“Elkarrekintza duten bitartean, ezagutza sortzen dute umeek”

Ikas Komunitateak deritzon hezkuntza eredua darabilte duela 12 urtetik Lekeitioko eskola publikoan. Ikastetxeen dekomokratizazioaren aldeko eredu gisa aurkeztu du Xabier Iturbe (Lekeitio, 1960) zuzendariak. Ikastetxeen Arteko Topaketak egin berri dituzte eskolan bertan, eredu horri buruz eztabaidatzeko.

Granada, Badajoz (Espainia) eta Terrassako (Herrialde Katalanak) ikastetxeekin batera egin berri dituzue topaketok. Zer dira?

Ikastetxeen Arteko Topaketak proiektuan sartuta gauden guztiok Ikas Komunitateak deritzon proiektu nagusi baten parte gara. Gure helburu nagusia da gure ikasle guztiek eskola arrakasta izan dezaten lortzea. Emaitza horiek, gainera, normalean ez dira adimenarekin lotuta egoten.

Zeintzuk dira, orduan, arazo nagusiak?

Sarri ez daukate ikasketekin lotutako ohiturarik, edo ez dute testuinguru akademiko bat, edo gaur egungo egoeran familiak ez dabiltza oso ondo, edo etorkinak dira, eta kostatu egiten zaie hona egokitzea… Gutxienen kasuan izaten da adimen arazo bat.

Zelan lantzen dituzue arazo horiek?

Ikastetxeok batu eta ikusi egiten dugu gaur egun nazioartean zein jarduera edo estrategia ari diren emaitza onak ematen. Horiek gure ikastetxeetan planteatzen eta martxan jartzen ahalegintzen gara. Nazioarteko komunitate zientifikoak onartu dituen estrategia batzuk badaude, ikasle guztien arrakasta bermatzen dutenak. Azken hamarkadan jarduera horiek praktikan jartzen ari gara gure ikastetxeetan.

Zeintzuk jarduera dira horiek?

XXI. mendeko ikastetxeak ez dira XX. mendekoak. Garai hartan, irakasleak informazioaren jaun eta jabe ziren. Etxeetan libururik apenas zegoen, eta eskola zen gune pribilegiatua jakintza akademikoa eskuratzeko.

XXI. mendean hori aldatu egin da. Gaur egun, eskolatik aparte hainbat gune daude informazioa lortzeko, eta irakasleok ere ez daukagu lehen geneukan boterea. Eskolak askoz ere eremu zabalago batean planteatu behar dira. Eskola dagoeneko ez da eremu pedagogiko-didaktiko hutsean kokatzen den instituzio bat. Atal akademikoa ardatza da, nola ez; gure ikasleek notarik onenak ateratzea dugu helburu. Hala ere, horrez gain, beste funtzio batzuk ere bete behar ditu.

Zeintzuk dira funtzio horiek?

Adibidez, pertsona gisa heztea; guretzat elkarbizitzak garrantzi handia hartzen du. Horrez gain, konturatu gara gaur egungo eskolek lan egin behar dutela, ezinbestean, gizarteko beste eragile batzuekin. Ezin gaitezke burbuila batean sartuta egon.

Esaterako, senideak. Nazioarteko ikerketek berretsi dutenez, gurasoen parte hartzeak eskolaren kalitatea nabarmen handitzen du. Zenbat eta parte hartze sakonagoa izan, emaitza akademikoak eta ikastetxearen hezkuntza kalitatea askoz ere handiagoak dira. Gela barruan ere parte hartu behar dute, tutoreekin batera eskolak ematen; baita erabakietan ere… Ikastetxea demokratizatu egiten du horrek, batetik, eta, bestetik, denon artean, helburuak ezartzen ditugu.

Erraza da gurasoen parte lortzea?

Irrikan egoten dira. Ikastetxean, batzorde mistoetan —ikasle, irakasle eta gurasoek osatutakoak— edo elkarrekintzako taldeetan —gela barruan—, asteon, esaterako, 50 gurasok hartu dute parte. Guk zortea daukagu. Izan ere, institutua ere hemen ondoan daukagu; DBHko laugarren mailako 20 ikasle etortzen dira astero Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailako haurrei matematika eta hizkuntzak irakastera, boluntario gisa.

Eskolak emateko prestatu egiten dituzue ikasleak?

Adibide bat jarriko dut. Pentsa DBHko ikasleak datozela nire gelara hizkuntza lantzera. Gela lau taldetan banatuta daukat. Talde batean liburu klasiko bat irakurtzen ari dira —tertulia estrategia ere erabiltzen dugu—. Bospasei ume liburua irakurtzen eta komentatzen daude nirekin. Beste talde batean, ordenagailuetan daude, beste pertsona nagusi batekin, liburuan irakurri dutenetik esanguratsuena idazten. Eta beste talde batean, irakaslearekin dago beste ikasle multzo bat gramatika lantzen.

Ordu erditik ordu erdira, taldez aldatzen dira umeak. Ordu eta erdian, umeak hiru taldetan bete-betean jardun dira lanean. Izan ere, talde txikietan banatuta daudenez, ez dago denbora galtzerik. Esprint baten moduan, azeleratu egiten dira ikasketak.

Zuen hezkuntza proiektu hainbat lekutan aurkeztu duzue.

Bai, Galizian, Gaztelan, Extremaduran, Katalunian… Leku askotan ibili gara. Errioxan eta Nafarroan ere proiektua ezarri guran dabiltza. Merkatu pedagogikoan hainbat proiektu daude. Hau, ordea, hori baino gehiago da. Proiektu hau ikastetxeko proiektu bat da; gurasoek, herriko kirol eta kultur taldeek zelan parte hartu lortu nahi izaten da, senideek, boluntarioek… Parte hartze hori, betiere, umeei eta emaitza akademikoari begira dago. Geletan elkarrekintzako taldeak antolatu behar dira. Izan ere, umeek euren artean elkarrekintza duten bitartean, ezagutza sortzen dute.

Bizkaiko beste ikastetxeren batek proiektu hori darabil?

Bai, dozena batetik gora daude.

Beste ikastetxeetan zer-nolako jarrera aurkitzen duzue?

Harrituta entzuten gaituzte. Izan ere, ikastetxe askotan ez dago iparra markatzen duen eredu bat. Batzuetan bai: Amara Berri eredua, esaterako. Horiek, baina, %10 dira. Ikas Komunitateak iparra markatzen duen proiektu integrala da, guztien parte hartzea ahalbidetzen duena.

Gurasoek zelan hartzen dute parte?

Sei urtekoen gelan, esaterako, ingelesa lantzera datozen gurasoak dauzkagu. Askok maila akademikoa izan ez arren, ahozko ingelesa lantzeko moduko maila badaukate. Baita etorkinek ere.

Guraso etorkinek ere parte hartzen dute, beraz.

Iaz, esaterako, ipuinen astea antolatu genuen. Guraso etorkin guztiak elkartu genituen, eta euren hizkuntzan ipuinak kontatzeko eskatu genien. Power Pointekin baliatuta, ipuin bat arabieraz, beste bat tibeteraz, beste bat errumanieraz… kontatu zituzten.

Bestalde, zabalduta dago gazteek, oro har, gero eta errespetu txikiagoa dutela. Hala ikusten duzue zuek?

Garai batean, aitak esaten zuena zalantzan jarri gabe bete egin behar izaten zen. Demokratizazio prozesuak gero eta nabarmenagoak dira: bai familian, bai gizartean, edozein taldetan, alderdi politikoetan… Azken 50 urteetan aurrerapauso handia eman da. Etxeetatik kanpo, ikastetxeetan ere gertatu da. Irakasleok ez gara konturatu eskoletan ezin ditugula gauzak inposatu irakasle garelako. Ikastetxeak demokratizatu egin behar dira, eta ikasleak erabakitzeko ahalmena izan behar du, baina benetakoa.

Nola?

Beste bide batzuk aurkitu behar dira ikastetxeetan, ikasleen iritziak ere erabakitzaileak izan daitezen. Gurean, sei eta hamabi urte arteko ikasleen gela bakoitzeko ordezkari bat edo bi elkartzen dira bilera batean. Arazoak, batez ere, DBHn sortzen dira. Ikasleak zenbat eta nagusiago izan, erabakitzeko baliabide eta garrantzi txikiagoa ematen diete irakasleek, eta hori aldatu egin behar da.