Ana Belen Alberdi Egiluz (Zeberio, 1963) alkate izan arren ez da ezeren buru sentitzen. Hala ere, egunero burua eta herria astintzen ditu: “Ni bozeramailea baino ez naiz; denok sartu gara hemen”. Batzuentzat Zeberioko alkate edo laguna da. Beste batzuentzat, berriz, Gernikako Batzar Etxeko behargina. Hori baitu bere betiko lanbidea.
Irakaslea balitz, ezingo lioke zenbakirik jarri udalean urte batean egindako lanari. Ez da gai sentitzen notarik jartzeko. “Denbora gutxian lan asko egin dugu”, dio. Horren adibidetzat du udalbatzak hilabetero egitea, herritarren partaidetza bermatzeko batzar irekiak antolatzea eta aurrekontuekin foroak osatzea. Alde praktikoari begira ere hainbat behar egin dituzte ia urtebetean. Besteak beste, kontatu du plazaren inguruan kulunkak jarri dituztela, euskara ikastaroak eskaini dituztela eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren menpe zeuden eskola zaharrak udal ondare gisa erregistratu dituztela. Ereduetan ere aldaketa eragin du Alberdi buru den udal gobernuak: “Jaiak orain arte udalak antolatzen zituen. Orain, herritarren bitartez egiten da; haiek arduratzen dira dena atontzeaz”.
Pentsatzen du alkatetza ez dela lau urteko karrera bat. “Luzea da”, aitortu du. Baina oraingoz egunekoa ateratzea esan gura du harentzat. Historia ikasi zuen. Orain, ordea, udaletxeko istorioak ditu apunte. “Udaletxea handia da, eta udala, oso esparru zabala; gauza asko dira niretzat berriak”, aitortu du.
Dena den, udala ez du ikusten erakunde abstraktu moduan, “denen eskura dagoen tresna moduan baizik”. Dena dela, ekonomikoki eta prozedura aldetik mugatuta dagoela dio: “Gu kate luze baten zatitxo bat baino ez gara”.
Alberdi ez dator bat herri txikiek irauteko handien beharra duten teoriarekin: “Errealitate ezberdinak egon behar dira; bakoitzak bere ezaugarriak izan behar ditu. Herri txikia gara, baina ez gara beste herriak baino gutxiago. Gu ez gaude inoren menpe”.
Hainbat udal itota eta larri dabiltzan garaiotan, Alberdik Zeberiokoa ekonomikoki ondo aurkitu du, egoera onean. Baina gaizki antolatuta zegoela iruditzen zaio, hor huts egiten du jasotako herentziak. Bereziki honako kexa hau dauka: “Eginda egon behar zuten gauzek egin barik egon dira”. Horren adibide da zortzi urtean behin egokitu behar diren arau subsidarioen moldaketarik eza: “1988tik berritu gabe daude”, egin du salaketa. Haatik, horiek aldatzea izango du agintaldi honetako helburuetako bat.
Mugikortasuna arazo
Autobusa da Zeberiora heltzeko dagoen garraio publiko bakarra. Egunero, zazpi aldiz pasatzen da bertatik, “baina ordutegi eskasa” daukate. Herritarren mugikortasuna autoaren menpe egotea arazo “larria” iruditzen zaio: “Zeberion bizitzeko denok autoa behar dugu; bakoitzaren beharrizanei erantzuteko, etxe bakoitzean hiru edo lau”. Egoera konpontzeko, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio zuzendariarekin bildu da, baina oraindik ez du erantzunik jaso. “Basauritik metro bat kentzea aski litzateke Zeberion autobus zerbitzua jartzeko. Herriak ezin dira bakartuta bizi, jagon egin behar dira. Garraioa denok dugun eskubidea da. Erakundeek erantzukizuna hartu behar dute beharrizan horiei erantzuteko”, salatu du.
Aurrera begira, batetik, oinezkoek eta bizikletadunek herria zeharkatzeko bide “seguru” bat bereizi nahi du Bilduk. Horretarako, Agenda 21etik diru laguntza jaso dute. “Bestetik, Zeberioko betiko bideak ere proiektu horretan sartu nahi ditugu, asko baitira auzoz auzo galtzen ari direnak”.
Ametsetako Zeberio
Aberatsa balitz, Alberdik Zeberion inbertsio txikiak egingo lituzke. Besteak beste, errekaren ondoan dauden kulunketan zubi txiki bat egingo luke, egun loturarik gabe dagoen lurzoruan ume eta gazteentzako gune bat jartzeko. Pobrea ez izateko, aldiz, dagoena ondo banatu eta erabili behar dela uste du. “Hemen jaio eta bizi garelako dugun zorteaz konturatu beharko genuke. Beste leku batzuekin konparatuta, gu oso aberatsak gara, baina ez gara horretaz jabetzen”.
Etorkizuna irakurtzeko kristalezko bola balu, baserri hutsak gazteentzako alokairuzko etxebizitza gisa ikusi nahiko lituzke: “Gure ondare arkitektonikoa baserriak dira, eta batzuk jauztear daude. Horiek konpontzea bultzatu nahi dugu, horretarako laguntzak eman”. Haatik, baserri hutsen inbentarioa eta egoera zerrendatzen ari dira, inbertsio handia eskatzen ez dutenak bizileku bilakatzeko. “Horrekin baserriak ez erortzea lortuko genuke, eta gazteen eskura etxebizitzak jarri”, azaldu du.
Alkateen botereen ordez sorginenak balitu, nola inbidia hala sentimendu eta asmo txarrak erreko lituzke. Eta euskara, kultura eta euskaldunen balioak lau haizeetara zabaldu. Ez dituenez, ordea, lanean su eta gar jarraituko du, Zeberioren moduko herri txikiak handi bilakatzen.