Santurtzi, itsasotik gertuago

XX. mendeko azken herenean sartu arte, itsasoari erabat lotuta bizi zen Santurtzi. Arrantzaleak Abrako bokaletik itzultzen zirenerako, herriko emakumeak kaian itxaroten zeuden, otarreak bete eta Ibaizabalen gora sardinak salduz Bilboraino joateko. Eguneroko bizimoduak portua zuen ardatz. 1960ko hamarkadan, baina, goia jo zuen baxurako arrantzak, eta gazteek sareak baztertu eta giltzak aukeratu zituzten. Industriak Ezkerralde osoa eraldatu zuen, eta Santurtzi itsasotik aldenduz joan zen gutxika-gutxika.

Gainbehera horren zantzuak arrantzaleen kofradian islatu ziren erarik argienean: portuko sarrera zaintzen duen eraikinak egitura arazo nabarmenekin egin zion harrera mende berriari. Egunotan, ostera, lehengo distira berreskuratzen ari da kofradia, zaharberritze lanak bi urtez luzatu ondoren, ireki egin baitute berriz ere. Hala, Santurtziko arrantzaleak mudantzan murgilduta dabiltza, berritutako eraikinean baitaude euren bulego berriak.

Ohiturak aldatu behar

Hogei urte zituenetik, arrantzalea da Fede Martin, eta, jakinarazi duenez, asteon hasi dira lankideak kofradiako egoitza atontzen. Bulegoez gain, egunean arrantzatutakoa saltzeko gune bat izango dute eraikinaren beheko solairuan. “Orain arte, gurdiekin saltzen aritu gara, portuan, zuzeneko salmenta egiten. Hemendik aurrera, kofradiaren barruan egin beharko dugu”. Izan ere, gaur egungo legediak ez du baimenik ematen arrainak kalean saltzeko. Alta, Martinek ohar bat egin du: “Guk egiten genuena ez zen kalez kaleko salmenta. Gu arrantzaleak gara, eta Santurtziko portuan saltzen dugu, beti egin dugun legez”.

Azaldu du arazoak eragin dizkiela portuan arrainak saltzeak. “Behin baino gehiagotan, udaltzainak zein ertzainak etorri zaizkigu, arrain saltzaileek deitu dietelako”. Salaketak nork ipini dituen argi dauka Martinek: “Herriko arrandegiei min egiten diegu; egunean arrantzatutakoa saltzen dugu, eta haiek baino merkeago, gainera. Guk gehiago irabazten dugu, eta bezeroak ere produktu hobea eramaten du etxera; ez dago bitartekaririk”.

Gogora ekarri du bere garaian sardinerek ere antzeko istiluak izan zituztela. “Desagerrarazi egin zituzten: kalean saltzea debekatu zieten, kalez kaleko salmentatzat hartu baitzuten haien jarduna”. Zenbait urtean euren jardunari “eutsi” arren, sardineren lanbideak utzi egin zion bideragarri izateari. “Tradizioagatik, nolabaiteko baimena eman zieten, baina erretiroa hartuz joan ziren, eta ez zen agertu lekukoa hartuko zuenik”, azaldu du Martinek.

Bestalde, argitu du arrain saltokia oraindik martxan jarri gabe dagoela. “Biltzen ari gara, nola egingo dugun zehazteko. Dena ondo lotuta izan nahi dugu, inor ez dadin etorri traba egitera”. Haren iritziz, kofradian eguneroko jarduna “ez da berdina izango, giroaren aldetik batez ere”. Dena den, uste du eraikinak behar zuela zaharberritzea.

Europatik, buruhausteak

Martinen irudiko, gaur egungo arrantza “oso desberdina” da lanean hasi zen garaikoarekin alderatuta. “Askoz kontrol handiagoa dago: lehen, itsasora irteten ginen, eta ahal genuena arrantzatzen genuen. Orain, berriz, uzten digutena arrantzatzen dugu”. Europako Batasunak harrapaketen kuotak finkatzen ditu, eta horrek kalte egiten dio arrantzaleen jardunari, santurtziarraren ikuspegiaren arabera. Berdelaren kanpaina ipini du adibide gisa: “Lehen, hiru hilabeteko kostera egiten genuen, eta orain bi asterako baimena baino ez digute eman”. Gaineratu duenez, erregaien prezioa “etengabe” ari da gora egiten. “Azkenean, kalkuluak egiten dituzu, eta oso zaila da aurrera jarraitzea”. Udako kanpainan du itxaropena jarrita. Nabarmendu du arrantzan jarraituko dutela, baikor egoteko arrazoi gutxi izanda ere. “Kontuak oker datoz, baina hor gaude, eta egongo gara”.

Bi urteko lana

Egiturazko arazoak zituen arrantzaleen kofradiak, zaharberritze beharrei ekin aurretik. Santurtziko Kultura zinegotzi Danel Bringasek eman du duela bi urteko egoeraren berri. “Hona sartu nintzen lehen egunean, Ricardo [Ituarte, Santurtziko alkatea] eta biok sartu ginen, linternekin, eta nahiko hondatuta zegoen. Eraikinak ozta-ozta eusten zion zutik”, kontatu du.

Haatik, berrikuntza bukatuta, hainbat funtzio beteko ditu kofradiak hemendik aurrera: sotoan, Santurtzi Itsasoa interpretazio zentroa ireki berri dute; beheko solairuan, turismo bulegoa eta arrain saltokia daude; eta, lehen solairuan, enkantea egiteko aretoaz gain, arrantzaleen bulegoak atondu dituzte.

Turismo bulegoari dagokionez, Bringasek nabarmendu du herriko erdigunetik urrunago zegoela kofradiara mugitu aurretik. “Santurtzira etortzen den jende guztia portura dator; hau da herriko erdigunea, eta turismo bulegoak hemen egon behar zuen, ezinbestean”.

Ostera, arrainen salmenta gunea ez da oraindik martxan jarri. Hala ere, Bringasek azaldu du “dena prest” dagoela. Lehen solairuko enkante gela, berriz, leku zabal eta argitsua da. Enkanteen maiztasuna “arrantzaleen esku” dagoela jakinarazi du zinegotziak.

Memoria lantzen

Sotoan dagoen interpretazio zentroa da zaharberritutako kofradiaren harribitxia. Han, bisitariak aukera izango du itsasoaren eta Santurtziren arteko harremana azaltzen duen ibilbide historiko bat egiteko. Bringasek azaldu duenez, museoa osatzeko “dokumentazio lan izugarria” egin dute. “Oso museo bizia da, hemengo jendea kontuan hartu duena”.

Hala, Santurtziko biztanleen esperientziak bildu dituzte Memoriaren Txokoa izeneko gunean: hiru pantailatan, itsasoaren inguruko istorioak ikusi ahal izango ditu bisitariak. Ibilbidea bukatzeko, Santurtziko arrantzaleen, sardineren eta portuaren irudiak biltzen dituen bideo emankizuna dago.

Egitasmo horren bitartez, iraganaren eta etorkizunaren arteko zubia eraiki nahi izan du Santurtziko Udalak. “Kontuan hartu behar da portua dela Santurtziko epizentroa. Pixkanaka, Santurtzi itsasotik urruntzen hasi zen, eta, hori berreskuratu nahian, hau egin dugu: gero eta gehiago begiratzen dugu itsasorantz”.