkoa] hildako Luzia Urigoitia otxandiarra; Aldana tabernaren aurkako erasoan hil zituzten Alonsotegiko bizilagunak; Bilboko haurtzaindegi baten jabearen aurkako erasoan hil zituzten hiru lagunak… Asko daude. Kasu gehienetan ez da gertatutakoaren egia osoa ezarri”, salatu du.

Egiari Zor fundazioaren ustez, Sekretu Ofizialen Legeak helburu jakin batzuekin jarraitzen du indarrean: “Estatuaren estolderietan dagoen guztia babesteko, giza eskubideen aurkako erasoak ezkutatzeko, norbanako batzuei emandako inpunitatea mantentzeko edota etorkizuneko balizko urraketen aurrean orain arteko babes bera izateko”.

Fundazioko kideak uste du gertatutakoaren kontakizuna ezin dela mugatu “giza eskubideen urraketak ukatzeko baliatutako bertsio ofizialetara”. Gogora ekarri du hainbat kasuren inguruan badela beste bertsio bat ere: “Herriarena, lekukoena, senideena”, eta horiek ez datozela bat kontaketa ofizialarekin. “Haiek guztiak ikertu beharko lirateke, eta giltzapean dagoen dokumentazioa askatu”.

Mikel Zabalzaren kasua gogorarazi du: “37 urtez mantendu duten bertsio ofiziala gezurra dela frogatu dute. [Donostiako] Intxaurrondoko kuartelean hil zuten”. Horregatik dio “egia” ezarri beharko litzatekeela Goikoetxearen kasuan, “gatazkaren testuinguruan gertatutako beste askotan bezala. Eta bizitzeko eskubidea urratu bazioten, horrela jaso beharko litzateke”.

Sekretu Ofizialen Legea “birformulatzeko” hainbat proposamen egin izan dira Espainiako Kongresuan; besteak beste, agiriak desklasifikatzeko epe batzuk ezartzeko asmoz. Hala ekarri du gogora Esteranek. “Espainiako Gobernuak baietz esan zuen, heldu behar zitzaiola horri, baina orain arte ez dute ezer egin, eta ez dirudi borondate nahikoa dagoenik”. Legea landu eta aldatzeko prozesua garatu behar dela uste du: “Onbideratze demokratikoaren kontua da. Borondatea, giza eskubideekiko konpromisoa eta pedagogia etikoa beharrezkoak direla ulertu ahal izateko, demokrazian egia ere agindu etiko gisa eratu behar da”.