Herritarren ongizatea sustatzeko programa bat abiatu dute Lemoan

Herritarren ongizatea sustatzeko programa bat abiatu dute Lemoan

Javi West Larrañaga

Jagon Lemoa zaintza programa abiatu du Lemoako Udalak, herritarren ongizatean eragiteko asmoz. Iaz ekin zion egitasmoari. Pablo Rodriguez Garcia Gizartegintza teknikariak azaldu du proiektu zabal bat sortzea dutela helburu: “Ikusten genuen herri mailan eta komunitate mailan balio batzuk falta zirela herrian”. Zaintza “erdigunean” kokatzea izan da hartutako erabakietako bat: komunitatearena, herritarren artekoa eta norberarena.

Pedagogia egiteko saiakera da programaren zutabeetako bat. Eraikin publikoetan kalteak agertzen hasi zirenean igarri zuten, Rodriguez Garciak aipatu bezala, balio batzuen falta zegoela herrian. Hortik tiraka, Kotxepin Kultur Etxean nerabeek eta umeek egindako apurketak baliatu dituzte “egoerari buelta emateko” eta “balio positiboekin” lantzeko. Jagon Lemoa programaren lehen fase honetan, 11 eta 14 urte arteko gaztetxoekin landuko dituzte edukiak. “Ezin dugu apurketa baten ondoren jakitera eman, konpondu, eta kito, bestela berriro gertatuko delako”.

Udalak bilera egin zuen eragileekin. Besteak beste, guraso elkarteetako, hezkuntza zentroetako, Gaztelekuko, gaztetxeko, jai batzordeko eta kirol eta dantza taldeetako kideak agertu ziren.

Hainbat bidetatik jorratuko dute programaren lehen fasea. Tutoretza saio batzuk egingo dituzte gaztetxoekin eskola orduetan, heziketa fisiko saioetan. Baloreetan hezi, gu eta gureak zainduz izango du izena edukiak, eta, Rodriguez Garciak adierazi duenez, modu ludikoan saiatuko dira “balioen inguruko hausnarketak egiten”. Herrian bertan ikasten ez duten lemoaztarrengan eragiteko saioak ere egingo dituzte eskola orduetatik kanpo. Udalak aurreikusi dituen ekintzen artean dago street escape-a. Azken urteetan famatu egin diren ihes gela deituriko abentura eta detektibe jolasen berrinterpretazioa da, eta “erakargarria” eta “motibagarria” izango dela uste du teknikariak, lehiaketa antzean egingo dutelako.

“Herriko elementu fisikoen” inguruan egingo dute erronka, Kotxipin kultur etxearen, udaletxearen eta ludotekaren inguruan. Publikoa den horren zaintza sustatu nahi dute. “Gazteek ikusi beharko dute zenbat diru gastatu den udalaren diru publikoarekin obra hori egiteko, zein elementu egongo diren, zelako garrantzia daukan elementu horiek zaintzeak…”, adierazi du Rodriguez Garciak. Helburua herriko azpiegitura publikoen balioa helaraztea da. “Esan nahi diegu balioa daukaten espazioak direla eta denonak direla”.

Gazteetatik harago

Hezkuntza zentroetatik bultzatu nahi dute programa, baina familiengan ere eragin nahi du udalak.

Arratiako Udalen Mankomunitateko prebentzio teknikariak ere hartuko du parte programan, eta bere rola nabarmendu du Rodriguez Garciak. Iritzi artikuluak idatziko ditu landuko duten edukiari buruz, eta zailtasunak edo arazoak dituzten familiek harengana jo ahalko dute aholku bila. Erreferentea izatea nahi dute.

Oraingoan, 11-14 urte arteko gazteengan ipini dute arreta, baina Jagon Lemoa proiektua beste arlo batzuetara zabaldu daitekeela azpimarratu du Rodriguez Garciak, eta hurrengo proiektua hirugarren adinekoentzat, gurasoentzat, langabezian daudenentzat edo jatorri desberdineko lemoaztarrentzat izan daitekeela,

Gaiak eta proiektuak nahastea ere aukera bat da, Gizartegintza teknikariaren arabera. Lemoak dagoeneko martxan du Oingabiz izeneko programa, ariketa fisikoa eta osasuna sustatzeko, eta biek batera egin ditzakete egitasmoak, Jagon Lemoa programak helburu dituen ongizate fisiko eta psikologikoa ere hertsiki lotuta daudelako osasunarekin. Azaldu duenez, proiektua moldatuz joango dira herritarren beharrizanen arabera. Lagungarri izango zaizkie herriko eragileak horretarako. Rodriguez Garciak nabarmendu du lan handia egiten dutela herrigintzan, eta horien bidez hainbat taldetara hel daitezkeela. Elkarlana egotea nahi du, eta elkarteei edukiak lantzen laguntzeko prestasuna adierazi die, baita beharrezko tresnak eskaintzekoa ere.