BBK-k 2016an sortu zuen BBK Azoka Interneteko ataria, Bizkaiko ekoizle eta ustiategi txiki eta ertainei euren produktuak modu digitalean saltzen laguntzeko. Gaur egun, herrialdeko 60 ekoizlek 500 produktutik gora dituzte salgai: besteak beste, barazkiak, fruta, eztia, esnekiak, marmeladak, hestebeteak, arrain kontserbak eta txakolina. COVID-19aren pandemia hasi zenetik plataformaren jarduera “nabarmen” hazi da: %3.500 igo dira salmentak, eta %289 igo da produktu eskaintza. 3.000 bezero baino gehiago ditu.
Izan ere, izurriak nabarmen urritu zizkien baserritarrei euren produktuak saltzeko aukerak, azokak eta merkatuak bertan behera geratu zirelako. Orain, osasun egoera arintzearekin batera, baserritarren eta eskulangileen azokak itzuli dira. Bizkaian egiten diren gehienek BBKren laguntza izaten dute. Aurten, herrialdeko 65 udalerritan egingo diren 80tik gora azokak antolatzen hartuko du parte. Hala, 2022an zehar, produktuak saltzeko bi bide horiek laguntzeko eta lehen sektoreko hainbat proiektu diruz laguntzeko, BBK-k 850.000 euro inbertituko ditu.