Bilduk garraiobideen arteko koordinazioa eskatu du

Bizkaiko garraiobideen arteko koordinazioa beharrezkoa dela deritzote Bizkaiko eta Bilboko Bilduk. Hain zuzen, Bizkaibus, Bilbobus, Metro Bilbao, Renfe, FEVE eta EuskoTren zerbitzuen arteko “koordinazio falta” kritikatu dute. Hori dela eta, batzuk eta besteak koordinatuko dituen garraio zuzendaritza beharrezkoa dela deritzo koalizioak.

Joan den astean Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztu zuen Bizkaibus zerbitzuari buruzko aurreproiektuaren harira egin ditu adierazpenok Bilduk. Hain zuzen, gogora ekarri dutenez, aldundiak Bizkaibusen “egungo mapa aldatu egingo duela iragarri du”. Ondorioz, une egokia deritzo “autobus zerbitzu horrek Bizkaian bete behar dituen funtzioei buruz hausnartzeko”.

Bizkaibusek asmo onak eta hobekuntza ekarri baditu ere, oraindik hobetzeko asko dagoela adierazi dute. Garraio batzuen eta besteen arteko lotura eratu gabe egonik, “eskualde batzuek dituzten mugikortasun arazoak” zaildu egiten direla diote. “Izan ere, badira garraiobide bat baino gehiago erabili behar dituzten bizkaitarrak”.

Aurreproiektuaren gabeziak

Koalizioak azaldu du Bizkaiko Foru Aldundiak aurreikusitako aurreproiektuak jaso dituen aldaketa batzuk hark egindako eskaeretako batzuk direla. Besteak beste, “gaueko zerbitzuak, zerbitzu zuzenak eta ordutegien egokitzapenak”. Hala ere, gabeziak ere antzeman dituzte, eta zenbait zerbitzu kentzeko asmoa kritikatu dute: El Regatokoa, Santurtzikoa, Sopela eta Mungia lotzen dituena eta Bilboko A3216 eta A3521 lineak —Bilbotik Artxandara joan-etorria egiten duena eta Bilbotik Santa Marina ospitalera doana—, esaterako. Azken horrek, gainera, Sarrikue eta Arabella auzoetako bidea egiten duela ekarri dute gogora.

Bilboko linea horiek bere gain hartu beharko ditu Bilbobusek. Hori dela eta, Bilboko Udalari dei egin diote lineok manten ditzan eta ahaleginak egin ditzan Miribilla, Santutxu eta Artatzu Goikoako herritarrek mugikortasuna hobetzeko egin dituzten eskariak betetzeko. Izan ere, koalizioaren ustez, “hiri barruko mugikortasunak ez du zentrorako lotura bakarrik bermatu behar, beste auzoekiko loturak ere erraztu behar ditu. Are gehiago kontuan hartzen badugu auzo horien jende kopuru eta zerbitzuen eskaintza handia”.

Aldundiaren aurreproiektuak eskualde bakoitzeko mugikortasun beharretara egokitu behar direla azpimarratu dute. Bide horretatik, kaltetutako eskualde guztiekin bat eginik, “Bizkaibus zerbitzua hobetzen lagunduko duten alegazioak eta aldarrikapenak” egingo dituztela iragarri dute, eta beste garraiobideekin izan beharreko loturak ere aztertuko dituzte.