Anbotoren begietatik dator argia

Anbotoren begietatik dator argia

Ibai Maruri Bilbao

Anbotok baditu begi bi: Bentanetan eta Azkilar. Urtean bitan, mendiko zulo bi horietatik eguzkiak kuku egiten dio Arrazolako San Roke ermitari (Atxondo). Hau da, tenpluaren ataritik begiotara begiratuz gero, eguzki izpiak handik sartzen direla ikus daiteke tarte batez. Jazoera bitxi hori domeka honetan gertatuko da. Gerediagak antolatuta, eguzkia Azkilar begia zeharkatzen ikusteko topaketa egingo dute. Jorge Hernandez Bernal astronomoak ikertu du fenomenoa, eta hark gidatuko du saioa.

Hernandez Salamancakoa da (Gaztela eta Leon, Espainia). Orain, EHUn ari da lanean. “Bilbora etorri nintzenean, hemengo lagun bik esan zidaten entzuna zutela Anbotoko begi bik Arrazolako ermita argitzen zutela urtean bitan. Astronomoa naiz, eta fenomeno astronomikoek herrietako kulturetan duten eraginak izugarri erakarri izan nau betidanik. Beraz, ikertzea erabaki nuen”. Gerediagaren 2020ko Astola urtekarian argitaratu zuen emaitza. Urteotan fenomeno hori begi bietako bakoitzean zer egunetan, zer ordutan eta zenbat denboraz ikusi ahal izango den zehaztea lortu du.

Astronomia

Azaldu du kalkuluak egiteko eguzkiaren dinamikari erreparatu behar izan diola; lurraren errotazioari eta translazioari. Urteko momentu bakoitzean eguzkia non egongo den badaki astronomiak. Beraz, Hernandezek San Roke ermitaren eta Anbotoren begi bion kokapen zehatza jakin behar zuen. “Ermitarena erraza da. Bigarrena jakiteko nik ez ditudan tresnak behar nituen”. Espainiako Institutu Geografikoaren hiru dimentsiotako datuak hartu zituen, eta hark egindako argazkiekin alderatu. Esaterako, gauez ere egin zituen, izarren argiek zuloak zelan zeharkatzen zituzten ikusita, zuloen sakontasuna jakiteko. “Datu zehatzak lortu nituen, eta une zehatzak finkatu ditut”. Domeka honetan, berbarako, Azkilar begitik 15:14:10ean pasatuko dira eguzki izpiak, eta 130 segundoz ikusi ahal izango da. Bentanetanetik, martxoaren 11n, ordu bertsuan.

Data, ordu eta iraupenen taulan ikus daitekeenez, aldaketa txikiak daude urtez urte. “Eguzkia ez da puntuala”, ohartarazi du. Azaldu du lurrean kokapena zehazteko latitudea erabiltzen den moduan, zeruan makurdura erabiltzen dela. “Urtean zehar eguzkiaren makurdura aldatuz doa, baina ez du erabat bat egiten egunen iraupenarekin eta egutegi juliotarrarekin. Translazio zikloa ez da zehatz gure urte baten bestekoa; horregatik ditugu bisurteak. Horregatik eguzkia ez da pasatzen begi hauetatik beti ordu eta egun berean”.

Iraupena aldatzeak ere badu azalpena. Giza begiarentzat eguzkia zeruan dagoen disko bat da. “Ilargia eta eguzkia antzera ikusten ditugu, biak gradu bateko diametroa dutela. Horregatik, eklipseetan ilargia gai da eguzkia estaltzeko. Ostera, ermitatik begiratuta, Anbotoren begi biok eguzkia baino txikiagoak dira. Horrek eragiten du eguzkia zuloaren erdigunetik, ezkerrerago edo eskumarago pasatu daitekeela, eta iraupena ezberdina izango da”.

Kasualitatea ala ez

Badira eguzkiak halako egunean halako eliza argitzen duen kasu gehiago; asko oso ezagunak. Horietan fenomeno hori kontuan hartu izan da eraikitzerako orduan. Kasu honetan ere hala da? Hori da Hernandezen ikerketaren beste oinarria. Tamalez, ezin izan du baieztatu. Ez du topatu horri buruzko agiririk.

San Roke ermita da, eta San Gregorioren irudia ere han dago. Jazoera ez da santu horien egunetan gertatzen; ezta Elizaren beste jairen batean ere. Beraz, ez dirudi asmo hori zegoenik. Baina deigarria egin zaio ermita Bentanetan zulora begira eraiki izana. Gainera, argitu du, zuloak txikiak direnez, ez dutela tenplua argitzen: ataritik ikusten da eguzkiaren argia zulotik sartzen. Segundo batzuetako argi printzak dira.