Natalia Salazar Orbe
Duela bi urteko urtarrilaren 1ean Galdakaon erroldatuta zeuden 29.427 bizilagunetatik 1.764 Espainiako Estatutik kanpo jaioak ziren. Populazioaren %6ari dagokio datu hori. 1998arekin alderatuta, orduan baino 1.478 migratzaile gehiago daude herrian. Pertsona horien egoera ezagutzeko, azterketa bat egin du udalak. Ikuspegi Immigazioaren Euskal Behatokiak egin ditu ikerketa eta diagnosia. Herrian auzokide izan arren sarritan migratzaileekin elkarbizitzarik ez dela iritzita agindu du azterketa udalak; egoera horri irtenbidea emateko plana osatzeko lehen pausoa da azterlana.
Besteak beste, ikerketak erakutsi du Galdakaoranzko migrazio “fluxuak feminizatuta” daudela: gehiago etortzen dira emakumeak gizonak baino. Feminizazio hori ez da gertatzen Galdakaon bakarrik, Bizkai osoan ere badagoelako. Galdakaoko azterketaren arabera, Nikaragua da gehien feminizaturiko jatorria; haren atzetik daude Paraguai eta Brasil. Beste muturrean, Afrika dago; kontinente hori jatorri dutenengan aurkitu dituzte feminizazio tasarik txikienak.
Datu horrek badu zerikusia emakume migratzaileek egin ohi dituzten lanekin. Hala azaldu du Oier Otxoa de Aspuru Ikuspegiko kideak: “Jatorri atzerritarreko pertsonei euren migrazioaren arrazoien inguruan galdetzen diegunean, gehienetan lana aipatzen dute arrazoi nagusitzat. Jatorri atzerritarreko pertsonak normalean sektore konkretu batzuetan enplegatzen dira, hala nola eraikuntzan, ostalaritzan, nekazaritzan edota etxeko lanetan. Euskal Autonomia Erkidegoan, etxeko lanen eta zaintza lanen sektoreak izan ezik, aipaturiko sektore horiek ez dute pisu handiegirik”. Otxoa de Aspuruk esan du etxeko eta zaintza lanen sektorea tradizionalki emakumeei lotutakoa izan dela, “non emakume latinoamerikarrek euskal lan merkatuan integratzeko aukera bat aurkitzen duten”. Ikerketaren arabera, Galdakaora iritsitako andre gehienek etxeko lanaren eta zaintzaren esparruan aurkitu zuten lana; gizonek, berriz, eraikuntzaren sektorean.
Atzerritar jatorriko ia ikasle guztiek ikastetxe publikoetan ikasten dute. Iaz, %0,6 baino ez zeuden matrikulatuta itunpeko eskolan. Otxoa de Aspuruk azaldu du Bizkaiko —eta Araba eta Gipuzkoako— beste udalerrietan ere gertatzen dela hori. Arrazoiak desberdinak izan daitezkeela esan du: “Batetik, jatorri atzerritarreko pertsonek bertako biztanleriak baino maila sozioekonomiko txikiagoa izaten dute”. Bestetik, aurretik egin izan dituzten beste proiektu batzuetan aipatu dietenez, “batzuetan bertako bizilagunek ere euren seme-alabak itunpeko ikastetxeetara eramaten dituzte, etorkinak diren gurasoek ez dutelako aukerarik izaten seme-alabak ikastetxe horietan matrikulatzeko”.
Herriaren argi-ilunak
Galdakao “bizileku lasaia eta atsegina da, jendetzarik gabea, arkitektonikoki zaindua eta garbia, oinarrizko azpiegiturak dituena eta, bereziki, Bilborekin eta beste udalerriekin komunikatzeko bide egokiak dituena”. Hori nabarmendu dute ikerketan parte hartu duten migratzaileek. Alde ilunagoak ere agertu dira udalerriaren azterketan gehiago sakondu ahala; migratzaileek uste dute “oso udalerri garestia” dela, “dinamika sozial klasista” duela eta “kulturalki kontserbadorea” dela.
Etorkinen euren iritziak eta pertzepzioak jaso ditu azterketak. Hain zuzen, atzerriko jatorria duten eta Galdakaon bizi diren hemeretzi bizilagunekin egin dute berba. Horrez gain, udalerriko etorkinen populazioarekin harremanetan edota lanean diharduten erreferentziazko beste seirekin ere hitz egin dute. Elkarrizketak eta eztabaida taldeak antolatu dituzte informazioa lortzeko.
Ikerketan parte hartu duten bizilagunek zenbait erronka planteatu dituzte. Esaterako, “bizikidetza giro inklusiboa” lortzea, “kulturalki eta sozialki askotarikoak diren populazio sektoreen arteko elkarrekintza bultzatzea eta komunitate bizitza sustatzea, atzerriko jatorriko Galdakaoko biztanleen ekimen propioak eta inplikazioa kontuan hartuta”.
Ikuspegik berak hainbat errealitate identifikatu ditu, eta horiek hobetzeko gomendioak eman ditu. Besteak beste, salatu du hainbat migratzailek gutxiespen arrazistak eta xenofoboak pairatzen dituztela. Horien artean bi talde nabarmendu dituzte: migrazio prozesua bakarrik eta baliabide ekonomiko urriekin egiten duten emakumeak eta komunitate musulmana. Azken talde horri dagokionez, bereziki familia erreferenterik gabeko gazte magrebtarrak aipatu dituzte. Bestalde, behatokiak ondorioztatu du etxebizitza lortzeko zailtasuna “arazo garrantzitsua” dela migratzaileen artean, “aurreiritzi xenofoboek modu larrian eragiten baitie”.
Plazaratu duenez, Galdakaok baditu jatorri atzerritarra dutenei arreta eta laguntza emateko zerbitzu publikoak eta baliabide komunitarioak, baina ez du erakunde koordinatzailerik era eraginkorrean lan egiteko. Premiazkotzat jo dute kultura aniztasuna eta jatorri aniztasuna lantzea herritarren arretarako instantzia guztietan, zerbitzu publiko guztietan tratu egokia eta diskriminaziorik gabea bermatu ahal izateko beti.
Datu horiek eskuan, Galdakaoko Udalak plan zehatz bat lantzeko konpromisoa hartuko duela iragarri du. Immigrazioaren Euskal Behatokiak jakinarazi dituen datu, azterketa eta gomendioak oinarri hartuta osatuko dute plana.