Jatetxeko platerean utzia etxera eroatea gura dute Uribe Kostan

I. Maruri Bilbao

Uribe Kostako Mankomunitateak Etxerako Modukoa izeneko programa jarri du martxan. Helburua da platerean sobratzen den jatekoa zabor ez bihurtzea. Eskualdeko jatetxeentzat sortu duten programa bat da. “Jatetxeek lan handia egiten dute hainbat hondakin frakzioren gaikako bilketan, baina potentziala dute beste batzuen prebentzioan lan egiteko, eta, bereziki, elikagaiak alferrik ez galtzeko”, ohartarazi du mankomunitateko presidente Josu Landaluzek. Gogorarazi du hiri hondakinen artean gehiengoa organikoa dela; horietako asko, elikagaiak.

Datuak eman ditu Landaluzek: Europako Batasunean sortzen diren elikagaien %20 inguru hondatu egiten dira, edo zaborretara bota. Bien bitartean, 33 milioi pertsonak ez daukate bermatuta kalitatezko otordu bat egin ahal izatea. “Bidezkoena” jatekoa ez botatzea dela iruditzen zaie mankomunitateko kideei.

Programan parte hartuko duten jatetxeek teknikarien bisita jasoko dute, nondik norakoak zehatzago azaldu eta programa jatetxe bakoitzari egokitzeko. Haietako bakoitzari baliabide batzuk emango dizkie mankomunitateak: besteak beste, ontzi konpostagarriak, ontzi paperezko poltsak, gomendioak biltzen dituen informazio txartel bat eta establezimenduaren atean jartzeko eranskailua, bezeroen aurrean parte hartzaile gisa identifikatzeko.

Mundu osoko helburua

Landaluzek gogorarazi du mankomunitateak, kide diren udalekin lankidetzan, urteak daramatzala hiri hondakinen prebentzioa, gaikako bilketa eta birziklapena bultzatzen. “Nazio Batuentzat ere lehentasuna da”, esan du, “2030erako Agendan sartu baitu. Agenda horretan, 12. helburuak helburu espezifiko gisa ezartzen du 2030. urterako mundu osoko elikagaien hondakinen kopurua erdira murriztea txikizkako salmentari eta kontsumitzaileen mailari dagokienez, bai eta ekoizpen eta hornidura kateetako elikadura galerak murriztea ere”.