Natalia Salazar Orbe
Lindanoz kutsatutako milaka tona lur gordeta daude urteetan, Barakaldoko Argalario mendian egin zuten segurtasun biltegian. 2002an itxi zuten biltegia. Itxiera ekitaldi hartan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako Ihobe sozietate publikoak adierazi zuen lindanoz kutsatutako lurren arazoa behin betiko konpondu zutela. Barakaldo Naturalak salatu du hainbat foku atera zirela ondoren ere, Barakaldon bertan eta handik kanpo. Elkarteak esan du segurtasun biltegi bat estankoa izan behar duela, eta Argalariokoak ez duela ezaugarri hori, “gutxienez, 2014az geroztik. Egoera hori nabarmenagoa da euria egiten duenean”. Ihobek elkarteari erantzun dio biltegia segurua dela.
Barakaldo Naturalak oraintsu bisitatu du Argalarioko segurtasun biltegia. Elkarteak adierazi duenez, bisitan bertan esan zieten Argalarioko segurtasun biltegia ez dela hermetikoa. “Are okerragoa: onartu dute ez direla gai irtenbide bat emateko arazo larri horri”. Elkarteak gogora ekarri duenez, Uraren Euskal Agentziak berak baieztatu du gaur egun oraindik legeak ezarritako mugetatik gora agertzen dela lindanoa Castaños eta Galindo ibaietan.
Elkarteak gogoratu du segurtasun biltegia 25 urtez erabil daitekeela. “Eraiki zutenetik hamabi urtera antzeman zen hermetikotasun falta, eta horrek eskumena duen administrazioak erantzun beharreko hainbat zalantza planteatzen ditu. Bi aukera daude: akatsekin eraiki zuten, edo eremuko elementuek eragina izan dute bertan. Besteak beste, malda handiak eta hainbat akuifero dituen ibar bat daude. Horrez gain, faila bat dago segurtasun biltegia eta zabortegia bereizten dituen lurrean”. Elkarteak adierazi du biltegia leku hartan ez egiteko eskatzen zuen herri mugimenduak salatu zituela egoera horiek: “Administrazioak egindako txosten teknikoetan onartzen zuten ez zela leku egokia”.
Argalario mendiko segurtasun biltegia behin-behinean kokatu zuten han. 25 urte ingururako, “konfinatutako lurrak deskontaminatzen zituzten bitartean”, azaldu du Barakaldo Naturalak. “Gaur-gaurkoz, ez dira egiten ari era horretako tratamendurik. Inolako alternatibarik ere ez dute aztertu biltegiaren bizitza erabilgarria bukatzen denerako”.
Barakaldo, “kondenatuta”
Egoera horren aurrean ondorioztatu dutenez, “Barakaldo eguna jarri gabe kondenatu nahi dute akatsak dituen, estankotasunik ez duen, hondakinen deskontaminaziorako tratamendurik ez duen eta bizitza erabilgarria bukatutakoan alternatibarik ez duen biltegi bat izatera”. Gogorarazi dutenez, egin zutenean pentsatu zuten kokapena “ausarkeriaz” erabakitakoa eta “arriskutsua” izan zela. Orain, esan dute egoera hori are arriskutsuagoa dela, Zaldibarko zabortegian gertatutakoari aipamen eginda. “Esan dezakegu ez dela segurtasun biltegi bat, hondakin arriskutsuen zabortegi bat baizik”, ondorioztatu dute.
Ihobek erantzun die segurtasun biltegiari ingurumen kontrol zorrotzak egiten dizkiotela aldiro, eta ez dutela arriskurik sumatzen. Biltegiaren “kudeaketa eta jarraipena bikainak” izaten ari direla esan dute. “Instalazioan arriskuak egon daitezkeela dioten txostenik edo daturik ez dago”.
Eusko Jaurlaritzara atxikitako sozietateak esan duenez, biltegia “erreferente bat da diseinuari eta segurtasun bermeei dagokienez, erabiltzen dituen kalitate kontrolerako sistemen bitartez”.