A. Igartua Aristondo
Arrate Fernandez (Andoain, Gipuzkoa, 1973) zinema zuzendariak Euskal Herriko emakumeen lan merkatuaren azken 40 urteetako erradiografia egin du Gure hots dokumentalean. Askotariko sektore eta belaunalditako andreen lekukotzak jaso ditu, eta mugimendu feministaren lorpenei ere erreparatu die. Zinegoak jaialdiaren barruan emango dute ekoizpena: martxoaren 6an, 12:00etan, Bilborocken.
Zein izan zen Gure hots-en abiapuntua?
Beti sumatu izan dut zailtasuna emakumeen inguruko informazioa lortzeko: ikusten nuen gabezia handia zegoela. Analisi bat egin behar zela iruditu zitzaidan. Diagnostikoa egin ahal izateko, Euskal Herriko lurralde guztiak hartu ditut aintzat, hainbat belaunalditako emakumeen ahotsak, eta lan merkatuko hainbat alorretako lanketa bat egin dut: erradiografia bat da.
Nolakoa izan lan merkatuaren bilakaera?
Lehenik eta behin, 1980ko hamarkadan krisi sakon bat pairatzen ari zen Euskal Herria. Horren adierazgarri da emakume asko lan kontraturik eta Gizarte Segurantzarik gabe zeudela. Gazteagoak unibertsitatean sartzeko aukera izaten hasi ziren.
Nola aldatu zen gero?
1990eko hamarkadan mugimendu sozial handiak zeuden lan munduan, eta arrakala handia sektore eta lanpostu batzuen artean. Unibertsitate ikasketak zituztenek baldintza hobeak zituzten, baina ez zituztenak egoera prekarioan zeuden oraindik. Paraleloki, aipatzen zen emakumeei nola laguntzen zien mugimendu feministak lan munduan.
Eta XXI. mendean?
2000ko hamarkadan, nahiz eta ikasketak eduki, zailtasunak zituzten lan merkatura sartzeko. 2010-2020ko tartean, krisi handi bat egon zen. Lan merkatuan oso aldaketa handiak egon ziren: kontratuen partzialtasun eta irregulartasunak askoz larriagoak ziren. Prekaritatea areagotu zen datu kuantitatiboak eta kualitatiboak begiratuta.
Beste aldagai batzuei ere erreparatu diezu.
Hizkuntzarena izan daiteke beste ondorioetako bat: eskakizunetan aldaketa handiak egon dira. Beste aldagai batzuk dira immigrazioa eta arrazismoa, zeini ez zaion irtenbidea ematen.