Txakolinez bustitzeko garaia

Txakolinez bustitzeko garaia

Olatz Enzunza Mallona

San Jose eguna berezia izaten da Bakion. Neguaren azken txanpan, urteko txakolinaren uzta berria lehenengoz agertzen da urtero-urtero Bakioko San Jose eguneko azokan. Eta, aurten, gainera, “are bereziagoa” izango da, Iratxe Eguzkizaga Zabala txakolindegiko ugazabaren hitzetan: “Ilusioz gainezka gaude; behingoz, jendearekin harremanetan egoteko aukera izango dugu”. Pandemiaren eraginez, duela bi urte bertan behera utzi behar izan zuten aurkezpen ekitaldia; eta, iaz, jaialdi xume bat baino ezin izan zuten aurrera eraman. Tradizioari eutsita, bihar eguerdian normaltasunez aurkeztuko dute Bakioko txakolin berria, eta bertaratzen direnek, probatzeko aukera ere izango dute.

“Beti izan da berezia egun hau, gogotsu gaude: uzta berria aurkezteko aukera ezin hobea da”, dio Itziar Insausti Doniene Gorrondona txakolindegiko kideak. Oro har, pozik daude Bakioko txakolin ekoizleak aurtengo uztarekin. “Ekoizpena joan den urtekoa baino apur bat txikiagoa izan da, baina uzta ona izan dugu”, kontatu du Insaustik. Guztira, 82.000 litro inguru ekoitzi dituzte: %10 ardo beltz eta %90 zuri ekoitzi dituzte. Eguzkizagak, berriz, udako eguraldi eskasaren ondorioz, zalantzaren bat edo beste izan zituen: “Iazko udan larri ibili ginen, ez zuen eguzki askorik egiten, baina, gerora, gure beldur guztiak alde batera utzi genituen: oso uzta ona izan da, bai kalitateari dagokionez, eta baita kantitateari dagokionez ere”. Aurtengoak dituen ezaugarriak ere aurreratu ditu: “Oso freskoa da, oso erraz edaten da, eta hori, agian, arriskutsua da San Jose egun baterako…”. 14.000 litro ardo zuri, seiehun litro beltz eta berrehun litro gorri ekoitzi dituzte eurek. “Ziur nago jendea oso gustura geratuko dela aurtengo txakolinarekin, oso ondo etorria izango dela iruditzen zait”.

Bakiori estu-estu loturik egon izan da betidanik txakolina, eta, egun ere, hala da. Hala ere, Bizkaiko Txakolina jatorri izeneko hiru upategi baino ez dira geratzen herrian: Abio, Zabala eta Doniene Gorrondona. Horiek dira herriko azken upategi profesionalak. Biharko ekitaldira Zabalako eta Doniene Gorrondonako ordezkariak joango dira; Abiokoek ez parte hartzeko erabakia hartu dute.

Goranzko joera

Ekoizleek nabarmendu dutenez, azken bi urteetan “sekulakoa” izan da pandemiaren eragina, eta kontsumitzaileengana iristeko zailtasunak izan dituzte. Hala ere, lan kopuru bera egiten jarraitu behar izan dutela azpimarratu du Eguzkizagak: “Natura ez zen geratu, lana berdin-berdin egin behar izan genuen, baina trukean dirurik jaso gabe”. Insaustiren kasuan ere, egoera bera eman zen: “Gure bezero nagusiak tabernak dira, eta, horiek itxita egon direnean, zuzenean eragin digu; mahastiek beren ohiko zikloei jarraitu diete, eta, salmentak geldirik egon arren, lanean jarraitu behar izan dugu”.

Egun, baina, egoera hobera egiten ari da pixkanaka, eta kontsumitzaileen artean ere nabaritu dute joera aldaketa bi ekoizleek. “Azkenaldian boladan dago ardo zuria, eta horrek asko zabaldu du txakolina edateko zaletasuna”, dio Eguzkizagak. Bide beretik, upategiek egindako lana ere azpimarratu nahi izan du Insaustik: “Gaur egun, askoz ere txakolin eskaintza zabalagoa egiten dugu, merkatu berrietara zabaldu gara, eta jende gehiagoren gustuetara moldatzeko moduko txakolina egiten ikasi dugu”.

Bizkaiko Txakolina sor-markako upategien kasuan ere, orokorrean, hobera egin dute datuek. 2020an baino txakolin gehiago ekoitzi zuten iaz. Guztira, 1.664.542 litro. Oraindik ere, ez dira pandemia aurreko datuetara itzuli, baina apurka-apurka ari da sektorea hobera egiten. Salmentek ere gora egin dute: %7,6 hazi dira.