Industria hiriak ziren gehienak enpresa hiri bilakatu dira azken hamarkadetan. Bizkaiko hiriburua ere ez da salbuespena izan, nahiz eta aldaketa hori motelago eta beranduago gertatu. “Gure inguruari erreparatuz gero, ohartuko gara hiriek egundoko metamorfosia izan dutela, ekonomia akuilu moduan izan dutelarik. Hiri industriala eraitsi egin dute, eta ekonomia jarduera globalei bidea ireki zaie”, azaldu du aldaketa Merce Cortina i Oriolek. EHUko Ekonomia Aplikatuko irakasleak, Malagako (Espainia) Democracia Real Ya plataformako kide Nicolas Sgugliarekin batera, Bilboko Bilduk antolatutako HAPOa esparru globaletik: hiri industrialetik enpresa hirirako igarobidea eta horren talkak mahai inguruan parte hartu zuen iragan asteko barikuan.
Hiri eredu aldaketa horrek, besteak beste, hiri komunitarioa desagerrarazi duela dio Cortina i Oriolek. “Tokiko gobernuak saiatzen dira dinamika ekonomiko globaletan txertatzen hiria. Bilbo horren adibide garbia da. Hala ere, argi utzi behar dugu Bilboko eredua deitutako hori, hiriaren inguruan marketin irudi bat sortzea, ez dela hemen asmatutako zerbait. Hiri askotan egiten dute”.
Industria krisiaren garaian Europak ekonomia nazioarteko merkatura bideratzea eta hirugarren sektorera begira jartzea eskatzen zuela azaldu du. Cortina i Oriolek 1991ko azterlan bat ekarri du gogora: Bilboaldeko industriaren errolda egin zen. 150 hektarea inguru hartzen zuten 158 industria gune hondatuta zeuden, eta beste horrenbeste, kalifikazioa aldatzeko bidean.
“Produkzio sistema berria indartu zen, eta estatu-nazioak erabaki ahalmena galdu zuen. Sistemak ez du estatuaren beharrik; globalera eta lokalera jotzen du. Hala, eskualde eta udalerriek indarra hartzen dute”. Baina, indar hori ekonomiari begirakoa izango da, haren zerbitzurakoa, politikoa bainoago. Modu horretan, hiria produktu izatera igaro zen: lurzorua, turismoa eta zerbitzuak eskaintzen zituen. Baina hiriek ez dute zerga bilketarako gaitasunik, eta inbertsio pribatua erakarri behar izan zuten.
Cortina i Oriolen esanetan, “kapitalismoak egitura instituzional bat behar du, inguru geografiko batean. Geografia horren —alegia, hiriaren— garapena desorekatua izango da, baina nolabaiteko arautze bat behar du egiturazko koherentziari eusteko. Arautze horrek, gainera, egonkorra baina aldagarria izan behar du aldi berean”. Hiri industriala, bada, lankidetza erakunde publiko-pribatu batek kudeatuko du. “Bilbon hor dugu Bilbao Metropoli 30ren adibidea: publikoak arriskuak bere gain hartzen ditu, eta pribatuak irabaziak jasotzen ditu”.
Hiriak bere burua saldu eta konbentzitu egin behar du, baina ez bakarrik kanpokoak, baita etxekoak ere. Bazter auzoetakoak, adibidez, gustura sentitu behar dute erdigunean bakarrik egiten diren aldaketekin, noizbait eurenera ere iritsiko diren esperantzaz, “nahiz eta urteak igarotakoan ikusi eurenean ez dela halakorik gertatzen”. “Erdiguneak kutsatu dien bakarra etxebizitzen prezioaren igoera izan da”.
Alegia, eredu horrek herritarrak kontrolpean izateko beharra dakar. Testuinguru horretan kokatu du Cortina i Oriolek Bilboko eremu publikoen ordenantza. “Ze ederra den Bilbo! delako marketinak balio ez badu, herritarrak ez baditu konbentzitu, kontrolatu egiten dira eta kito”. Haren irudiko, nahiz eta gero eta gehiago hitz egiten den parte hartzeaz eta herritarren gobernuaz, lankidetza erakunde publiko-pribatu horrek “desdemokratizatu” egin du: “Tokiko gobernua baino gehiago, erregimen urbanoa dela esango nuke. Adibidez, erreparatu Bilbao Ria 2000 erakundeari; Bilboko Udalaz gain, beste erakunde batzuk ere kide dira. Baina, tira, hor dator albiste ona: Azkunak ez du hainbeste agintzen!”. Bilboko alkatearen “kazike jarrera” horrekin bateragarria dela dio.
Publikoaren herri kudeaketa
Nicolas Sguigliak ongi ezagutzen du eredu horrek herritarrei zein eragin dakarkien, Malagan gizarte mugimenduekin lanean baitabil. “Gaur egun ez dago bizitzarik soldatapeko lanetik kanpo. Diru laguntzak eta gutxieneko errentak ere horri lotuta daude”, egin du salaketa. Horren bidez, gainera, gizartearen hierarkizazioa sortzen da, desberdintasunak sortuz errenta eta eskubideei dagokienez: “Errekaren beste aldera joan besterik ez dugu, eta Bilbo Zaharreko auzokideen egoerari erreparatu. Denok omen dugu etxebizitzarako eskubidea, adibidez, baina ezin dugu denok eskuratu”.
Enpresa hiriak honako kalte hauek dakartza, haren ustetan: “Ingurumen harrapakatzea, lurraren pribatizazioa, gehiegizko zorpetzea eta lanaren ustiatze intentsiboa”. Larriena publikoaren pribatizazio basatia iruditzen zaio, baina konponbidea argi du: “Gizarteak kudeatuko duen estatu parte hartzailea berrasmatu behar da, kudeaketa postneoliberala”. Horren adibideak ere aurkitu ditu: Venezuelan estatua 36.000 herri kontseilutan banatu dute, Brasilgo Porto Alegre hirian aurrekontu parte hartzaileak dituzte eta Islandian Internet bidez jasotako ekarpenekin ari dira konstituzio berria osatzen.
Hala, honako eredu hauek proposatu ditu. “Herritarrek kudeatutako gizarte eta kultura zentroak behar ditugu, hedabide kolektiboak… Alegia, ezinbestekoa da denoi dagozkigun kontuak denen artean kudeatzea. Baina, kontuz! Autogestioak aurrekontuen osaketa parte hartzailearekin batera joan behar du”. Biek ala biek, parte hartzerako bideak erabiltzera bultzatu dituzte bilbotarrak, “konfiantza handirik izan gabe”.