Emakumeen etxea zabaldu berri dute Basaurin: Marienea. Asier Iragorri (Basauri, 1968) Berdintasun zinegotziaren aburuz, emakumeak espazio soziopolitikora bideratzeko tresna izan daiteke.
Emakumeak elkartzeko, hausnarketarako eta jarduerak dinamizatzeko espazio gisa definitu duzue Marienea. Zer da, eta zein helbururekin jaio da?
Emakumeak eta berdintasun arloan lan egiten duten pertsonak —emakumeak zein gizonak— elkartzeko eta euren proiektuak aurrera eramateko gune bat izatea helburu duen etxe bat da.
Zeintzuk dira proiektu horiek?
Etxea bitan banatuta dago. Batetik, udalaren proiektuak daude; bestetik, elkarte edo emakumeen arteko harremanetara bideratutako gelak. Udal proiektuei dagokienez, emakumeen informazio bulegoa eta sexu informaziorako bulegoa daude, esaterako. Orain arte sakabanatuta egon diren bulegoak leku bakarrean bildu ditugu. Jabekuntza eskola ere badaukagu. Baita azken urteetan abiatutako beste proiektu batzuk ere: 1ERA 2KAIN — gazteekin institutuetan egiten dugu— eta Hazi eta Hezi, adibidez.
Marienea mugimendu feministaren aldarrikapen historiko bat izan da. Zein erantzun eman dizuete emakumeek?
Udalean Berdintasun Batzordea daukagu, eta, iaz, gu sartu ginenean, lankidetza kontseilu oso indartsua dagoela ikusi nuen. Emakumeen elkarteak sortutako batzordea da, eta indar handia dauka. Marienearen erroa hor dago: emakumeen lanagatik eta euren burugogortasunagatik heldu gara hona. Hemen emakumeen mugimendua oso nabaria da eta indar handia dauka.
Zein talde elkartzen dira Marienea etxean?
Udalaren zerbitzuez gain, etxearen helburua da Basauriko emakumeen elkarte guztiak bertan batzea. Hori baino gehiago lortu nahi dugu. Elkarteez gain, pertsona bakoitzak parte hartzea nahi dugu. Horretarako, elkarte eragile bat eratu dugu. Berdintasun arloan lan egiten duten pertsona guztien elkargune bat izatea nahi dugu.
Planteamendu horrek zer-nolako erreakzioak eragin ditu?
Joan den astean aurkezpenean ikusi genuenagatik, bikaina. Herrian proiektua zabaltzen ari gara; orain, etxea jardueraz bete behar dugu. Emakumeek proiektu oso baikor gisa ikusi dute. Emakume taldeen jarrera ikusita, oso erraz eta ondo bideratuko da.
Bitxia da Berdintasun arduraduna gizonezko bat izatea. Errezeloren bat sortu al du?
Berdintasun sailean eta batzordean lanean hasi ginetik, emakumeek ez dute inongo arazorik jarri. Beste udal batetik etorritako batek esan zidan bitxia dela. Erantzun nion bitxia izan daitekeela, baina, nire ustez, berdintasuna lortzeko erronkan baldin bagaude, ez lukeela horren bitxia izan behar. Hori bitxia izan ez dadin saiatzen ari naiz.
Equitruke denboraren bankua ere Marienean dago. Martxan hasi berria da. Zer balorazio egiten duzue orain arte izan duen ibilbideari buruz?
Hilabete batzuk daramatza martxan. Proiektua aurkezten ari gara oraingoz. Oso interesgarria da. Gure denbora eskaintzen diogu behar duenari. Arratsaldea libre duenak, esaterako, hala nahi duenari, bere txakurra ateratzeko eskain diezaioke, adibidez. Norberarenaren trukean besteen denbora jasotzen da. Pertsona batek koordinatzen du proiektua, inork ez dezan denbora asko jaso, eta berea eman ez. Funtzionatzen hasi da, baina, oraingoz, eskaintzak baino ez daude. Gutxi batzuk hasi dira kasu egiten. Oraindik proiektua zabaldu egin behar dugu, ezagutarazi, eta ikusarazi ez dela ezer gertatzen. Zoritxarrez, laguntzeko ohitura hori galtzen ari gara, eta mesfidantza sortzen du. Izan ere, askok pentsatzen dute: ‘Nola liteke? Inork ez du ezeren truke laguntzen’. Ba, bai, badago laguntzeko prest dagoen jendea.
Jabekuntza eskola ere hor dago. Zein aukera zabaldu dizkie Basauriko emakumeei?
Urtebete baino ez daramat hemen lanean, etorri berria naiz. Hala ere, ikusi dut jabekuntza eskola eta berdintasun arloan lan egiten duten proiektuak oso onuragarriak direla. Jabekuntza eskolak hainbat ikastaro eta jarduera antolatzen ditu; harrituta geratu naiz: jaien antolakuntza, adiskidetze planak, autodefentsa ikastaroak… Marieneara eramanda, nik uste are gehiago zabalduko dela eta bultzada handia emango zaiola.
Berdintasun politikek kulturarekin lotutako entretenimendu jarduerak sortzen dituzte emakumeentzat edo jarduera soziopolitikoaren alde egiten dute lan, berdintasuna lortzeko bidean?
Denetarik egiten da. Berdintasun arloan denetariko jarduerak antolatzen dira: pintura, gimnastika, yoga… Elkarteek eurek ikusten dute bertako kideek zer eskatzen duten. Ekintza horiez gain, baina, beste eskaintza desberdin batek egon beharko luke: hausnarketa sakon bat gizartearekiko, ekonomia arloan emakumeak zer esan behar duen… Marieneak horren barruan zeresan handia daukala uste dut.
Emakumeen trebakuntza landu nahi dugu. Marienea oso interesgarria izan daiteke hausnarketa hori talde guztien artean egin ahal izateko. Tailerrak oso ondo daude, baina hori baino zerbait gehiago egin nahi dugu berdintasun arloan.
Nahi bai, baina bestelako baliabiderik jartzen ari al zarete zuek horretarako?
Elkarte guztien eragilea izango den beste bat sortu dugu, proiektuak aurrera eramateko. Elkarteen jarduera proposamenak jaso eta baloratu egingo ditu. Jarduera guztien arteko koordinazioa ere egingo du. Eta eztabaidatu egingo da zein proiektu landu behar diren eta zein ez.