Ibai Maruri Bilbao
Arrietan, Bakion, Gamiz-Fikan, Laukizen, Meñakan eta Mungian adikzioei aurre egiteko plan berria dute. Gizarte Zerbitzuen Mungialde Mankomunitateak onartu duen seigarrena da, eta 2026ra bitartean egongo da indarrean. Aurretik, egoeraren diagnostikoa egin dute eskualdean, eta ikusi dute hainbat kontsumok gora egin dutela COVID-19aren izurriaren ondorioz. Bakarne Egia mankomunitateko presidenteak esan du psikofarmakoen kontsumoa handitu egin dela, bereziki andreen artean. Botikariek azaldu dietenez, egun gehien saltzen diren produktuetako bat dira, bai mediku errezeta behar dutenak, bai naturalak. Era berean, ohartarazi diete mina arintzeko gero eta sendagai gogorragoak —estupefazienteak— kontsumitzen direla.
Pandemia urteotan ausazko jokoen, kirol apustuen, sare sozialen eta bideo jokoen erabileraren hazkundeak ere kezka sortzen die mankomunitatekoei. “Ikusi da substantziarik gabeko adikzioak gehitu direla, eta gazte batzuen buruko osasunean pandemiak eragina izan duela; bakartzea, motibazio falta, etorkizunari begira ilusio eta espektatiba falta…”. Gainera, teknikariek kezka agertu dute marihuanaren kontsumoaren normalizazioagatik. “Kontsumoa hedatuta dago helduen artean ere”. Edari energetikoen inguruko ardura ere badute, gazteek —bereziki, mutilek— “gehiegi” edaten dituztelako.
Plan berriak hiru oinarri nagusi ditu: substantzia bidezko adikzioen eta jokabide adikzioen murrizketa eta prebentzioa; osasunaren sustapena eta babes faktoreak indartzea; eta arrisku faktoreak eta jokabideak gutxitzea, baita kontsumo problematikoak ere. “Aurrekoek bezala, honek ere prebentzioaren eta osasunaren aldeko apustua egingo du batez ere”. Legez kanpoko drogen eskuragarritasuna mugatu nahi du plan honekin; baita alkoholaren, tabakoaren eta ausazko jokoen eskuragarritasuna eta erabilera desegokia mugatu ere. Eskolen bidez, ohitura osasungarriak indartu nahi dituzte, kontsumitzen hasteko adina atzeratzeko. Ezinbestekoa iruditzen zaie familiak ahalduntzea, zaurgarritasuna eta arrisku baldintzak murrizteko.
Diagnostikoa egiteko, 442 nerabek eta gaztek hartu zuten parte eskola eremuan egindako azterketan, 2020an: eskualdeko ikastetxe guztietako DBHko lehen mailatik Batxilergoko bigarren mailara artekoek eta Lanbide Heziketako ikasleek. Bestalde, 23 elkarrizketa egin zizkieten mankomunitatea osatzen duten udalerrietako ordezkari politikoei eta teknikariei, baita elkarteen, irakasleen, familien eta osasun, ostalaritza, farmazia eta bestelako arloetako beste profesional batzuen ordezkaritza zabalari ere.
Diagnostikoaren emaitzak Bizkaiko beste edozein eskualdetan lor daitezkeenen antzekoak dira, eta ez dago alde nabarmenik aurreko azterketen emaitzekin alderatuta. “Aspaldian kontsumitzen ez ziren substantzia batzuk berriro agertu dira —adibidez, heroina—, baina gure eskualdean ez dugu sumatu indar handirik daukatenik, eta, oro har, aurreko azterketarekin konparatuz gero, substantzia guztien kontsumoa apur bat murriztu egin da”.
Mungialdean gehien kontsumitzen diren substantziak alkohola, tabakoa, zigarreta elektronikoak eta marihuana dira. Egunero gehien kontsumitzen dena tabakoa da: %3,5ek erretzen dute. Halere, erdiek baino gehiagok ez dute sekula erre, ez ohiko tabakoa, ez zigarreta elektronikoa.
Alkohola da, tabakoarekiko alde handiarekin, gehien kontsumitzen diren substantzietan bigarrena: %1,1ek edaten dute; batez ere, asteburu edo jaietan. Marihuana da hirugarrena:%14,2k kontsumitu du noizbait; %1,1ek, egunero. “Hala ere, Mungialdeko datuak hobeak dira antzeko beste azterlan batzuetan lortutakoak baino”, ohartarazi du Egiak. Bestelako legez kanpoko substantzien kontsumoa askoz txikiagoa da aipatutako horien aldean.
Bingoa eta apustuak
Adikzioa sortzen duten ohiko substantziekin batera, sare sozialen, bideo jokoen, kirol apustuen eta Interneten erabilera ere aztertu dute, azken urteetan pisu handiagoa hartzen ari direlako. Gazteek egunero gehien erabiltzen dituzten sare sozialak WhatsApp, Instagram eta Youtube dira. Gehienek erantzun dutenez, ez dute ausazko jokoetan jokatzen, eta ez dute kirol apusturik egiten. Baina jokatzen dutenen artean, batez ere, bingoan eta kirol apustuetan jokatzen dute: %2,3k eta %2,7k, azken astean, hurrenez hurren. Bideo jokoak askoz gehiago erabiltzen dituzte: gazteen %71,7k jokatu dute noizbait, eta %20k egunero jokatzen dute.