Dantzarien eguna

Urte guztiko lanaren erakusgarri izateaz gain, ikuskizun erraldoia eta bateko eta besteko dantzariek elkartuz euren egunaz gozatzeko aukera izaten da dantzarien eguna. Aurten, Ugaon ospatuko dute Bizkaiko Dantzari Eguna, datorren domekan. Bizkaiko Dantzarien Biltzarrean federatuta dauden taldeek hartzen dute parte dantzarien topaketa eta bilerarako gune horretan.

Bertoko folklorearen balioak eta garrantzia haurrei, gurasoei, zaleei eta, oro har, herritar guztiei helarazteko modu bat ere bada. Urtero edozein eskualdetako herri batean ospatzeak, gainera, ekitaldi hori Bizkai osora zabaltzea eta eramatea ahalbidetzen du.

Orotara, 90 talde izango dira ekitaldian parte hartzen: 3.500 dantzari inguru. Guztiak elkarrekin egun berezi horretarako prestatutako dantzak egiten: dantzari dantza osorik egingo dute domekan. Ondoren, Gipuzkoako dantzek hartuko dute lekukoa —agurra, makil txiki eta zinta dantza—. Dantzari txikien eta gaztetxoen eskutik aitzina pika, ostalersa eta hegi ikusteko aukera izango da. Arabako Eltziegoko dantzek jantziko dituzte Ugaoko futbol zelaiko txokoak, katximorro eta guzti. Gorulariak sailaren barruan, domingilo eta arku dantza interpretatuko dituzte. Ostean, berriz ere iritsiko da dantzari txiki eta gaztetxoen txanda: esku dantza, zapatain dantza, Xan Petrike, zazpi jauzi eta txulalai dantzatuko dituzte. Lekeitioko kaxarrankaren seriotasunaren ondoren, larrain dantza egitera aterako dira hala nahi duten dantzari guztiak.

Goizeko emanaldiaren ostean, herri bazkaria izango da dantzarientzat. Bazkalosterako (17:00etan) erromeria prestatu dute udaletxeko plazan, Luhartz taldearekin. Atsedenaldian, larrain dantza, jotak eta bestelakoak dantzatzeko aprobetxatuko dute berriz ere dantzariek.

Egun osoan dantza taldeetarako materiala saltzen duen azoka bat zabalik egongo da. Eta, arratsaldean, umeentzako puzgarriak izango dira.

Aurtengoa 32. Bizkaiko Dantzari Eguna izango da. 1980an egin zuten lehenengoz, eta, orduz geroztik, behin bakarrik geratu da bertan behera. 1983an izan zen, hain zuzen ere: Bizkaiko inguru asko urpean utzi zituzten uholdeek, eta ezin izan zuten herrialdeko dantzarien urteroko jardunaldia antolatu.