Durangarrek onetsi egin dute trenbidearen oruberako plana

Durangarrek onetsi egin dute trenbidearen oruberako plana

Natalia Salazar Orbe

Durangoko herritarrek babesa eman diote udalak eta Eusko Jaurlaritzak trenbidea lurperatu eta gero geratu den oruberako adostutako akordiorako oinarriari. Martxoaren 1etik 11ra bitartean egin du galdeketa udalak. Joan den martitzenean jakinarazi zituen emaitzak: 1.557 herritarrek eman dute botoa. Horietatik, 1.298k akordioaren oinarria babestu dute; 231 akordioaren kontra azaldu dira, eta, azkenik, 28 boto zuri zenbatu dituzte. Ehunekoetan, %83,4ko babesa jaso du akordioaren oinarriak; %14,8k ezezkoa eman diote, eta %1,8k bozkatu dute zurian.

Emaitzok eskuan, Ima Garrastatxu alkateak iragarri du datozen egunetan udala Eusko Jaurlaritzarekin jarriko dela harremanetan. Helburua da trenbidea lurperatu eta gero geratu den orubea urbanizatzeko hitzarmen berria sinatzeko pausoak ematea.

Herritarrek galdera honi erantzun behar izan diote galdeketan: Ados al zaude Durangoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak PERI Ferrocarril deitutakoaren baitan lortutako akordioarekin? Akordio horrek aurreikusten du, besteak beste, orubean egingo dituzten eraikinek gehienez 7,5 solairu izatea. Akordio horren aurretik, hemezortzi solairukoak aurreikusita zeuden. Horrez gain, aurreikusita zeudena baino %20 espazio berde gehiago adostu dituzte eremurako, 34.000 metro koadro gehiago, hain zuzen. Bestalde, etxebizitza plan bat garatuko dute; bertan, alokairu sozialera bideratutako 240 etxebizitza babestu jasotzea onartu dute.

Udal gobernua, pozik

Garrastatxu alkatea eta Julian Rios alkateordea pozik azaldu dira lortutakoarekin: “Duela urtebetera arte, Durango erdian hemezortzi solairuko bost munstro eraikitzeko proiektu bat genuen. Urte bakar batean, lortu dugu Durangoko historiaren lehen udal kontsulta egitea, Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzea, proiektu sozialago baterako aurreakordioa lortzea eta, azkenik, herritarrek berreste. Duela urtebete bakarrik, herritarrek agindu argi bat helarazi ziguten erakundeoi: hemezortzi solairuko bost dorreak atzean uzteko alternatiba bideragarri bat bilatzeko, eta lortu dugu”.

Garrantzitsu iritzi diote prozesuak herritarren onespena izateari: “Oposizioaren aldetik entzuten genuen 266 milioi euro ordaindu beharko genituela kalte ordainengatik, eta beharrezkoa zela erakundeen arteko akordioak lortzea. Urte bakar batean lortu dugu, eta herritarren babesarekin egin dugu”, gaineratu dute.

Oposizioaren kritika

Bestelako iritzia azaldu du aurreko agintaldira arte udal gobernua zuzendu duen EAJk. Oposizioko alderdiak esan du bozketak babes txikia izan duela. Ohar bidez gogorarazi du galdeketan 1.557 herritarrek hartu dutela parte, Durangon botoa eman ahalko luketen 18 urtetik gorako 24.679 herritarren %6,3k, hain zuzen ere. Datuokin ondorioztatu dute durangarren %5,2k eman diotela babesa akordioaren oinarriari.

EAJren esanetan, emaitzek “arrazoia” ematen diete eurei. Adierazi dute txikitzat jo duten parte hartzeak erakusten duela herritarrek pentsatu dutela bozketa “antzerkia” dela.

Bestalde, jeltzaleek salatu dute prozesuan “irregulartasunak” egon direla, eta “epez kanpoko botoak” ere onartu dituztela. Egoera horren aurrean, parte hartze prozesuari buruzko txostena eskatu dute udaletxean. Horrez gain, EAJk esan du aurreakordioaren proiektu alternatibo bat garatzen ari dela.

Abenduko aurreakordioa

Joan den abenduan zehaztu zuten akordioaren oinarria Durangoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak trenbidea lurperatu ostean geratutako espazioan “proiektu bideragarri bat” egiteko. Bi erakundeek azaldu zuten orduan “ahalik eta berdegune gehien” izateko modua emango zuela akordioaren oinarriak. Bien artean adostu behar zituzten eraikinen altuera eta kokapena. Trukean, udalak Jaurlaritzaren esku utziko ditu hainbat lursail.

Akordioaren oinarria onartuta, PSE-EEk Jaurlaritzatik, eta EH Bilduk eta Herriaren Eskubidea plataformak udaletik atzera bota zuten EAJk trenbideak utzitako gunean egiteko sustatu zuen plana. Proiektuari “izaera soziala” eman diotela esan zuten orduan.